Sorkuntzarako nork bere gela eta astia izatea oraindik nekeza denean
«Emakume batek dirua eta gela propioa behar ditu literaturan aritzeko». Hala zioen Virginia Woolfek “Gela bat norberarena” liburuan. 1929. urtea zen. Egun, parekidetasunari eta feminismoari buruzko saiakera klasiko eta erreferentziazkoetako bat den lana eman zuen argitara idazle ingelesak. Emakumeek dirua eta espazio propioa, espazio fisikoa eta espazio metaforikoa izatearen garrantzia nabarmendu zuen Woolfek. Ia mende bat joan da eta emakumeek ez dute erraza sorkuntza bulkadari bide ematea. Are gehiago horretarako txoko bat izatea. Eta zer esanik ez ogibide bihurtu nahi badute.
Garbiñe Arrieta: «Gaztetatik garbi izan banu, agian margotzen jarraituko nukeen; probatzea pentsatu nuen 50 urterekin»
«Badakizu zenbat urterekin hasi nintzen margotzen? 50 urterekin!», argitu du Garbiñe Arrietak (Zumaia, 1965), hizketan hasi bezain pronto. «Txikitan asko gustatzen zitzaidan arkatzez eta ikatz-ziriaz marraztea. Noizbait margotzen probatuko nuela esaten nion nire buruari. Oxford-en ikastaroaren iragarkia ikusi eta Ander Hormazurirekin hasi nintzen», gogoratu du.
Mundu bat ireki zitzaion. «Intuizioz egiten dut. Itsasontzia izan zen lehenengo egin nuena eta ondoren aitona bat eta Marilyn Monroe etorri ziren. Niretzat zailena koloreen teknika da. Aurpegiak ditut gustukoen. Hori da nirea!».
Izurrian etxean aritu zen margotzen. «Ondoren lokal zahar bat alokatzea erabaki genuen nuen lagun batek eta biok. Astoa jarrita eta margoak mahaian eduki behar dituzu. Ezin duzu egunero jasotzen ibili. Lokala edukitzeak horretarako aukera ematen dizu».
Obretan dago lokala eta ahal bezala moldatzen da orain. Udalei eskaera luzatu die: «Lokalak jartzea herritarrentzat bertan, elkarrekin, lana egiten ahal izateko. Ikastaroetan ordutegi zehatza daukazu...».
Hamabost erretratu egin ditu denera. Ardurarik? «Erretratu bat entregatu behar dudan bakoitzean oso urduri egoten naiz», aitortu du. Miraririk ezin egin. «Photoshop bezalakoa da margotzea», dio. Pertsonaren esentzia harrapatu nahi izaten dut. Baina ilea ez dakit nolakoa nahi badu, egingo diot», barrez.
Begirada
Adinekoak dira gehiago, gazteen artean ez dago ohiturarik. «Erretratua bukatzean ni seguru nago antza baduela, baina enkargatu didanak bera den konfirmatzea nahi izaten dut, ea lortu dudan harrapatzea. Begirada da ehuneko handiena erretratuan. Detaile txikienarekin asko aldatzen da erretratatuaren aurpegia, itzal huts bat nahikoa da, kontuz ibili behar da. Bezeroaren aurpegian poza ikusten dudanean ‘asmatu dut’ pentsatzen dut. Pertsona hilda dagoenean bai, errespetua ematen dit».
4-6 aste behar ditu enkargu bakoitzerako. «Lehenik, arkatzez pertsona bakoitzaren aurpegiaren proportzioak marrazten ditut. Ez diot proportzio unibertsalari kasurik egiten, errealari baizik». Badu pena, «lehenago hasi ez izana, teknika menderatzeko».
Erronka berria du. «Familia osoaren erretratua eskatu didate. Bost pertsona izanik, aurpegiak txikiagoak dira, orain artekoak lehen planoak izan dira», dio.
Etxean jartzeko moduko tamainak egiten ditu, oso handiak ere ez. Denetariko egunak daude. «Batzuetan diozu ‘hobe ez banintz hasi gaur’. Aurrez egindakoa izorratu besterik ez duzu egiten».
