NAIZ

«Aliantza feministen» garrantzia nabarmendu dute Emakundeko Aholku Batzordearen 25. urtemugan

Astelehen honetan Gasteizen burutu da Emakundeko Aholku Batzordeak 25 urte bete dituela ospatzeko jardunaldia. «Aliantzak» sortzearen garrantziaz, batzordearen ibilbideaz eta egindako lanaz hausnarketa egin dute eta beste elkarte batzuk parte hartzera deitu dituzte.

Emakundeko Aholku Batzordearen mende laurdena ospatzeko jardunaldia egin dute Gasteizen.
Emakundeko Aholku Batzordearen mende laurdena ospatzeko jardunaldia egin dute Gasteizen. (IREKIA)

Emakundeko Aholku Batzordearen 25. urteurrena ospatzeko jardunaldian elkarteen arteko «aliantza feministak sortzearen garrantzian» sakondu dute, «politika publikoetan eragina izango duen elkarrizketa sortzeko». Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elkarteetako ordezkariek nabarmendu dute hau.

Lakuako Gobernuak ohar batean laburbildu duenez, «Emakunderen Aholku Batzordea erreferentziazko gunea da EAEn berdintasunerako politika publikoak garatzeko elkarrizketa soziopolitikorako eta emakumeen elkarteek erakundearekin komunikatzeko duten bidea da».

Gasteizen egindako jardunaldietan Nerea Melgosa Berdintasun sailburuak elkarte-mugimenduak emakumeen eskubideak sortzeko eta finkatzeko egiten duen lana nabarmendu du. Bere hitzetan, Aholku Batzordearen ibilbidea eta Emakunderekin eta berdintasun politikekin izan duen harremana «ez da estatikoa izan, baizik eta Euskadin mugimendu feministak eta emakumeen elkarteek eta berdintasun-politika publikoek izan duten bilakaerarekin paraleloan eboluzionatu du».

25 urte hauetako lana ikusarazteaz eta prozesuaren memoria soziala egiteaz gain, beste elkarte batzuk Aholku Batzordean parte hartzera motibatzea izan da jardunaldiaren helburua, «erreleboen kudeaketa eraginkorra» egin ahal izateko.

Jardunaldiaren azken zatian, Miren Elgarrestak Emakundeko Zuzendaritza Kontseiluko elkarteen ordezkari Yolanda Baronarekin hizketan, honakoa azpimarratu du: «Emakunde emakumeen elkarteek egiten dituzten proposamenak bere egiten saiatzen da, eta proposamen horiek baliabideekin babesten, dirulaguntzetatik haratago doan babesarekin».