Ion Salgado

EH Bilduko alkateen deia larunbatean Bilboko manifestazioan parte hartzeko: «Nazioa gara!»

EH Bilduko zenbait alkate Gasteizen izan dira astearte honetan, larunbatean Bilbon izango den manifestazioan parte hartzera deitzeko euskal herritarrei. «Argi daukagu: nazioa gara eta eskubideak dituen nazioa gara. Zer izan nahi duen eta nola antolatu nahi den erabaki nahi duen nazio bat gara».

EH Bilduko alkateek Gasteizen egin duten agerraldia.
EH Bilduko alkateek Gasteizen egin duten agerraldia. (Endika PORTILLO | FOKU)

«EH Bilduko alkateek argi daukagu: nazioa gara eta eskubideak dituen nazioa gara. Zer izan nahi duen eta nola antolatu nahi den erabaki nahi duen nazio bat gara». Hala adierazi dute Garikoitz Iturbe Aretxabaletako alkateak eta Ainize Gastaka Laudioko alkateak Gasteizen egindako agerraldian. Bertan izan dira beste alkate batzuekin batera, euskal herritarrei larunbatean Bilbon izango den manifestazioan parte hartzera deitzeko.

Azaldu dutenez, «aste erabakigarri batean gaude Estatu espainiarrean, non euskal herritarrengan eragina duen gai funtsezkoetako bat jorratzeko aukera irekiko den: Espainiako Estatuaren lurralde eredua». «Euskal herritarrek eragile nagusi izan behar dute lurralde ereduari buruzko eztabaida honetan, eta herri honek norabide jakin batean ibili nahi duela erakutsi behar dute. Larunbatean, azaroaren 18an, aukera paregabea izango dugu horretarako. Autonomia kalea beteko dugu, mezu argi eta sendo bat bidaltzeko: Nazioa gara!», azpimarratu dute.

Herriaren babesa ezinbestekoa dela nabarmendu dute. «EH Bilduko alkate garen aldetik, prest gaude une historiko honetan dagokigun papera jokatzeko eta jendearen bizitzak hobetzeko eguneroko lanean etengabe aritzeko. Baina euskal herritarren babesik eta bultzadarik gabe, guztion artean egin beharko dugun ibilbidea zailagoa izango da. Euskal herritarren laguntza eta bultzada behar dugu une historiko honetan. Horregatik da garrantzitsua larunbateko mobilizazioa. Herri honek zer nahi duen eta nola antolatu nahi duen ikusi ahal izango delako», azaldu dute.

Alkateen esanetan, «gurea eskubideak dituen eta eskubide horiek erabili nahi dituen nazioa da. Baina, era berean, nazio solidarioa da, palestinarrak bizitzen ari diren egoera kezka handiz bizi duena; gurea memoria duen nazioa da, egun seinalatu hauetan Santi Brouard eta Josu Muguruza gogoan mantentzen dituena; eta nazio antfiaxista da, ideia totalitarioei beti ateak ixten dizkiena».

«Larunbatean Bilboko Autonomia kalea beteko dugu munduari mezu argia zabaltzeko. Nazioa Gara! Nazio solidarioa gara, memoriaduna eta erabat antifaxista. Azaroaren 18an, denok Bilbora!», amaitu dute.