NAIZ

‘Egin nirekin ere euskaraz’, euskaldun arrazalizatuen aurreiritziak gainditzeko UEMAren deia

Euskarak kolore asko dituela eta azalaren kolorea askotarikoa izan arren herritar horiek guztiak euskaldunak direla gogoratu nahi du UEMAk kanpaina berrian. Sustraiak beste herrialdeetan izan arren, gurean errotu diren hainbat euskaldunen eskaritik sortu da ekimena.

UEMAk kanpaina berria aurkeztu du ostiral honetan Ibarran.
UEMAk kanpaina berria aurkeztu du ostiral honetan Ibarran. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Euskaldunak dira Arlenys, Haider, Aimar, Aya, Nora, Sefora, Miruna, Randy, Ekhi, Hanna, Anastasia, Andriy, Zunnurain, Lassana, Abdallah, Alaia, Rayan eta Leen, UEMAk Ibarran aurkeztu duen ‘Egin nirekin ere euskaraz!’ kanpainari aurpegia jarri dioten lagunak.

Senegalen, Dominikar Errepublikan, Saharan, Pakistanen, Ukrainan, Marokon, Ekuadorren eta Euskal Herrian jaio dira, besteak beste. Bizi, berriz, Ondarroan, Leitzan, Ibarran, Zestoan eta Zaldibian bizi dira, baina gainerako udalerri euskaldunetan ere badira beste dozenaka Abdallah, Leen eta Arlenys, zorionez.

Urdua, arabiera, mandinga, kitxua, ukrainera, gaztelania edota euskara jaso dute etxean. Euskara, zehazki, lehen hizkuntza da batzuentzat, bigarrena besteentzat, eta baita hirugarrena ere zenbaitentzat. Hala ere, euskaraz aritzen dira eskolan eta lagunartean.

Askotan, ordea, azalaren koloreagatik, aurreiritziengatik edota auskalo zergatik erdaraz hitz egiten diete gainerako herritarrek. Eta ez zaie gustatzen. Euskaldunak direlako.

«Zubia ukatzen digute»

Kanpainako bideoetan hala adierazi dute protagonistek: «Badakigu euskara dela zubirik ederrena, eta euskara ukatzen diguten bakoitzean zubia ere ukatzen zaigu».

Horregatik, beraiekin ere euskaraz egiteko eskatu nahi izan diete gainerako herritarrei. «Euskara ukatzen digutenean, bertakoa izatea eta sentitzea ere ukatzen digute, nahi gabe izan arren».

Kanpainari ahotsa eta irudia jarri dioten 16 gazteen izenean, Aimar Toma, Anastasia Tsera eta Andriy Tsera ikasleak izan dira ostiral honetako ekitaldian. Sustraiak errumanian ditu eta errumaniera du lehen hizkuntza Zaldibian bizi den Tomak. Anastasia Tsera eta Andriy Tsera, berriz, ukrainarrak dira, ukrainera dute lehen hizkuntza, eta Ibarran bizi dira.

Tserak hala azaldu du: «Nire larruan bizi izan dut errealitate hau. Ukrainan jaio arren, Ibarran errotutako euskalduna naiz. Askotan, ordea, jendea gaztelaniaz hasten zait hitz egiten. Leku askotan gertatzen da: herriko dendetan, autobusean, kalean... Euskara ukatzen digutenean, zeharka, ez garela hemengoak esaten digute, eta ez zait batere gustatzen».

Aurreiritzien indarra

Aurkezpenean izan dira Martin Aramendi UEMAko lehendakaria, Nagore Zubillaga Ibarrako zinegotzia, Eider Amundarain Zaldibiako Lardizabal herri eskolako zuzendaria eta Aitor Bengoa Ibarrako Uzturpe ikastolako zuzendaria ere.

Aramendik esplikatu du kanpaina honen abiapuntuan Zaldibian hasi zen ‘Kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan’ egitasmoa dagoela. «Bertako ikasleen herena kanpoko herrietatik etorritako gurasoen seme-alabak dira, eta eskolak behar handia ikusi zuen horien gurasoengana heltzeko, haien kulturak errespetatuz, baina euskara erdigunean jartzeko beharra ere nabarmenduz».

Egitasmoa beste hainbat herritara zabaldu dute azken bi ikasturteotan, eta egundoko eragina eta oihartzuna izaten ari da.

Hala ere, oraindik, herri batzuetatik kezkaz esaten diete aurreiritziek indar handia dutela, eta etorri berrien seme-alabei, askotan, gazteleraz egiten dietela herritarrek, euskaraz jakin arren.

Kanpainaren irudietan ikasleak agertzen diren arren, euskara ikasi duten heldu askok ere eskatzen dute euskaraz egiteko mesedez. Hori nabarmendu nahi dute, euskaraz egiteko gogoa dutela eta horretarako aukera eman behar diegula herritar guztiei.

Ildo berean mintzatu da Zubillaga ere: «Ibarrara etorri diren eta Ibarran errotu diren herritar asko ditugu hemen. Horietako hainbaten seme-alabak dagoeneko Ibarran jaiotakoak dira. Baina oraindik ere, askotan, aurreiritziak dituzte herritarrek horien inguruan, eta horiei aurre egin nahi diegu».

Amundarianek kontatu du aurreiritzi horiei erantzuteko beharra ikusi zutelako jo zutela UEMAra, zerbait egiteko beharra aipatuta, Zaldibian bezala beste hainbat herritan ere egoera bera bizi zutelako euskaldun askok.

Amundarainen hitzak berretsi ditu Bengoak ere: «UEMAk kanpaina honetan parte hartzeko gonbidapena egin zigunean, egokia iruditu zitzaigun, ikastolan errealitate hori badaukagulako. Beraz, bat egin dugu».