Jon Ormazabal
Entrevue
Jokin Altuna
Aspeko aurrelaria

«Gaizki pasa dut eta final hau nire buruari egin diodan opari bat bezala hartu dut»

27 urterekin bere zortzigarren finala jarraian jokatuko du amezketarrak Lau eta Erdikoan, orain arte inork lortu gabeko marka bat. Urtean zehar ere sekulako nagusitasuna erakusten du kantxan, baina laster beteko dira bi urte bere azken txapela jantzi zuenetik. Bidearen zailtasunaz mintzo da.

Jokin Altuna.
Jokin Altuna. (Gotzon ARANBURU/FOKU)

Kaiolako zortzigarren finalaren atarian gaude. Aurtengoa izan al da zailena?

Bai, ziurrenik bai. Lehen ere, 2018an izan nuen bizepsean haustura bat, baina bai. Iaz, esaterako, ez nuen irabazi, baina sentsazio onekin oso gustura aritu nintzen; orain bi urte ere antzera... baietz esango nuke. Aurreko urteetako finalerdiak ere uste dut emaitza nahiko errazekin atera nituela. Aurtengoari begira, elkarrizketa hau gaur niri egiten ari zaren bezalaxe Eriki egiten ari zintezke. Asko sufritu nuen.

Medikuetan frontoian baino denbora gehiago egin duzu azkenaldian, zenbait buelta eman dituzun zuk bakarrik dakizu.

Asko, gaizki ibili naiz, kezka handiarekin, hara eta hona, orain badakit finalean egongo naizela eta enpresak badaki atzeratzeko aukera izango banu, atzeratuko nukeela, baina orain aukera hau ez da ematen eta egunotan saiatuko naiz ahal dudan guztia errekuperatzen.

Finalerdian partida hasterako urduri nengoen eta nik uste finalean aurrekoan baino lasaiago egongo naizela, hobeto aurkituko naizela eta lasaiago egongo naizela aurrekoan baino.

Defentsan sufritzen duzu gehiago erasoan baino ala? Jakaren aurka errestoan erreztasunak eman zenituen.

Bai, errestoan. Eta Peñaren aurkako partidan, aurreneko tantoetan atzeraka joanda hiru edo lau pilota galdu nituen normalean galtzen ez ditudanak. Mugimendu horiek mina egiten dizutelako ez bazara entrenatzen ari, partidara joan eta egiten hasten zarenean besoak ohitura horiek galdu egiten ditu. Nik uste lesioarekin gertatzen dela askotan bizio txarrak hartzen dituzula; mina ez hartzearren beste postura batzuk jartzen dituzu, eta gero jokoan nabaritzen da. Aurrera noanean, batetik eta bitik indar gutxiago behar da eta hobeto sentitzen naiz, baina errestatu behar denean edo kolpean indarra egin behar dudanean hor nabaritzen dut molestia gehiago..

«Badakit jendea, eta ez dut esaten pilotaz kanpoko jendea, profesionaletan bertan edo enpresetan, esaten egon direla ez nuela ezer eta berdin-berdin jokatuko nuela, eta min egiten dizute horrelako kontuek»

Abuztuan egin zenuen lesioa. Zein izan da prozesua?

Egin nuenean tratatu ninduten, partidaren bat ere utzi nuen eta abuztuaren azken asteetan pixka bat hobeto nabaritzen nuen. Baina irailean, Altsasun, hamabigarren tantoko atsedenaldian aldagelara sartu eta medikuarekin izan nintzen berriz. Nekatuta nengoen ez zitzaizkidalako molestiak joaten, eta irailaren hasieran infiltrazio moduko bat egin nuen. Hobetu egin zitzaidan dezente, baina bi edo hiru aste iraun zuen. Gero, eragina joan zenean, berriro molestiak etorri ziren, eta berriz ere kezkak.

Peñaren aurka atzera kolpea hartu nuenean, sekulako zartakoa eman zidan. Badakit jendea, eta ez dut esaten pilotaz kanpoko jendea, profesionaletan bertan edo enpresetan, esaten egon dela ez nuela ezer eta berdin-berdin jokatuko nuela, eta min egiten dizute horrelako kontuek. Egia esan, gaizki pasatu dut, eta alde horretatik, final hau nire buruari egin diodan opari bat bezala hartzen dut. Gero ikusiko dut zer egingo dudan, baina gai ikusten naiz, iruditzen zait finalera ondo heltzeko aukera izango dudala, eta dena emateko gogoz nago.

Gauza bat mina da eta beste bat buruari eman beharreko bueltak, erabaki asko hartu behar izaten dira, eta zailak.

