NAIZ

Zumarragako 19 urteko gazte bat oso larri dago, Bruselan jipoitua izan ostean

Gertakaria Bruselako Molenbeek auzoan gertatu da.
Gertakaria Bruselako Molenbeek auzoan gertatu da. (https://commons.wikimedia.org/w/index.php?curid=82967827)
Zumarragako 19 urteko gazte bat, Soufyane Elimrani egoera kritikoan dago Bruselako Molenbeek auzoan 30 bat gaztek eraso eta jipoitu ostean, hango komunikabideek jaso dutenez.

Erasoa azaroaren 1ean gertatu zen, eta hezur haustura ugari eragin zituen Soufyaneren aurpegian eta buruan. Horren ondorioz koma egoeran dago.
Gaur egun «bere bizitzaren alde borrokan» ari da zainketa intentsiboetan, RTL kateak adierazi duenez.
Soufyanen familia Marokotik heldu zen Euskal Herrira eta Zumarraga hartu zuten bizitoki.

Espainiako Kontsuletxeko iturriek astearte honetan baieztatu dute albistea, duela ia astebete gertatua.
Beisbol bateekin

Gaztea larri zaurituta aurkitu zuten Beekkanteko metro geltokiaren irteeran, eta bi lekukok RTLri esan zioten 30  pertsona inguru hurbildu zirela eta metalezko objektuekin, beisboleko bateekin edo patineteekin kolpatzen hasi zirela.

Biktimaren osaba batek hedabide horri esan zionez, hilaren 1ean arratsaldean atera zen Soufyane lagunekin futbolean jokatzera, baina ez zen inoiz itzuli.

Erasoa ulertzerik ez dela erantsi du, Soufyane «lagunkoia» delako eta «jende guztiak estimatzen duelako».

Fiskaltzak bere gain hartu du kasua. Belgikako agentziari azaldu dionez, hilaren 1ean, 21.05ak aldera, Brusela Mendebaldeko polizia-zonak dei bat jaso zuen, esanez pertsona bat bide publikoan etzanda zegoela, Edmond Machtens bulebarrean, Beekkanteko metro-geltokitik gertu.

Polizia bertaratu zenean, larrialdi-zerbitzuak lehen arreta ematen ari zitzaion biktimari, larrialdietako unitate mediko baten zain.

Biktimak hainbat zauri zituen buruan eta arnasa hartzeko zailtasunak zituen, eta egoera kritikoan eraman zuten ospitalera. Koma egoeran dago geroztik

Ikerketa zabalik dago oraindik erasoaren nondik norakoak zehazteko, eta, horregatik, Fiskaltzak ziurtatu du ez duela kasu horri buruzko informazio gehiagorik egingo.