NAIZ

Eskaeraren araberako geralekuak izango dituen Gautxori zerbitzua abenduan abiatuko da Gasteizen

Abenduaren 1ean jarriko du martxan Gasteizko Udalak, ‘Gautxori morea’ delakoa, eskaeraren arabera autobusera igotzeko eta handik jaisteko zerbitzu pilotu berria. Emakumeei eta adin txikikoei zuzendutakoa da eta App baten bidez aurretik erreserbatzeko aukera ematen du.

Abendutik aurrera gauean autobusetara igotzeko gelduneak eskatu ahalko dira Gasteizen.
Abendutik aurrera gauean autobusetara igotzeko gelduneak eskatu ahalko dira Gasteizen. (Juanan RUIZ | FOKU)

Dagoeneko erabilgarri dagoen ‘Gautxori morea’ izeneko aplikazioaren bidez, abenduaren hasieratik Gasteizko Gautxori zerbitzuan emakumeek eta 18 urte baino gutxiago dituztenek ohiko geltokien artean autobusera igo eta handik jaitsi ahalko dira.

Udaletik azaldu dutenez, Google Play aplikazio dendan nahiz App Store-n deskargatu daiteke dagoeneko aplikazioa. Ondoren, erabiltzaileak bere datu pertsonalekin erregistratu beharko da, baita BAT, Barik edo Mugi garraio-txartel baten zenbakia emanez.

Igotzeko geraleku bat erreserbatzeko, jatorrizko eta iritsierako geltokiak aukeratu behar dira. Ondoren, ibilbidearen eguna eta ordua zehaztu beharko dira eta App-ak aukeratutako bidaia erakutsiko du.

Autobusa geltokira iritsi aurretik jakinarazpen bat jasoko du erabiltzaileak aplikaziotik. Behin autobusean, ibilbidearen jarraipena egiteko aukera ematen du ‘Gautxori morea’k.

Jaisteko tokia erreserbatzeko, eskaera aplikazioaren bidez edo zuzenean gidariari eskatuz egin beharko da, orain arte egin izan den bezala.

Gainera, Tuvisak eskaeraren araberako jaitsierak egokituko ditu gaueko G2 eta G3 lineetan aurrez gidariei hala eskatzen dieten guztientzat. G2 lineak eskaeraren araberako hiru jaitsiera-geltoki izango ditu (hirurak Goikolarra auzoan). Aldiz, G3 lineak mota honetako geltoki bakarra izango du, Armentian. Toki horietan ezin izango da autobusera igo.