Arnaitz Gorriti

Denbora osoan aurretik eutsita, Zubizarretak jantzi du kaiolako Promozioko txapela (21-22)

Egiguren V.ak bere laugarren finala galdu du, baina etsi gabe azkenera arte lanean jarraitu du, eta 21na berdindu ostean bere aukera izan du. Alabaina, une erabakigarrietan Ataungo pilotariak gehiago asmatu du eta duela bi urte final hau galdu arren, txapela jantzi du azkenean (21-22).

Biek ere garaipena merezi izan arren, azkenean Iraitz zubizarretak jantzi du txapela.
Biek ere garaipena merezi izan arren, azkenean Iraitz zubizarretak jantzi du txapela. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ordubete eta 300 pilotakadatik gora behar izan ditu Iraitz Zubizarretak, baina lortu du Lau eta Erdiko Promozioko finala eramatea. Duela bi urte Joanes Bakaikoaren aurka galdu eta gero, larunbat honetan beti aurretik izan da Ataungo pilotaria, baina hasieran izan duen aldea erabat jan dio azken aldera Julen Egigurenek. Azpeitiarrak lan handia egin du neurketa 21na berdintzeko, baina bere laugarren finalean ere ezin izan du 22ra iritsi, azken tanto gogor eta nekagarri horretan bere aukera izan badu ere.

«Zeruan nago, zer esan dezaket besterik? Oso gogorra izan da eta asko sufritu dut irabazteko. Hasieran fresko nengoen eta errematean ondo, baina tanto gogor baten ondoren buelta ematea kosta zait eta tentsioa dela-eta, oso nekatuta iritsi naiz azkenerako. Gero, urduritasun handia eta tentsioa, edozeinen alde erori zitekeen azken tantoa, baina tira, txapela etxera», laburbildu du Iraitz Zubizarretak finala, bi besoak gora eta lurrean zilipurdika ospatu eta gero azken tantoa, tentsioak erabat lotuta jokatu baitute pilotari biek.

Promozio Txapelketa honetan akaso Zubizarreta bera izan da onena eta erregularrena, eta egiari zor, Ataundarrak berehala hartu du aldea, Egigurenek aurreneko sakea izan arren kale egin baitu ezkerrez. Hala, Zubizarretak erasoan eta haizea alde gaitasun handia duela laster utzi du agerian. Ez du asko behar izan Egigurenek ere bere aurreneko tantoak sartzeko, baina Zubizarretak eraman du jokoaren eta markagailuaren ekimena eta 2-3raino hurbildu bada ere azpeitiarra, ataundarrak aitaren batean ireki du aldea berriz ere. Ondorioz, markagailua 2-6 dela, Egiguren V.ari kanpora alde egin dion ezker gantxoaren ostean, Iker Egiguren botilero eta anaiak ezinbestean hutsartea eskatu behar izan du.

Lau eta erditik atzera hanka egin dio pilotak Zubizarretari atsedenaldiaren osteko tantoan, baina Egigurenek sakea laburregi atera du hurrengoan eta hala, beste tanto bolada bat kateatu ahal izan du ataundarrak. Izan ere, sakeari esker jokoa menpean hartu baitu Zubizarretak, baina Egigurenek tantoa bere alde ipintzeko abagunea izan duenetan ere, ez du asmatu.

Horiek hala, 3-10eraino joan da Zubizarreta III.a, eta eskerrak Egigurenentzat; inola ere tantoa ezin asmatuta aritu da hurrengo tantoan, Zubizarreta airean erabili badu ere. Azkenean, nolanahi, ataundarrak berak egin du huts, tantoa amaitzeko aukera ikusi duenean errematea txapapera joan baitzaio.

Egiguren finalera iritsi da

Egigurenek arnasa hartu ahal izan du tanto horren ostean. Sakez ere gehiago asmatzen hasi da eta eskuinez gozatzen lanak iuzan baidtu ere, ezkerrez ondo baino hobeto moldatu da tanto polit pare bat amaitzeko, airez batez ere. Zubizarretak berak ere espero baino pilotaren bat gehiago galdu du, nahiz eta aurreneko atseden luzera alde politarekin iritsi den: 8-12, pilotari azpeitiarrak horma-bikoa txapara bota eta gero.

Mesede ederra egin dio Egigureni atsedenaldi luze honek. Jokoaren ekimena bere egiten hasi da eta, hala, baita eskuinez gehiago gozatzen ere. Ondorioz, berriz ere gainera etorri da markagailuan azpeitiarra, 12-13 hurbildu arte. Alabaina, Zubizarretak hurrengo tantoa bere aldera ekartzea lortu du eta baita Egigurenen hutsa behartu ere. «Sakea berreskuratu eta ziur bolada ona etorriko zaikela!», esan dio Aimar Zaldua botileroak ataundarrari.

