NAIZ

Beasaingo parrokiako pintura errenazentistak, agerian

Hamabi pintura kaparen azpian gordeta, Beasaingo parrokian aurkitu ziren 1555. urteko pintura errenazentistek argia ikusi dute azkenean. Zazpi hilabeteko zaharberritze lanak agerian utzi ditu margoetako izaki mitologiko, landa elementu eta aingeruak.

Diputazioko teknikariak eta Bergarako Artez enpresako langileak arduratu dira zaharberritzeaz.
Diputazioko teknikariak eta Bergarako Artez enpresako langileak arduratu dira zaharberritzeaz. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Ustekabe batek nahi izan zuen Beasaingo parrokiako erretaulan ezkutuan zeuden margoek argia ikustea. 2021. urteko uztaila zen: egurrari eraso egiten dioten xilofago intsektuek eraginda, erretaularen dekorazio pieza txiki bat erori eta arakatzen ari zirenean, atzean zeuden margoak aurkitu zituzten.

Orain dagoena, erretaula barrokoa, Juan Urrusualde y Echeverriak eraiki zuen 1671. urtean, eta haren atzean 1555. urtean Juan Parez de Landak egindako horma-pintura originalak zeudela ikusi zuten.
Zazpi hilabeteko zaharberritze lanen ostean, astearte honetan aurkeztu dituzte prentsaurrean margoak, «altxor errenazentista, Gipuzkoan bakarra», Maria Jose Telleria Gipuzkoako Diputazioko Kultura zuzendariak nabarmendu duenez.

Miaketari esker pintura gehigarriak aurkitu ahal izan ziren presbiterioko hormetan, kareztapean eta morteroetan ezkutatuta, erlijio-pasarteak irudikatzen dituztenak, besteak beste, ‘Bosgarren Angustia’, ‘Gurutziltzaketa’, ‘Luizia’ eta ‘Otoitza Baratzean’ deiturikoak. Aingeruen, izaki mitologikoen eta landare-elementuen irudiak ere ikus daitezke, besteak beste.

Beasaingo herritarrek eta Beasaingo parrokiara hurbiltzen diren guztiek zaharberritutako bi erretaulak ikusteko aukera izan dezaten, ohiko kokalekutik hiru metro aurreratzea erabaki da, hala bisitariek jatorrizko erretaula ere ikusi ahal izateko.

Ezusteko pozgarria

Lanetan erretaula nagusia zein hura desmuntatzeko lanetan agertu diren horma-pinturak zaharberritu dira eta orain arte 199.875,74 euroko kostua izan dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gotzaindegiak eta Beasaingo Udalak finantzatu dute.

Aurkezpenean Cristina Fernandez kontserbatzaile-zaharberritzaileak adierazi duenez, erretaulak eta artelan historikoak zaharberritzeak lan «zehatza» eskatzen du, eta azaldu du erretaulen babes egokia funtsezkoa izan dela bi erretaulak babesteko. Zaharberritze lanetan pintura-estaldurak kendu dituzte, eta artelanetako eremu jakin batzuk, gal daitezkeenak, sendotzeko eta finkatzeko esku-hartze puntualak egin dituzte.

Beasaingo alkate Leire Artolak horma-irudi errenazentista hauen aurkikuntza «ezusteko pozgarria» izan zela nabarmendu du eta ezezaguna zen altxor bat aurkitu izanak herriari «onura» ekarriko diola iritzi du: «Tokiko nortasuna azpimarratuko dute margoek elementu historikoak azaleratu dituztelako. Gure ondare historikoa eta artistikoa aberastera dator aurkikuntza hau eta zalantzarik gabe udalerrian dugun eskaintza turistikoari gehituko zaio».