Urtzi Urrutikoetxea

Demokraten artean, zatiketak gora

Joan den asteburuan argitaratutako inkesta batek alarmak piztu ditu AEBetako Alderdi Demokratan. Gazako egoerak alderdi barruan bizi diren sentsibilitateen arteko talka ekarri du. Hauteskunde presidentzialetarako urtebete baino gutxiago falta denean, urduritasuna nagusitzen ari da.

Palestinaren aldeko manifestazioa Washingtonen.
Palestinaren aldeko manifestazioa Washingtonen. (Stefani REYNOLDS)

Etxe Zuritik Kapitolioa ikusten da Pennsylvania etorbidearen amaieran. Joan den larunbatean, dozenaka mila lagunek bete zituzten Washington hiriburuko kale nagusia eta haren ingurumariak. Herrialdean Palestinaren alde inoiz egin den protestarik handienetakoa izan zen. «Su-etena orain» lelo xumea aldarrikatzen zuten batzuek; baina beste batzuen «Ibaitik itsasora, Palestina libre izango da» oihuak kritika handiak piztu  ditu, Israelgo estatua suntsitzea aldarrikatzen duela ulertu baitute askok. Rahida Tlaib jatorri palestinarreko Michigango kongresista demokratak esaldi hori erabili izanak Ganberako ordezkarien haserrea piztu du, baita bere alderdikide demokraten aldetik ere.

Hala ere, Tlaibek gogor salatu du AEBetako Gobernuaren jarrera, eta Joe Bideni genozidioa babestea leporatu dio. Joan den asteartean, AEBetako Ordezkarien Ganberak Tlaib diputatua «zentsuratu» zuen. 232 kidek bozkatu zuten Michigango ordezkariaren aurka, errepublikanoez gain, 22 demokratak ere bat egin zuten palestinar jatorriko alderdikidearen aurkako bozketan.

Su-etenaren eskaerak apalagoa dirudi. Baina demokrata gehienek uko egin diote horri ere, su-etena bi alderen arteko neurria delako. Argudiatzen dutenez, horrek Hamas Israelen neurrian jartzeaz gain, erakunde islamistari berriz armatzeko aukera emango lioke. Bernie Sanders senatari ezkertiarrak Gazaren aurkako Israelen bonbardaketak eta Zisjordanian erabiltzen ari den indarkeria kritikatu ditu, Hamasen erasoen aurrean Estatu juduak bere burua defendatzeko eskubidea duela erantsita.  Edozelan ere, Vermonteko senatariak uko egin dio «su-eten» hitza erabiltzeari, eta «pausa humanitarioa» eskatu du. Horrek nabarmen haserrearazi ditu Sandersen jarraitzaileak; 2016 eta 2020ko primarioetan bultzatzaile izan zituenetako asko kalean protestan ari dira egunotan. Horietako ez gutxi, IfNotNow bezalako judu ezkertiarren taldeen elkarretaratzeetan egon dira Washingtongo Kongresuan zein New Yorkeko Askatasunaren Estatuan.

Errepublikano gehienek itsu-itsuan Israelekin lerratuta jarraitzen duten arren, zatiketa gero eta sakonagoa da demokraten artean.

Manifestari gehienek Joe Bidenen alde bozkatu zuten 2020an. Egun, asko dira Etxe Zuriaren jarrera ofizialarekin oso kritikoak direnak. Egia da urtebete falta dela hauteskundeetarako, eta bozak, AEBetan eta mundu zabalean, etxeko auziek erabakitzen dituztela ia beti, nazioarteko gatazkek baino. Edozelan ere, munduko herrialde gehienetako diasporak daude Estatu Batuetan. Kubari buruz, Etxe Zuriak Floridako kubatar jatorriko komunitatean pentsatu ohi duen gisan, herrialdean bizi diren ia sei milioi juduak eta Israelekiko lobbya ez aztoratzea ere garrantzitsua izan da historikoki presidentearentzat. Oraindik ere judu estatubatuar gehienak demokratak dira. Baina arabiar edo musulman jatorriko estatubatuarrak ere aintzat hartu beharko lituzkete demokratek, boto hori ziurtzat eman gabe.

BBCk agerian uzten du Biden galtzen ari dela Michiganen 2020an garaipena eman zioten botoetako asko. Trump 10 mila botorengatik irabazi zuen estatu horretan 2016an. Bidenek 154 milagatik 2020an. Michiganen 200 mila musulman daude. Arab American Institute-ren arabera, musulman estatubatuarren % 57en botoak izatetik % 17ko babesera pasatu dira demokratak. Gehienak ez dira Trumpen aldera joango, baina baliteke etxean geratzea edo hirugarren indar baten alde bozkatzea. «Gure botoak galdu ditu», dio Michigango komunitate arabiarraren berripaperak.

Inkesta kezkagarriak

Balantza egiten duten swing state-etako bat da Michigan, emaitzak alde batera edo bestera eraman ohi dituzten dozena erdi estatuetako bat. Joan den igandean “New York Times”en inkestak kezka handia piztu du demokraten artean: 2020an Bidenek irabazitako sei estatutatik bostetan Trump aurretik ageri da. Eta estatu horietan irabazi gabe, Etxe Zurira doan bidea itxita dago. Bestalde, izenik zehaztu  gabe, «beste hautagai demokrata» bat nahi duten galdetuz gero jendeari, datuak hobeak dira.

Urtebete falta da, baina hautagaien dantza berehala dator. Urtarrilean hasiko dira primarioak. Errepublikanoen aldean, alde handiz ageri da Trump beste guztien aurretik, dozenaka urteko espetxe zigorra izan lezaketen auzibideak izanda ere. Demokraten artean ez da orain arte Bidenen hautagaitzari serio erronka bota dionik. Baina urduritasuna begi bistakoa da. 2020an Trump kanporatzea zen helburua, eta jende asko bil zitekeen xede horrekin. Abortuaren epaia akuilu garrantzitsua da oraindik, Ohion agerian geratu den legez. Baina 2024an Etxe Zuria eta bertan egindako gestioa defendatzea dagokie demokratei. Eta datuek diotenez, ez dute erraz izango.