Bai eta gauza berriak dira, lesio bat berria denean zuk ez dakizu zer datorren eta esaten dizutena egin behar duzu. Berez, halako lesio bat dagoenean, honetaz dakitenek diote lau edo sei aste geldirik egon beharreko lesio bat dela. Egon dira pilotariak, Erik bera hilabete egon zen geldirik Labriten Oinatzen kontra hartu zuen kolpe betekin besoa kabestrilloan zuela. Iñaki Artolak hautsi egin zuen eta lau hilabete edo egon zen geldirik. Gauean lotarako mina duzuenean eta goizean esnatzerakoan mina daukazunean, pilotan jokatzea urruti ikusten duzu eta batere entrenatu gabe zaudenean ba kezka sortzen zaizu. Finalerdiaren aurreneko astean oso beltz ikusten nuen eta gero bigarrenean hobetu egin zitzaidan pixka bat, hobe aurkitu nintzen eta erabaki nuen jokatzea.

 

Jokin Altuna pilotaria, finalaren atarian.
Jokin Altuna pilotaria, finalaren atarian.

 

Apenas hitz egin da horretaz, baina, finalerdia jokatuta, hurrengo urtean zerrendaburu izatea ziurtatzen zenuen.

Bai, eta horrek ere pisua izan zuen erabakian. Pena handia ematen zidan bi partida irabazi, finalerditan sartu eta hori galtzeak. Begira, lehen astean ez nintzen horretaz ohartu ere egin, baina entrenamendu batean prestatzaileak aipatu zidan eta, ostras, ba egia da, beste bat sartzen bada, nik ez dut zerrendaburu izaterik izango, eta horrek ere pena ematen zidan. Finalerdian galdu izan banu, sekulako pena izango nukeen momentuan; baina, hurrengo urteari begira ere, alde dezentea da final laurdenetan egotea.

Minagatik izango zen ziurrenik, baina uda honetan gogaituta bezala sumatu zaitut, inoiz ez bezala.

Bai, gogaituta edo. Kexatu egin nintzen udan momentu batean. Baina ez zen izan partida asko jokatzeagatik. Astean hiru partida jokatzen ari ginen, bat 600 pilotakadakoa, beste bat 700ekoa eta beste bat 900ekoa, eta hori pilotariok nabaritu egiten dugu. Orain jokatzen erabiltzen dugun materialak eta udan ibili dugunak ez dauka inolako zerikusirik.


Udan, nire ustez, partida askotan pilota gehiago jarri behar da, horrela ere pilotaria zaindu egiten duzu. Igual herri batera joan eta faena da partida 22-10 amaitzea, baina azkenean trote horiek ere euren faktura pasatzen dute, eta nik ere, nahiz gaztea izan, urteak urrera doazen eran, atzetik ere asko daramat. Eta gauza horiek ere zaintzen joan beharko dut. Partida hain gogorrak eta hainbeste badira, edo gutxiago jokatu edo bestela, esandakoa, materialarekin ere zaindu beharko da.

Mastersak izan dezake zerikusirik? Iruditzen zait Lau eta Erdiko honetara pilotari asko justu heldu zaretela.

Bai, baliteke, Mastersarekin orain gertatzen dena da lehen agian partida gehiago zeudela herrietan, orain  partida horiek Mastersak hartzen ditu, partida denak telebistatik, dena txapelketa nahi dugu, telebistak ere hala nahi du eta ondo dago, baina nik uste gauza bat dela hori eta bestea esandakoa. Udan partida asko jokatzen ditugu, nire kontratuan dauden partida erdiak nik udan jokatzen ditut, 30 edo gehiago, eta nik uste zaindu behar dela. Uda da partida asko jokatu beharreko garaia, baina enpresek, eta baita ere intendenteek materialarekin, pilotariak gehiago zaindu behar dituzte.

«Udan partidak hain gogorrak eta hainbeste badira, edo gutxiago jokatu edo bestela, materialarekin ere zaindu beharko da pilotaria»

Lehenago geratu ez izanaz damutu zara?

Bai, orain bai. Baina momentuan, bi astera hobekuntza nabaritu nuenean uste nuen sendatu egingo zela. Gogoratzen dut medikuak galdetu zidala eta "ahaztua daukat" esan niola, baina gero, justu Artolaren aurkako aste horretan, medikuarekin hitz egin eta esan nion berriz hor zirela minak. Gero buruari bueltaka hasten zara eta esaten duzu geratzeko unea orduan zela, baina ikasi egingo dut hortik hurrengoetarako eta horrela hartu nahiko nuke, ikasgai bezala, oraintxe hau daukat eta aurrera.

Binakakoa dator segidan, aurretik geratu egingo zara?

Bai, hasi aurretik espezialistarekin egon behar dut, Mikel Sanchezekin egongo naiz eta beraiek esaten didatena egingo dut. Ez dakit zer esango didaten.

Materialaren kontura itzulita, Lau eta Erdikoan pilota biziegiak daudela entzuten da, sakeak eta sake-erremateak garrantzi handiegia ez ote duten.

Niri iruditzen zait, lau eta erdian, nola botea marra horren aurretik eman behar den, intendete edo hautatzaileek ez dutela pilotak gehiegi botatuko duen beldurrik izaten, baina ni pixka bat harago noa. Udan saskira goazenean, pilota guztiak, edo asko, zuriak dira, pilota horiek askoz lasaiagoak dira. Orain joaten garenean, ilunagoak dira. Nik uste hori kanpotik ere ikusten dela; horixkak dira eta pilota horiek lurrean irristatu egiten dute.

