NAIZ

Euskarari «ospe, bultzada eta ikusgarritasuna» emateagatik saritu dute Jagoba Arrasate

Iruñerriko Komunikabideak Fundazioak ‘Bostekoa Saria’ sortu du eta Jagoba Arrasate izango da lehen sariduna, futboleko ikur izanda, euskaraz normaltasunez jarduteagatik; hots, euskarari «ospe, bultzada eta ikusgarritasuna» emateagatik. Ekitaldia azaroaren 15ean egingo da, Iruñeko Civican aretoan.

Jagoba Arrasate, Taxoaren.
Jagoba Arrasate, Taxoaren. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Iruñerriko Komunikabideak Fundazioak ‘Bostekoa Saria’ sortu du, euskarari «ospe, bultzada eta ikusgarritasuna ematen dizkioten euskaltzaleen jokamoldea eskertzeko». Hala, lehen saria, Jagoba Arrasate Osasunako entrenatzaileari ematea erabaki dute Fundazioko kideek, aho batez. Sari ematea hurrengo azaroaren 15ean izango da, arratsaldeko 19.00etan, Iruñeko Civican aretoan. Ekitaldi horretan, Arrasaterekin solasaldi bat eskaintzeaz gain, musika, irudia eta bertsoa ez dira faltako, antolatzaileek adierazi dutenez.

Ekitaldirako sarrera librea da, aretoa bete arte, eta aurretik izen-ematea egin behar da, IKF fundazioak sortu duen formulario honen bitartez edo komunikazioa@ikf.eus helbidera idatziz.

Saridunaren izanaz

Jagoba Arrasate da ‘Bostekoa Saria’ jasoko duen lehendabiziko euskaltzalea. Osasunako entrenatzaileak euskararekiko daukan jokamoldea saritu nahi izan dute, «ospe, bultzada eta ikusgarritasuna» ematen baitizkio euskarari, gizartean hain eragin handia daukan futboleko ikur izanda. «Pertsona estimatua eta errespetatua, umila eta normala da, hortik gutxi duen futbol munduan», nabarmendu dute.

«Osasuna da nafarrak batzen gaituen sinboloa handienetakoa», aipatu dute fundaziotik, eta Arrasatek, 2018an Osasuna zuzentzeko ardura hartu zuenetik, euskara jarri du erdigunean: «Euskaldun eta euskaltzalea, Iruñera etorri zenetik euskaraz egin du, naturaltasunez: prentsaurrekoetan, ekitaldi publikoetan, ospakizunetan, entrenamendu eta partidetan ere. Bertsozale handia izanik, bertsotan ere ikusi dugu Iruñeko Udaletxe eta Gaztelu plazan, zalez inguraturik...».

«Horregatik erabaki dugu euskaldun izatearen poza eta harrotasuna islatzen duen ‘Bostekoa Saria’ ematea», esan dute.

Sariaren sorrera

Lehen edizioa du ‘Bostekoa Sariak’ eta sortzaileek adierazi dutenez, “bostekoa” adiera «gure ekimena islatzeko esapide egokiena» da. «Bostekoak, izan ere, kideen arteko agurra eta begirunea adierazten du. Bost hitzak, noski, eskuko hatzei egiten die erreferentzia. Bostekoa luzatu, bostekoa eman, ekarzu bosteko hori esamoldeak erabiltzen ditugu. Eskua luzatzea, solas egitea bezala, elkarrekin egiten da, komunitatean. Euskarak batzen gaituen eta begirunea merezi duen hizkuntza da», azaldu dute.

«Zorioneko ere egiten gaitu, milaka nafarrek egunero erabiltzen dutelako hemengo hizkuntza. Guretzat euskara naturaltasunari, zoriontasunari eta harrotasunari dago lotua. Euskaldunak gara… eta harro gaude. Pagotxa da holako kultur altxor bat duen herrian bizitzea», baloratu dute, harrotasunez, fundaziotik.