Deskonexioa datorkio pintzelak eskuan hartzen dituenean. «Lauzpabost ordu ziztu bizian joaten zaizkit!».
Lanean hasi beharra
Herriko loteria saltzaile bezala ezagutzen dute zumaiarrek. «1986an ireki nuen loteria saltokia. Familiako zirkunstantziek bultzatuta, lanean hasi beharra izan nuen 19 urterekin». Ordurako Zarauzko Artezaleak elkartean moda diseinua ikasten hasia zen. «Ikaragarri gustatzen zitzaidan! -begiak dir-dir-. 18 urte nituen, ikastaro erdia egin nuen, lanean hasi nintzen eta han amaitu zen. Marrazkiak Sanz Enea kultur etxean egon ziren ikusgai».
Zumaiako Oxford erakusketa aretoan erakutsi zituen erretratuak 2021ean. «Herritarrak enkarguz lanik egiten nuen galdezka hasi zitzaizkidan». Hurrengo erakusketa noiz? «Momentuz ez, iritsiko da agian».
Negozioa eta familia aurrera ateratzen -hiru seme-alaba- eman ditu urteak. Orain profesionalki margotzera dedikatzea planteatu duen galdetu diogu. «Lana uztea oso zaila da. Presio handia izango litzateke pinturatik bizitzea. Orain biak uztartzen ditut, lankideei esker dendan erlaxatuago nago-eta. Gizonezkoa izan banintz asti gehiago izango nukeen nire gauzetarako. Gaztetatik garbi izan banu, agian margotzen jarraituko nukeen; probatzea pentsatu nuen 50 urterekin».
Abentura polita
New Yorken bizitako abentura kontatu digu. «Bertatik idatzi zidan pertsona batek, Instagramen nire lana ikusi eta gustatu egin zitzaiola. Nahi banuen Evac galeriarekin harremanetan jarriko ninduela. Iruzurra zela pentsatu nuen. Etxean esan nuen eta ‘kontuz, ama!’ esan zidaten… Oso ausarta naiz, baina inoiz lurraren kontra joan izan naiz, gero», irribarrez. Ikertzen hasi zen. «Serio itxura hartzen joan nintzen, eta urduri jartzen. New Yorkeko galeria ni erakusketa batera gonbidatuz? Instagramen milaka jarraitzaile dituzten margolariak dira, euren artearen kalitatean sartu gabe. Horretara jarrita daukate jendea. Ingurukoek eta ezagunek jarraitzen naute ni. Posta elektroniko bidez managerrarekin aritu nintzen, galeriak existitzen zuela konfirmatu nuen, baina hara iritsi arte ez nengoen %100 seguru. Facebooken galeria aipatzen zuen pertsona bat aurkitu nuen eta idatzi egin nion. Ni bezala erakusketan parte hartu izan zuen. Harremanetan jarri nintzen egia ote zen galdetuz. Baietz, joateko, oso esperientzia ona izan zuela erantzun zidan. Horrek eman zidan bultzada», jarraitu du.
Familiako beste hiru emakume berarekin joatera animatu ziren. «Sekulakoa izan zen! Asteburuan zen erakusketa eta bost egun egin genituen hirian. Sortzaile asko zegoen bertan. Lau aukeratu zituzten eta han joan ginen!».
Hasteko, koadroak eskatu. «Etxeetan zeuden. Ondo enbalatu eta badaezpada fakturatu gabe eraman genituen. Ardura handia sentitu nuen, ‘dagoeneko ez dira nireak’». Benetako artista sentitu ote zen galdetuta, baietz, barrez. Instagramen (garbi_arrieta) eta Facebooken (Garbiñe Arrieta) kontuetan ikus daitezke bere lanak.
Ana Gonzalez: «Margoak salduko banitu, lana utziko nuke, baina zaila da artetik bizitzea»
Itsasoa aurrez aurre duen etxean hartu gaitu, koadro artean. Urte asko dira Ana Gonzalez (Zumaia, 1968) Zarautzen bizi dela.