Nik uste hitz egin behar den zerbait dela. Ez dena normala da Buruz Burukoan baino dezentez pilota biziagoak egotea kaiolan. Gauza horiek zaindu behar dira, azkenaldian jokoa asko joaten ari da sake-errematera; eta nik uste pilotari batzuk sakea daukagunean bai sentitzen garela indartsu, mina egiten duzulako pilota horrekin. Baina pilota ere bada piloteoa, tanto gogorrak ikustea... Aspalditik esaten ari naiz ikuskizunaren mugan gaudela, hortik joko azkarregira pasatzeko zorian.

«Ez dena normala da Buruz Burukoan baino dezentez pilota biziagoak egotea kaiolan [...] Aspalditik esaten ari naiz ikuskizunaren mugan gaudela, hortik joko azkarregira pasatzeko zorian»

Erik Jakaren aurka errestora airez ez zinen saiatu ere egin, zer zen, materialaren kontua edo zuk ere ez zeneukala gaitasunik edo konfiantzarik sorbalda horrekin?

Ez neukan konfiantzatik, baina berak ere, duen sakatzeko moduarekin, asko giratzen da eta ikusi egiten zaitu. Bera ere ez zen joan airera, keinua egiten zuen eta geratu egiten zen, bazekien joaten bazen ikusi egingo nuela. Nik uste batzuk sakatzen dugun eragatik gehiago ikusten dugula eta banekien berak ikusi egiten ninduela. Eta hortik aparte, ez nintzen konfiantzarekin sentitzen, bai da egia agian boladaren bat mozteko edo proba nezakeela, baina ez nintzen konfiantzaz sentitzen.

Azkenaldian txapelek iskin egiten dizutela dirudi.

Noski dudala txapela irabazteko gogoa, Binakakoan izango dira bi urte azkena irabazi genuela, eta badaukat gogoa txapela irabazteko. Baina txapelketa hau ez dut horregatik, Buruz Burukoa galdu nuelako, gogo berezi batekin hartu. Txapelketa hasi zen egunean esan nuen Bilbon, helburua txapela zela. Nik nire buruari noski exijitzen diodala txapeldun izatea. Txapelduna izan nahi dut, gai ikusten naizelako eta jokoa badudalako, baina irabazi ez dudanen ere, nahiz momentuan kolpea hartu, nik uste erlatibizatzen jakin dudala. Aurten banakako finala ez nuen irabazi, baina oso ondo erantzun dut udan zehar, eta horrek ere indarra eman dit. Ari naiz neurria hartzen, buelta errazago ematen diot.

Urtean zehar daukazun nagusitasun hori agian ez da txapeletan hainbeste islatzen. Beti esan izan da plazagizona, irabazlea zarela, baina zuk ere zurea pasatzen duzu.

Bai, 12 final dira. Baina nork ez du berea pasatzen? Aimarrek berak ez dakit zenbait final jokatu zituen, 26 edo, eta 14 irabazi ditu eta 12 galdu. Oso zaila da. Aimarrek ere igual Buruz Buru jokatu ditu 10 final, eta lau irabazi ditu, baina ea nork esaten duen Aimar ez zela irabazlea. Irabazlea edo galtzailea, ez zait gustatzen hortaz hitz egitea. Iaz pena hartu nuen, halako urtea eginda, bi finalek alde egin zidatelako. Lau eta Erdikoan tanto bakarrera geratu nintzen, txapa bat; Buruz Burukoan ez, hor Aitor –Elordi– gehiago izan zen, dudarik gabe.

«Aimarrek berak ez dakit zenbait final jokatu zituen, 26 edo, eta 14 irabazi ditu eta 12 galdu, oso zaila da. Igual jokoatuko zituen Buruz Buru 10 final, eta lau irabazi ditu, baina ea nork esaten duen Aimar ez zela irabazlea?»

Gero rankinga dago, ez dakit zenbaterainoko garrantzia ematen diozuen baina txapelik irabazi gabe, zu izan zara lehena.

Bai, nik uste inork ez dugula rankinga helburu bezala, baina hori ematen badizute, hobeto. Horrek poza ematen dizu baina bai, nahi dut irabazi txapel hau, ze gainera 8. finala dut laugarren txapela litzateke eta niretzat garrantzitsua da, dudarik gabe.

Peioren lehen finala izango da baina ez dut uste inor ezustean harrapatu duenik.

Ez, aurreko urteetan nola zetorren ikusten zen, nolako jokoarekin eta aurtengo sanferminetako torneoan ere Ezkurdiaren aurka erraz irabazten joan zen Logroñon. Ikusten zen mailarik onenean zela, baina irabazte horrek beti eman egiten dizu eta nik uste Bilbon Josebari irabazi zionean lasaitua hartu zuela eta beste pausu bat eman duela bere ibilbidean eta aurkari oso gogorra izango da, ze sekulako erritmoa jartzen du eta kontra jokatzeko oso deserosoa da.