Alaia Sierra

Irene Solaren ‘Begiak eman nizkinan eta ilunpeei begiratu hien’ euskaratu du Joxan Elosegik

‘Dikeak’ eta ‘Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak’ Irene Sola idazle katalanaren eleberriak itzuli ondoren, ‘Begiak eman nizkinan eta ilunpeei begiratu hien’ lana euskarara ekarri du Joxan Elosegik eta irakurleak «momentu oro ongi pasatuko duela» ziurtatu du.

Irene Sola idazle katalanaren azken eleberria euskarara itzuli du Joxan Elosegik.
Irene Sola idazle katalanaren azken eleberria euskarara itzuli du Joxan Elosegik. (Jon URBE | FOKU)

«Bere munduaren eraikuntzan jarraitzen du» Irene Solak, Jorge Gimenez Bech editorearen hitzetan, Joxan Elosegik itzuli berri duen autore honen hirugarren eleberrian; ‘Begiak eman nizkinan eta ilunpeei begiratu hien’ du izenburu.

Astearte honetan aurkeztu dute Alberdania argitaletxearen argitalpen berria, Donostian. Autore katalanaren hirugarren eleberria da, baita Elosegik berak itzuli duen hirugarrena ere, ‘Dikeak’ eta ‘Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak’ lanen ondoren.

Azken hau, 2020an argitaratutakoa, Jorge Gimenez Bech editorearen arabera, Irene Sola idazlearen «tranpolina» izan zen lana da, «ezaguna izateko bulkada». Jatorrizkoak hainbat sari jaso ditu eta euskarazko itzulpenak Euskadi literatura saria eman zion Elosegiri.

Solaren estiloa da Gimenez Bech-ek zein Elosegik autoreaz nabarmendu duten ezaugarria nagusia. Itzultzailearen ustez Solak «beti irakurleari lana eragiten dio» eta irakurtzea «erronka bat da». Hala ere, irakurleak desafioa «gustora» hartuko dutela uste du, eta «momentu oro ongi pasatuko duela» ziurtatu du.

«Ireneren estiloa zehatza eta afablea da. Egoerak aurkezteko eta deskribapenak egiteko izugarrizko gaitasuna du», laburbildu du Joxan Elosegik, autoreak erabiltzen duen lexikoaren aberastasuna ahaztu gabe. «Liburu on eta eder baten aurrean gaude», ondorioztatu du.

Ahaztutako emakumeak eta heriotza

Eleberriaren abiapuntua emakume zahar baten eta deabruaren arteko hitzarmena da, literatura herrikoiaren gai «klasikoa» Elosegiren hitzetan. Mas Clavell izeneko masian gertatzen da ‘Begiak eman nizkinan eta ilunpeei begiratu hien’, beti etxe barruan eta egun bakar batean.

Etxe horretan XVI. mendetik bizi izan diren emakumeak dira ahotsa dutenak sei ataletan, «emakume zaharrak eta itsusiak». Hori da, hain zuzen, autorearen nahia, historian gehienetan agertu ez direnei ahotsa ematea, beti etxe barruan, «luzaroan emakumearen lekua izan delako eta historian ere bazterrean egon delako», Elosegik azaldu duenez.

Heriotza da lanaren beste oinarrietako bat. Jorge Gimenez Bech editoreak azaldu duenez, autorearen marka da «bizitza eta heriotzaren arteko continuum hori», baina betiere herioa «beste gertakizun bat bezala» ikusita.