Larunbatean egin zuten manifestazioa Bilbon, 70.000 lagun inguru bilduz, euskaldunen hizkuntza eskubideen defentsan, eta astearte honetan mobilizazioaren balorazio positiboa egin du Euskalgintzaren Kontseiluak. Idurre Eskisabel idazkari nagusiak «aurreikuspenak gainditu» zituela adierazi du eta eskerrak «maiuskulaz» eman dizkie antolakuntza lanetan ibili diren herritarrei.
Halaber, manifestazioaren ondorengo irakurketan egin bezala, «itun soziopolitiko baten premia» berretsi du Eskisabelek, hizkuntz politiketan sakontzeko. Azaldu du astelehenean bertan ekin ziotela adostasun bilaketari eta Kontseiluaren konpromisoa itun soziopolitikoa bideratzea izango dela adierazi du. Izan ere, «uztai sozio-politikoaren zati handienak» manifestazioarekin bat egin zuen eta ondorengo pausoa hori dela deritzo Kontseiluak: «Euskararen normalizazioa adostasun sozialak ganditzetik eta sakontzetik etorriko da».
Horrez gain, botere judiziala interpelatu du Eskisabelek, hizkuntz eskubideen gaineko gogoeta eta lanketa egin beharko litzatekeela iritzita, «sentsibilizazio eta kontraste lan bat». Erakunde publikoei ere zuzendu zaie, eta galdegin die euskararen normalizazioaren kontrako epaiak datozenean auzibideak «azken bururaino» eramatea, batetik, eta «automurrizketarik gabe» hizkuntz politika ausartak abian jartzea, bestetik. Eragile sozialei eta herritarrei eskatu die euskararen normalizazioa «zeharlerro izan dadila» bakoitzaren jardunetan.
Hain zuzen ere, euskalgintzako eta beste hainbat sektoretako eragileekin elkarlanean ondu dute astearte honetan aurkeztu duten protokoloa, «oldarraldiari tokian toki eta batasunetik erantzutenko tresna».
Protokoloa
‘Oldarraldiaren aurrean hizkuntza-eskubideak babesteko Protokoloa’ izeneko dokumentua aurkeztu dute. Manex Mantxola Kontseiluko koordinatzaileak zehaztu du euskalgintzaren inguruan antolatutako herritarrei zuzendutako tresna dela, «hizkuntza-eskubideen aurkako erasoen aurrean antolatu eta saretzeko balioko duena». Dokumentua Euskalgintzaren Kontseiluaren webgunean dago edonoren eskura.
Mantxolak azaldu du izaera irekia duela protokoloak eta beharren arabera egokituko dutela: «Sutan jarrita probatzen da eltzea». Tresna berriaren xedea erantzunak antolatuta eta saretuta ematea dela azpimarratu dute eta bi kasutan aktibatzea aurreikusten dute: Arau, kontratazio edo deialdi bati hizkuntza-eskubideekin loturiko helegitea jartzen zaionean, kasuari jarraipena egiteko; eta hizkuntza-eskubideen edo euskararen normalizazioaren aurkako sententzia baten berri jasotakoan, erantzuna prestatzeko.
Kontseiluari eman beharko zaio jazotakoaren berri eta eragileekin batera aztertu eta erabakiko dituzte eman beharreko pausoak. Mantxolak azaldu duenez, Kontseilua bera arduratuko da euskalgintzarekin, alderdi politikoekin eta sindikatuekin harremanetan jartzeaz eta beharrezkoak izan daitezkeen euskarri eta baliabideak eskaintzeaz.
Printzipioz herritarrei zuzendutako tresna bada ere, Mantxolak jakitera eman du badaukatela erakundeekin lanketa egiteko asmoa.