Seme-alabak aurreko etxetik joatean ikusi zuen espazioa lortzeko aukera. Alabaren logela izandakoaz “jabetu” zen. Ondoren, orain bizi diren etxean, sukalde ondoan egin zuen txokoa. Ordurako erabakia zuen hainbeste urtez barruan isilarazitako sorkuntza irrikari ahotsa ematea.
Urte luzez egon zen margotu gabe, hemezortzi urtez. «Olioz margotzen nuen eta haurrak jaiotzean trementina eta agoarrasa bezalako materialak nahiago izan nuen etxean ez erabili. Eta alboratu egin nuen».
Seme-alabak jaio ziren arte zaletasun bezala hartzen zuen. «Margogintza figuratiboa egiten nuen eta sentitzen nuen ez nuela ikusten nuen hura margotu nahi. Banekien figura errealistak sortzen, baina ez nuen gustuko».
Haurrak hazi zirenean ekin zion berriz. 2014a zen. «Lagun batek aspaldiko margoak ikusi eta ‘ezin duzu utzi’, esan zidan. Berari esker hasi nintzen, ez nintzen ausartzen...», dio.
Gonzalezek barruan du arantza. «Garbi, oso garbi nuen Arte Ederrak ikasi nahi nuela. Banekien ikasketetan horretarako bakarrik balio nuela. Baina amak ez zidan utzi, ez zion etorkizunik ikusten. Aita hil berria zen, ez nion amari beste disgusturik eman nahi, eta ez nuen egin. Onegia izan naiz. Oso-oso gogorra izan zen. Ez dut inoiz gidatuko ninduen inor izan alboan. Garai hartan irakasleren bat izan banu, beste modu batean garatu izango nukeen nire sorkuntza. Emakumeok gehiegi pentsatzen dugu eragozpenetan, gizonek ez. Irmoagoak dira nahi dutenaren alde egiteko orduan», egin du hausnarketa.
«Baliabiderik ere ez genuen. Gaur egun dagoen informazioarekiko sarbidea sekulakoa da. Museoetara oso bisita gutxi egin nuen eta ez nuen inolako laguntzarik izan».
Noraezean sentitu zen. «Nire bikotekidearen aitak gomendatu zidan zuzendaritza idazkaritza ikastea, eta halaxe egin nuen. Esportazio alorrean egiten dut lana enpresa batean, nahiz orain bajan nagoen», argitu du.
Zarauzko Artezaleak elkartean Manu Muniategiandikoetxearekin hasi zen ikasten 2016an. «Terapia da niretzat. Ez nekien nondik hasi! Nik galdetu aurretik argitzen dizkit nire zalantzak».
Taldekideekin, giro politean. «Bertan gaude interes bera dugulako eta elkarrekin hitz egin dezakegu», dio.
Pintura abstraktua egiten du orain. Geometrikoa tarteka, koloretsua. Hainbat serie ondu ditu. «Kolore paleta oso zabala eskaintzen dit. Eta olioa nahiago dut, akrilikoa plastikoagoa iruditzen zait». Osasun arazoengatik ia urtebete eman zuen margotu gabe, eta, Muniategiandikoetxeak aholkatuta, collage-an lehen pausoak eman zituen.
Poza eta bakea
Pintatzeak poz eta bake handia ematen dio. «Gogobetetzea, gainerako pertsonek objektu bat begiratzean ikusten ez dituzten irudiak ikusarazten ditudalako, irudi horiei entitate propioa emanez. Eta bakea, pintatzeko ekintzak, koadroa hutsik hastean erronka handia den arren, indarberritu egiten nauelako. Bukatu ahala, lasaitu egingo naiz. Koadroarekin bakarrik pasatzen ditudan orduak dira, eta ezartzen den lotura xurgatzailea da».
