Iosu Osteriz Aranguren adiskidea joan zaigu, gaitzaldi luze eta gogorraren ondoren. Arina izan bekizu lurra, lagun!
Balio errepublikarrak, laizismoa eta eskubide zibil guztien defentsa irmoa beti lehentsi eta gogoratzen zituen borrokalari politikoa izan zen. Frankismoaren garaiko erresistentzia anitz eta ezberdinaren lekukotasuna utzi digu ANV historikoaren ekintzen kontakizuna utzita.
1979an Herri Batasuna sortu eta, nahiz legeztapena ukatu egin ziguten, hautesle zerrenda moduan aurkeztu ahal izan genuen, horretarako behar ziren milaka sinadurak bilduta; eta gero, lau urteko elkarlana burutu genuen Iruñeko udalean.
Ez ziren garai errazak izan orduko haiek ere; adibidez, 1978an hautsita gelditutako Sanferminak berreskuratzea genuen lehen asmo eta premiatzat; eta, horrexegatik, ez genituen laizismoaren eskakizunak azken muturreraino eta sakonki eutsi, Osterizek behin baino gehiagotan gogoarazi izan zigu bezala. Agian oraingo egoerak berrikuspen bat eskatzen du politikaren folklore itxurako jokabide askotan.
Betiere, ANV historikoaren kondairak Ezker Abertzalearen eraikuntzari egin zion ekarpenik garrantzitsuena zera da, aldarrikapen sozialei eskubide zibilen, laizismoaren eta errezpublikaren balioak gehitzea ezinbestekoa dela azpimarratzea.