Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Parisko Olinpiar Jokoak eta hipokrisiaren podiuma

Parisen iraganen diren Olinpiar Jokoentzat 300 egun baino gutxiago falta direlarik heldu dio Senatuak, alde batetik, atzerritarrak kanporatzeko prozedurak arintzeari, eta bestetik, enpresen beharren arabera horien kontratazioa erraztea xerkatzen duen egitasmoaren eztabaidari.

Batez beste bi urtean behin bere migrazio arauak tenkatzeko hautua egiten duen herrialdean, gero eta zailagoa izanen da, ordea, testuinguru zehatz bati bizkarreratzea eguneroko paisaia zipriztintzen duen hautu politikoaren ardura. Azkeneko hiru urteetan Hendaia eta Irun lotzen dituen oinezkoentzako pasabidea itxita atxiki duen Estatuak agerian jarri baitu segurtasuna helburu izatetik politikaren ardatz iraunkor nagusia izatera pasatu dela aspaldian.

Terrorismoa, pandemia, migrazioa, munduko Errugbi Txapelketa... argudiaketa hornitzeko orduan aparteko arazorik ez du ukan Parisek. Migrazioaren aurkako legedia gogortzeko ekimen legegilea eztabaidaren atarian ireki dute; ordea, Euskal Herrian, oraindik ere, hetsiak ziren lau pasabide. Hainbeste denbora itxaron eta gero, ez al da harrigarria erabaki hori gauzatzeko aukeratutako tempo zehatza? Bai, agian, segurtasuna helburu soila balitz; segurtasuna politika orokor baten geruza bat bezala ulertzen bada, ez.

Dares ikerketa eta estatistiken zentroaren arabera, etxeko lanetan jarduten duten langileen %40 jatorriz atzerritarrak dira, eta kasu askotan paperik gabe aritzen dira. Lorategietan edo eraikinen zaintza lanetan ibiltzen diren langileen %30 bezala. Ostalaritzan %40 dira, eta eraikuntza alorreko kualifikazio apaleko ofizioei erreparatuz gero, plantillaren %17. Barne Ministerioa eta Lan Ministerioa elkarlanean ari dira oraingo honetan migrazioaren gaineko arau berriak sustatzeko lanetan. Olivier Dussopt eta Gerald Darmanin txanponaren bi aldeak dira.

Hirugarren artikulua izan da ika-mika handiena sortu duen artikulua. Izan ere, puntu gehienetan bezala, eskuinak eta zentroak botoak batu dituzte proiektuaren alderik leunenak ere gogortzeko. Eta Darmaninek ez dio aurre egin proiektua Asanblea Nazionalera itxuraldatuta bidaltzeko haien asmoari. Ultraeskuinaren bultzadapean, baina konbikzioz jokatu du Errepublikanoak (LR ) alderdiak, milaka herritarren bizitza oraindik ere latzagoa bilaka dezakeen plana gehiago gogortu nahian.

Olinpiar Jokoen gaineko mezu betegarriak hedatzen ari dira, pitinka bada ere, Hexagonoko hedabideetan. Hori litzateke migrazioaren aurkako egitasmoaren testuinguru zehatza. Alta, mundu mailako kirol hitzordu horren atzeko patioan agertzen diren interes ekonomikoei buruzko auziak, ez soilik ilunean eginiko lan esklaboa, argitara eramatea ezinbestekoa da.

Ororen gainean, legearen eztabaidak hipokrisia podiumera eraman du. Hiru urtez paperik gabe iraun ondoren gutxienez zortzi hilabetetan eskubiderik gabe lan egin dutenei urtebeteko lan baimena eskaintzea proposatzen zuen Gobernuak. Tentsiopeko sektoreetara mugatutako erregularizazio horri trabak jarri, osasun babesa kendu, eta lurralde eskubidea zalantzan jartzeko urratsa egin dute Senatuan agintzen duten errepublikanoek. Jauzi hirukoitz olinpikoa. •