Baita asmatu ere. Egigurenek sakea berreskuratzeko aukerarik izan du, baina bi-hormakoetan ez dio batere minik eman eta kontraerasoan berriz ere aldea zabaltzea lortu du. Nolanahi, 13-16koarekin azpeitiarrak sakea berreskuratu du. Eta hurrengo tantoan, airez egindako bi-hormakoari esker, 14-16 jarri da. Hala, Zubizarretak atsedenaldia eskatu du, aurkariaren erritmoa eta bolada eten nahian izan bada ere.

Azken txanpa

Berriz ere berdinketa lortzear izan da Egiguren, baina txapara joan zaio ezker gantxoa azpeitiarrari, Zubizarretaren zorionerako. Are eta zoriontsuago izango zen hurrengo tantoaren ostean, ezker gantxoa txokoan ederki asko laga baitu, Egiguren erabat engainatu ostean. Bada, 15-18koarekin, azken atsedenaldi luzera sakea alde duela iritsi da ataundarra, Lau eta Erdiko Promozio Txapelketako finalaren azken txanpari ekiteko.

Baina hurrengo tantoan pilota ezker hormara itsatsi zaio Zubizarretari eta ezin izan du atera. Hala, beste aukera bat azaldu zaio muturren aurrean Egigureni, partida behingoan berdindu eta buelta emateko. 17-18raino hurbildu da azpeitiarra, baina berriz ere barkatu du, ezkerrez pilota txapara beste behin botata.

Ezker gantxo bikain bati esker –zabaletik zabalagora– 17-20koa ezarri du Zubizarretak; alde handia eta ia erabakigarria, buelta handiagorik ikusita ez bageunde; are gehiago Egigurenek ezker airez txokoan 18. tantoa lortu duenean. Eta hurrengo tantoan, berriz, ezker gantxoa zabalera 19-20koa ezartzeko. «Orain duk momentua!», bota dio anaia botileroak Egiguren V.ari.

Baina Zubizarretaren errestoa doi-doi iritsi da frontisera eta gainbera ezker horman sartu da eta, hala, berdinketarik lortzeke behera erori zaio Egigureni. Alabaina, sakea luzeegi aterata falta egin du Zubizarretak, txapela irabazteko aurreneko aukera alperrik galduz. eta halakoren baten, ezker airez luze txokoan jota, berdindu du finala Egigurenek, neurketa 21na berdintzea, alegia.

Norbaiten alde erori behar, eta azken tantoa ere urdin erori da. Hasieran tantoa Egigurenek menpean izan badu ere, ez du errematean asmatu eta Zubizarretak, urduritasunak lotuta jokatu badu ere, ezker eta eskuin mugitu du bere aurkaria eta azkenean, ezker gantxoa gurutzatuta, zabalean hogeita bigarrena erdietsi du, eta datorren urteko Lau eta Erdiooan goerengo mailan lekua egitea lortu du ere.

Artolaren erakustaldia

Promozio mailako finalaren aurretik Artola eta Albisuk airean irabazi diet Elezkano II.a eta Rezustari, 8-22, eta aipagarria izan da Alegiako aurrelariaren erakustaldia.

Ostiralean bertan Baiko enpresak aurrelari gipuzkoarra Binakako Txapelketarako aurrelarien artean aukeratu eta 24 ordu baino lehen, sasoian dagoela erakutsi du. Orotara 13 tanto egin ditu Alegiakoak, horietatik 12 airez, eta bi baino ez ditu galdu, aurrean zuloa erraz ikusiz eta egundoko inspirazioa erakutsita.

«Errematean konfiantzaz sentitu naiz eta gauzak erraz atera zaizkit. Kontratu berria sinatuta ere, inoiz baino pilota gogoz nago eta Binakako Txapelketan sartuta ere, ilusio handia pizten dit honek guztiak», adierazi du Artolak.

FITXA TEKNIKOA

Iraupena: 60.21 minutu.

Sakeak: 2 eta falta 1 Egigurenek eta 1 zein falta 1 Zubizarretak.

Egindako tantoak: 11 Egigurenek eta 12 Zubizarretak.

Hutsegiteak: 8 Egigurenek eta 7 Zubizarretak.

Markagailua: 0-1, 0-3, 1-3, 2-3, 2-6, 3-6, 3-7, 3-10, 4-10, 7-10, 7-11, 8-11, 8-12, 8-13, 12-13, 12-14, 12-16, 13-16, 15-16, 15-17, 15-18, 17-18, 17-19, 17-20, 19-20, 19-21, 21-21, 21-22.

Gorabeherak: Lau eta Erdiko Promozio Txapelketako finala Tolosako Beotibar pilotalekuan. Aurreneko sakea, gorri. Egigurenen botileroa Iker Egiguren anaia izan da eta Zubizarretarena, Aimar Zaldua. Ikusleen artean hainbat pilotari izan dira, Ander Imaz, Jon Ander Peña edo Erik Jaka, esaterako.