NAIZ
Donostia

Hego Euskal Herriko 1.718 kutxazainetan hauek euskaraz erabiltzeko mezuak agertuko dira

Bankoa-Abanca, CaixaBank, Rural Kutxa, Kutxabank eta Laboral Kutxak «euskararen erabilera sustatzeko eta bezeroen hizkuntza eskubideak bermatzeko» ekimenak aurkeztu dituzte.

Bost finantza entitatek eta Lakuak aurkeztu dute euskararen erabileraren aldeko kanpaina.
Bost finantza entitatek eta Lakuak aurkeztu dute euskararen erabileraren aldeko kanpaina. (Jon URBE | FOKU)

Finantza entitateetan euskararen erabilera areagotzen jarraitzeko abian jarri dituzten ekimenen berri eman dute gaur, Donostian, Bankoa-Abanca, CaixaBank, Rural Kutxa, Kutxabank eta Laboral Kutxako ordezkariek, «euskararen erabilera sustatzeko eta bezeroen hizkuntza eskubideak bermatzeko».

Azaroaren 17tik abenduaren 3ra arte, hots, Euskararen Nazioarteko egunera arte, bost entitate hauek Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dituzten kutxazain guztietan mezu bera agertuko da: «Kutxazainetan ere euskara aukeratu. Bai, oso erraza da ;)». Halaber, Laboral Kutxak eta Kutxabankek Nafarroan dituzten kutxazainetan ere azalduko da. Modu horretan, kutxazainak euskaraz erabiltzeko gonbita egin nahi diete bezeroei. Kanpainak zabalkunde handia izango du, 1.718 kutxazainetan ikusi ahal izango delako mezu hori.

Ez da, hala ere, martxan jarriko duten ekimen bakarra. Gaurtik aurrera, euskaraz ari den bezeroari kalitatezko zerbitzua bermatzeko gida banatuko diete entitate hauek EAEn dituzten langile guztiei, 4.615, guztira. Nafarroan, Laboral Kutxak eta Kutxabankek dituzten langileek ere gida jasoko dute. Elkarlanean adostutako gida da, eta bost finantza-entitate hauetako langileek baliatu ahal izango dute, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko helburuarekin. Gidak jarraibideak ematen ditu euskaraz jarduteko hautua egiten duten bezeroak artatzeko, eta sarritan sortzen den «estres linguistikoa» ekiditeko laguntza emango dio langileari.

Miren Dobaran Lakuako Hizkuntza Politikako sailburuordeak adierazi duenez, «bezeroari bere hizkuntzan erantzutea, zalantzak argitzea edo laguntzea kalitatezko zerbitzua ematearen funtsezko elementua da». Sailburuordeak «EAEn bi hizkuntza ofizial daudela» adierazi du eta zerbitzua «maila berean eta kalitatez ematea dakar horrek, baita hizkuntza gutxituaren berreskuratze prozesuaren parte izanez, positiboki eragitea».

Bere aldetik, Laboral Kutxako Iñaki Egizabalek azaldu duenez, «bezeroari gauzak samur jarri behar dizkiogu finantzei eta euskarari dagokienez, eta kutxazainetan euskara hautatzea erraza da». Bestalde, Kutxabank-eko Marta Madinabeitiak aipatu du «kudeatzaileen hasierako agurra eta lehen hitzak erabakigarriak» direla bezeroarekiko hartu-emanetan.