NAIZ

EHUk graduko kredituen %95 eskaintzen du euskaraz; graduondoetan soilik %25

Eva Ferreira EHUko errektoreak euskarak unibertsitatean izan duen garapenaren berri eman du. Oro har, euskararen presentziak gora egin du ikasketetan, unibertsitateko langileen euskalduntzean, argitalpen eta material didaktikoaren ekoizpenean eta euskararen erabilera sustatzeko programetan.

EHUn euskarak izan duen garapenaren berri eman zuen Eva Ferreirak (erdian).
EHUn euskarak izan duen garapenaren berri eman zuen Eva Ferreirak (erdian). (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Euskarazko eskaintza eta eskaria, oro har, hazi egin da Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) ematen dituen graduetan. Euskaraz matrikulatzen da ikasleen erdia baino gehiago (%54), eta graduko ECTS kredituen %95ean bermatu du euskarazko eskaintza. Ez da berdin gertatzen graduondoko ikasketetan: hamar urtean soilik %7 handitu du EHUk euskarazko eskaintza, kredituen %25aren kasuan.

Eva Ferreira EHUko errektoreak eman ditu datuok astelehen goiz honetan, datorren abenduaren 3an ospatuko den euskararen egunaren karietara Bilbon egindako aurkezpenean. Lau atal bereizita –euskararen bilakaera graduko eta graduondoko ikasketetan, unibertsitateko langileen euskalduntzea, argitalpenen eta material didaktikoaren ekoizpena eta euskararen erabileraren sustapena unibertsitateko bizitza sozialean–, euskarak EAEko unibertsitate publikoan izandako garapenaren berri eman du, eta goraipatu EHU «garrantzia handiko eragilea» izan dela euskarak azken hamarkadetan izan duen aurrerapen sozial eta akademikoan.

«Gure unibertsitateak euskararekiko konpromiso sendoa hartu zuen bere sorreratik, eta konpromiso horrek emaitza onak ekarri ditu», adierazi du prentsaurrean.

Ferreirok esan bezala, astelehenean aurkeztutako datuek erakusten dutenez, euskararen presentziak gorako joera izan du, oro har, errektoreak aipatu dituen lau ataletan, baina ez neurri berean. Hala, graduko ikasketetan dago indartsuen euskara: azken hamar urteetan, ETCS kredituen %75etik (2013an) %95era zabaldu du euskarazko eskaintza unibertsitateak, eta ikasleen erdia baino gehiago (%54) euskaraz ikasteko matrikulatzen da, gutxiengoa ziren 2015ean (%47).

Alabaina, pentsatzekoa da ikasketak euskaraz hasi dituzten guztiek ez dutela gradua hizkuntza honetan bukatzen, gradu amaierako lanen %41 egin baitzen euskaraz 2022an, (%34 ziren 2013an).

Askoz txikiagoa da EHUren euskarazko eskaintza graduondoko ikasketetan. ECTS kredituen laurdenean (%25) soilik dauka euskarazko eskaintza, eta graduko ikasketen kasuan baino motelagoa da euskarazko presentziaren haziera: graduondoko kredituen %18k zuten euskarazko aukera 2013an, beraz, bakarrik %7 handitu da hizkuntza honen presentzia hamarkada batean.

Bestalde, ikasleen %23 matrikulatzen da euskaraz graduondoko ikasketetan (%13a zen 2013an) eta master amaierako lanen %29 egin ziren euskal hizkuntzan 2022an, duela hamar urte baino %13 gehiago.

Langileak, materiala eta programak

Unibertsitateko langileen euskalduntzeari buruzko datuak ere eman ditu Eva Ferreirak: 2010ean irakasle eta ikertzaileen plazen %45 ziren elebidunak, eta 2023an %66 dira.

Teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen artean ere gora egin du euskarak: 2010ean langileen %29 zen elebiduna eta 2022. urtean, berriz, %42.

Argitalpenen eta material didaktikoen ekoizpenaren atalaren barruan, Euskal Herriko Unibertsitateak arlo horretan egin duen ahaleginaren berri eman du errektoreak. Hala, esan du EHU dela euskarazko argitalpen akademiko gehien ekoitzi eta argitaratzen dituen eragilea gaur egun. Iaz, kasurako, 1.048 argitalpen eman zituen euskaraz unibertsitateak eta gaur egun 2.203 dira EHUn garatutako ikerketen ondotik euskaraz argitaratutako artikulu zientifikoak.

Unibertsitateko bizitza sozialean euskararen erabilera sustatzeko martxan jarritako programak ere aipatu dituzte EHUko arduradunek. Besteak beste, Aktibatu, Unikoak eta Euskal Game Jam deialdiak; ose Migel Barandiaran, Gabriel Aresti eta Kultura Zientifikoko katedrak edo Bikain ziurtagiriaren presentzia, egun unibertsitateko hamar fakultate eta eskolei esleitua.