Erkiaga-Ibarluzea bikotea hanka onarekin estreinatu da Winter Series txapelketan. B multzoko ustezko bi bikote onenen lehia hartu zuen Gernikako Jai Alai pilotalekuan, Winter Serieseko bigarren partidan. Johan-Lopez bikotea garaitu zuten Ispasterko aurrelari eskarmentudunak eta txapelketa honetan debuta egiten zuen markinarrak.
Hain zuzen ere, zalantza zen ea Ibarluzeak zenbateraino eutsiko ote zuen, bere lehen aldia baitzen torneo handi honetan. Erkiaga aurrean zuela, sendo aritu zen lehen setean eta bigarrengoan egin zuen behera. Nolanahi ere, konfiantza hartzeko partida bikaina jokatu zuen Ibarluzeak. Ispasterko aurrelariak adierazi legez, hiru puntuez gain, «morala» irabazteko balio izan zien demak.
Aurrean zuten bikotea ez zelako nolanahikoa. Duela pare bat aste, txapelketa hasi bezperan, Lekerikan onartu zuen edozein txapelketetan dela faborito Erkiaga. Askoren ustez, egun dagoen aurrelari onena da Ispasterkoa. Bada, atzelariei dagokionez, Lopez dago lehen lerroan eta partidaren atarian, esan daiteke, faboritoago zirela horiak.
Momentuko aurrelari eta atzelari onenaren arteko lehiak, espero legez, ikuskizuna eman zuen. Kasik goraino bete zen Gernikako Jai Alai eta partidaren bukaeran, zutituta agurtu zituzten lau pilotariak.
Hasiera kaskarra izan zuten Biarritzekoak eta Zumaiakoak, 3-0 aurreratu baitziren bizkaitarrak. Maisuki aritu zen Ispasterko aurrelaria lehen joko honetan. Arrosen 15 tantuetatik 9 berak egindakoak izan dira. Hauetako asko ederrak, baina batzuk, benetako harribitxiak: 5-2koa, bederatzi koadrotik botatako hormabikoa; 7-2koa, barrura sahietsez bikain; 10-2koa, bote laster eskumaz sartu eta goitik behera suabe-suabe txapa gainean utzita, mugimendu erabat harmonikoarekin. Atzean, eroso ibili da Ibarluzea set osoan huts bakarra eginda.
15-6 emaitzarekin bukatu zen lehen seta eta nolabait esateko, ezustekoa izan zen hain alde handiarekin gailendu izana. Horiak, baina, hortzak estutu eta bigarren jokoa benetan borrokatua jokatu zuten. Hobeto ibili ziren Johan eta Lopez baina arrosek ez zuten hain azkar amore eman. Emozioz gainezka iritsi da partida azken txanpa honetara. 11-11, 12-12, 13-13 eta 14-14 berdindu dute. Bazirudien Erkiagak eta Ibarluzeak irabaziko zutela seta, agintzen egon baitziren bigarren jokoaren azken tantuan, baina defentsa ona erakutsi zuten horiek. Johanek pilota oso zaila eraman zuen lehenik, Lopezek beste zail bat eraman eta Erkiagak ezin pilota xisteran sartu. 14-15 eta desenpatera.
Azken setean, zortea aldeko izan zuten lehen bi tantuetan Erkiagak eta Ibarluzeak. Pilotak ezker hormako angulua jo, nahigabe zabaldu eta bi kasuetan barruan eman zuen jagia, horien desesperaziorako (2-0). Egoera zailari buelta eman diote, kalitate handiko jokua erakutsiz eta bina berdindu zuten. Lopezen tantu bat tarteko, aurretik ere jarri dira (2-3) baina hortxe geratu ziren, hiru tanto jarraian egin baitzuten arrosek.
Gauzak honela, partida 2 set eta 1 bukatu zenez, 3 puntu Erkiaga-Ibarluzearentzat eta puntu bat Johan eta Lopezentzak.