NAIZ

Palestina, Sahara, Irlanda edo Kurdistango ordezkariak EH Bilduren mobilizazioan izango dira

Larunbat honetan EH Bilduk Bilbon egingo duen mobilizazioan nazioarteko ordezkaritza zabala izango dela jakinarazi du koalizioak. Arratsaldeko 17.30ean abiatuko da martxa, La Casillatik, eta aurrenekoz Zabalburu plazan amaituko da.

2022ko azaroan EH Bilduk deituta egin zen mobilizazioa.
2022ko azaroan EH Bilduk deituta egin zen mobilizazioa. (Endika PORTILLO | FOKU)

‘Nazioa gara’ lelopean EH Bilduk larunbat honetan Bilbon egingo duen mobilizazioak nazioartearen babes zabala jaso du, han izango baitira Herrialde Katalanetako ERC, CUP, Compromis, Mes Per Menorca eta ERC-PV, Galizako BNG, Asturiasko Andecha Astur, Palestinako FPLP, Mendebaldeko Saharako Fronte Polisarioa, Kurdistango KNK eta Irlandako Sinn Fein.

Hirugarren urtez jarraian egingo du koalizio subiranistak mobilizazio nazionala azaroan. Aurtengoan, La Casillatik abiatuko da, arratsaldeko 17.30ean, eta aurrenekoz Zabalburu plazan amaituko da martxa.

‘Txoria txori’ abestuko dute

Arnaldo Otegi koalizioko koordinatzaile nagusiaren hitzartze politikoaz gain, Autonomia kalean bilduko diren milaka lagunek ‘Txoria Txori’ kantatuko dute, Euskal Herria «nazio bat dela aldarrikatzeko modu sinboliko gisa».

Era berean, EH Bilduk ohar bidez jakinarazi du ekitaldi handi hau euskal herritarren eskura jarri duen sare sozialen tresna berria sortzeko eta zabaltzeko. Hala, Whatsapp kanal bat sortu dutela azaldu du koalizioak, euskal herritarrek EH Bilduren ekimenen berri izan eta ezkerreko alderdi subiranistarekin harremanetan jartzeko. Kanal horretara iristeko lotura zein den ere zehaztu dute