Lanbide bihurtzea? «Ikaragarri gustatuko litzaidake! Nire artelanak salduko banitu lana utzi egingo nuke, baina zaila da artetik bizitzea. Horretarako dirurik banu neure galeria irekiko nuke. Asko ekoizten dut, beraz, nahi dudanean berritu dezaket. Asko gustatuko litzaidake erakusketaren bat egitea galeria batean, baina ez dut ate askorik jo, egia esan».
Hainbat lehiaketetan finalista izan da. Madrilen egon berria da, Mario Saslovsky V. Nazioarteko Sariketan azken aukeratuen artean izan baita. «Oso pozik nago, hirugarren aldia da aurkeztu naizena. BMWren sariketan ere, 2016an, 2.600 artisten artean aukeratu ninduten. 40 lan ziren azken hautatuak, bat nirea. Sekulako ilusioa egin zidan».
Ametsik? «Nire margoak baliorik badu, errekonozitua izatea». Serie berri baten hastapenetan utzi dugu, pozik. Interesatuek webgunean (www.anagonzalezart.com) aurki ditzakete bere lanak.
Ansel Vallejo: «Gizonezkoa izan banintz gauzak beste era batean gertatuko ziratekeen»
Arteak bizi du Ansel Vallejo (Zumaia, 1962). «Izan ditut margotu gabeko garaiak eta beti familia kontuengatik izan dira. Baina banekien egunen batean margotuko nuela; nire zati da». Etxeko paretak bere lan ederrez jantzita daude. Paisaiak gehienak. Beste asko ditu, tokirik ezean, argia noiz ikusiko zain.
Haurra zela arkatzez eta ikatz-ziriz marrazten zuen. Erretratugintzan ere saiatu zen. «Marrazten nuen, baina ez nuen lortzen bolumena ematerik. 20 urterekin Francisco Hernandez margolari zumaiarrarekin ikasten hasi nintzen. 24 urterekin ezkondu, seme-alabak izan, eta margotzeari utzi nion. Baina beti izaten nituen aldean kaiera txiki bat eta arkatza».
Ander Hormazurik margo-tailerra ireki zuenean, 30 urteak beteak zituen. «Marrazkiaren oinarria baneukan, neuretik sortzea zen gakoa. Urte asko eman ditut Anderren estudioan, babes handia eman dit».
Ondoren, Foronda Kultur Etxeko margogintza tailerrera joan izan da. Eskolengatik baino, lekuagatik. «Nik lasai egon nahi dut. Ez dakit eserita egoten. Agoarrasarekin borratzen dut zatiren bat, berriz margotu… asko zikintzen dut. Ez naiz pintzel finekoa. Agoarrasa tantaka dela ari naizenean, gozatu egin nahi dut. Eta etxean ez nago lasai, usaina ere… Eta edozer gauza zikindu beldurrez aritzekotan, nahiago ez egin».
Koadroak berak bidea
Mihise zuria aurrean. «Paseoan ibiltzen naiz eta buruan irudiren bat geratzen zait. Espatulaz hasten naiz, eta margoak bidean eskatzen didana erabiltzen dut; trapuak ere bai tarteka. Batzuetan ideia duzu buruan, hasi eta ez zaitu konbentzitzen. Koadroa bera joaten zaizu zein bide hartu esaten. Nik nahi dudana mihisean ikusi arte», kontatu du. Etxeak badu bere arriskua. «Margotzeari utzi eta bazkaria egiten hastearena, arropa lixatzen… -esan du-. Benetan nahiko nukeena lokal bat edukitzea litzateke. Baina ezin diot gastu horri aurre egin».
Bide berriak ikertuz aritzen da, jolasti. Ontziek uretan utzitako isla margoa lurreraino erortzen utzita lortu zueneko seriea erakutsi digu. «Akrilikoa probatu nuen eta badut berriz hartzeko asmoa, baina azkar lehortzen da, eta niri margo hezea pintatzea gustatzen zait. Margotzeko era freskoago geratzen zaidala iruditzen zait olioa erabiliz. Berniz matea ematen diot gainetik, margotu eta 7-8 hilabete pasa direnean. Agoarrasak ere distira kentzen dio margoari. Badira linazi- olioa erabiltzen dutenak, nik ez». Betidanik izan du eskulanetarako joera -josi eta puntua ere egiten du-, baina margoa du gustukoen. «Egun batzuetan ordu luzez egon naiteke, eta asebeteta geratzen naiz».
