NAIZ

Bizkaiko garraio arloan gaixo dauden langileen kontrola handitzen ari direla salatu du LABek

Bizkaiko garraio alorrean bajan dauden langileen kontrola areagotu egin dela eta osasuna pribatizatzeko helburua dagoela salatzeko elkarretaratzea egin du LABek asteazken honetan Bilboko Intermodalean.

Bilboko Intermodalean LABek egin duen elkarretaratzea.
Bilboko Intermodalean LABek egin duen elkarretaratzea. (LAB)

Bizkaiko garraio arloan gaixotasun betengatik bajan diren langileen kontrola handitzeko eta osasuna pribatizatzeko praktikak gaitzetsi ditu asteazken honetan Bilboko Intermodalean LABek. Metro Bilbao, Avanza Durangaldea, Bilbobus eta Euskotreneko ordezkariek parte hartu dute mobilizazioan.

Bajan dauden langileak kontrolatzeko eskubide dute enpresek eta horretarako «diru askoren truke» zerbitzu mediko pribatuak kontratatzen dituzte, arreta hobea ematen dutela argudiatuz. «Asmo on horren atzean, baina, lanera lehenbailehen itzultzea dute helburu. Absentismoa murriztea da lortu nahi dutena, normalean gertakizun arruntengatiko bajei lotutako osagarriak ez ordaintzeko mehatxu eta gezurrekin», azaldu du LABek.

«Enpresek ezin dituzte osasun jarduerarako egokiak ez diren bulegoetara deitzen dituzten langile horien datu pertsonalak eman. Bulego horietan, beren pertzepzioaren arabera baja justifikagarria den edo ez erabakitzen dute, eta enpresari jakinarazten diote langilea noiz itzuliko den lanera. Bada, ez daukate eskumen hori», salatu du LABek.

Langileentzat presioa

Gauzak horrela, LABen arabera, egoera honek presioa dakar langileentzat, proba diagnostikoak edo elementu terapeutikoak aurreratzen zaizkielako eta alta ahalik eta lasterren hartzera behartzen dituztelako.

Honekin batera, praktika honetarako diru publikoa gastatzen dela baina ez dela absentismo maila jaitsi salatu du LABek.

Sindikatuak eman dituen datuen arabera, Bizkaiko garraio alorrean ematen diren bajen arrazoi nagusia gihar eta hezurretako gaixotasunak dira (%25-%35). Bigarrenik, arazo psikosozialekin lotutako kasuak agertzen dira, %15-%25arekin.

«Gero enpresak absentismoaz kexatzen dira eta mediku-poliziak kontratatzen dituzte. Absentismoa murrizteko, baina, beste gauza batzuk egin behar dira: esate baterako, prebentzio egokia, behin-behinekotasunarekin amaitzea, eta abar. Arriskuen ebaluazioari, osasun zaintzari, ergonomiari eta psikosoziologiari arreta handiagoa eman behar zaie», nabarmendu du LABek.