NAIZ

Busturialdeko hamaika udalerrik garraio zerbitzua hobetzea eskatuko diote Aldundiari

Ajangiz, Arratzu, Ea, Elantxobe, Ereño, Gautegiz Arteaga, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Nabarniz eta Sukarrietako alkateek beraien udalerrietako garraio publikoaren zerbitzua hobetzeko proposamenak partekatzeko bildu ziren ostiralean. Aldundiko Garraio Sailarekin bilduko dira abendua baino lehen.

Busturialdeako 11 alkatek bilera egin zuten garraio publikoan hobekuntzak erabakitzeko.
Busturialdeako 11 alkatek bilera egin zuten garraio publikoan hobekuntzak erabakitzeko. (Busturialdea-Urdaibaiko Udalak)

Busturialdea-Urdaibai eskualdeko hamaika udalerritako alkateek lan bilera egin zuten joan den ostiralean udalerri bakoitzeko garraio publikoa hobetzeko beharrak aztertzeko eta proposamenak egiteko, azaroa amaitu baino lehen Bizkaiko Foru Aldunduko Garraio Sailarekin izango duten bilerari begira.

Ajangiz, Arratzu, Ea, Elantxobe, Ereño, Gautegiz Arteaga, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Nabarniz eta Sukarrietako alkateak bildu ziren.

Ohar batean azaldu dutenez, udalerri bakoitzak bere «arazo propioak» ditu, baina guztien arteko ezaugarri komun bat ere bai: «Herrietako garraio publikoaren zerbitzua ez da nahikoa, eta ez deutse erantzuten urte osoan bertan bizi diran biztanleen beharrei».

Hortaz, eta «mugikortasuna bizi-kalidadearen faktore garrantzisua dakako», herritarrentzat garraio zerbitzu «egokia» lortu nahi dute. Mugikortasun jasangarria sustatzea ere dute helburu, ibilgailu pribatua ezinbestekoa izatea «ahalik eta gehien saihestu» nahi baitute.

Gainera, herri txikietan biztanleria mantentzea eta sendotzea udalen «funtsezko helburua» dela diote, eta horretarako mugikortasuna «faktore erabakigarria» dela uste dute.

«Herritar askorentzat autoa ezinbestekoa da mugitzeko. Geure herrientzako etorkizuna hobetu gura dogu. Gure seme-alabek, gazteek, adinekoek eta guztiok garraio publikoan bidaiatu ahal izatea gura dogu, autoagaz bidaia ugari egin behar barik, ikastetxeetara, ospitalera, funtsezko beste zerbitzu batzuetara, autoa egunean 2 edo 3 aldiz hartzeak dakartzan deserosotasunekaz, beharrezkoa dan edozein gauzatarako, eguneroko bizitzan, karbono aztarna handitzeaz gain, klima aldaketa geldiaraztea funtsezko helburua dan une honetan», argudiatu dute udaletako ordezkariek.

Salatzen dutenez, herri askotan ez dago zerbitzurik asteburuetan eta ibilbidetik urrun dauden auzoetan «udalek ahal daben neurrian eskaintzen deutseez zerbitzuak». Udan, bestalde, hondartzetako zerbitzuetako autobusak beteta ateratzen direnez jatorrizko geltokietatik, tartean dagoen jendea zerbitzurik gabe geratzen dela salatzen dute.

Udal ordezkariak ziur dagoz modu positiboan erantzungo deutseela», adierazi dute, «euren helburuak bat datozelako oraintsu aurkeztutako Bizkaiko Foru Aldundiaren Bizkaia Denontzat Legealdiko Planaren garraio publikoa garatzeko 2027 Estrategiagaz».