Ikastea gustukoa ez eta lanean hasi zen. «Irakasleek esku ona neukala-eta, Delineazioa ikastea gomendatu zidaten. Etxean ez nuen dirua soberan ikusten eta ikasketak utzi nituen. Gurasoek pena hartu zuten».
Lan gogorrak, batzuk
Denetarik egin du. «Kontserba lantegian, haurrak zaintzen, etxeko langile bezala, inkubazio enpresan, Frantzian mahats-bilketan, hiltegian, hotelean zerbitzari eta logelak garbitzen… denetarik. Lan gogorrak izan dira batzuk. Gaur baino errazagoa zen lana aurkitzea, baina ikasketarik gabe ez zenuen hainbat lanbidetara sarbiderik».
«Orain gutxi arte izan dudan lan-enkargatu batek zera esan zidan ‘zer egingo duzu gure lana onartu ezean?’. Ez dut sekula arazorik izan lanik aurkitzeko, ahal izan dudan moduan moldatu naiz. Lan batzuk ez ditut kotizatu, beste batzuk bai, baina ez naiz ezeren damu», dio.
Garbi du: «Gizonezko jaio izan banitz gauzak beste era batean gertatuko ziratekeen. Edo dirua daukagu etxeaz norbait arduratzeko zuk margotzen duzun bitartean, edo bestela zuk zeuk egin behar duzu. Eta egunak 24 ordu ditu. Nik beti esan izan dut gizonezkoa izan banintz gauzak beste era batean gertatuko ziratekeela».
Orain gauzak desberdin ikusten ditu. «Gu bi ahizpa gara eta ez da desberdintasunik egin, baina beste etxeetan bai. Lanetik ateratakoan gustukoa egiteko askatasuna zuten mutilek. Ez zuten etxeko lanik egin beharrik, guk bezala. Larunbatetan ere etxeko zereginetan aritzen ginen, ez geneukan denbora askorik geuretzat. Orain desberdina da, nire seme-alabekin ikusten dut», adierazi du.
2016an Oxford aretoan egin zuen erakusketa. «Erakusketa bat egiteko gogoa neukan eta egin nuen. Ezin naiz kexatu, erakusketa egin izan dudanean, jendeak ondo erantzun du, gustatu zaie, eta herritarrek beti egin izan didate enkarguren bat». Arte galerietako aterik ez du jo. «Ez dakit neure burua saltzen, ez nabil sare sozialetan…. Tabernetan eta bai, erakutsi izan ditut lanak».
Dirua eta denbora
Profesionalki margogintzara dedikatzea oso zaila ikusten du. «Asko dira artistak, izena dutenak. Horretarako asko mugitu behar zara. Erakusketak egiteak diru eta denbora asko eskatzen du. Nik Oxforden 30 margo erakutsi nituen eta, orain beste erakusketa bat egin nahiko banu, gai berrien eta estilo berrien bila hasi beharko nuke, ez dut betikoa egin nahi», kontatu du.
«Horretara bakarrik jarri ahal izango banu eta dirua izan, erakusketa egingo nuke bizpahiru urtetik behin. Baina ezin dut. Lanik gabe geratu nintzen eta, bilobak direla, beste kontu batzuk direla, ez daukat asti askorik».
Ahal duenetan artista handien obrak ikustera joaten da. «Louvren ‘La consagración de Napoleón’ Jacques-Louis David-en koadroa ikusi nuen. Sekulako tamaina dauka. Nola lortu zuen perspektiba hain dimentsio handian? Miretsi egiten dut duen gaitasuna. Ikaragarria da!», amaitu du.