NAIZ

EHUk boto elektroniko bidezko hauteskundeak egingo ditu gaur Klaustroa berritzeko

EHUk boto elektronikoaren bidezko hauteskundeak egingo ditu ostegun honetan Klaustroa berritzeko. Unibertsitateko komunitate osoak lehen aldiz erabiliko du sistema hori bere ordezkaritza organo gorena aukeratzeko.

EHUk boto elektronikoaren bidezko hauteskundeak egingo ditu ostegun honetan.
EHUk boto elektronikoaren bidezko hauteskundeak egingo ditu ostegun honetan. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Ostegun honetan EHUk hauteskundeak egingo ditu Unibertsitateko Klaustroa berritzeko, eta bozketa elektronikoa izango da.

Horretarako, EHUk ‘Boto ataria’ jarriko du bere webgunean, eta unibertsitateko kideek horren bidez emango dute botoa goizeko 9.00etatik 18.00ak arte. Sistema horri esker, unibertsitateko komunitateak Klaustroa berritzeko botoa eman ahal izango du, ordenagailu baten bidez ez ezik, edozein gailu elektronikoren bidez ere, telefono mugikorrak barne.

«Egingo diren hauteskundeak izango dira unibertsitate komunitateak gure erakundearen kudeaketan aktiboki parte hartzeko beste adierazpen bat. Unibertsitateko estatutuek jasotzen dute Klaustroa dela gure komunitateko ‘ordezkaritza organo gorena’. Bertan erabaki handiak hartzen dira; beraz, unibertsitateko sentsibilitate eta talde guztiek izan dezakete eta izan behar dute lekua. Horregatik guztiagatik, uste dut garrantzitsua dela guztiok parte hartzera eta unibertsitate bizitzan inplikatzera deitzea, baita ordezkaritza organoen bidez ere»,  adierazi du Eva Ferreira errektoreak ohar batean.

Klaustroaren eginkizunak

Unibertsitateko Klaustroa unibertsitate komunitatearen ordezkaritza organo gorena da, eta haren ebazpenak lotesleak dira EHUko gainerako organo guztientzat.

Honako hauek dira Klaustroaren eskumenak: Unibertsitatearen Estatutuak lantzea, bere funtzionamendu erregelamendua onartzea, errektore izateko hauteskundeetarako deialdia egitea, Aldezlea (unibertsitateko defentsorea) aukeratzea eta unibertsitate erakunde horren funtzionamendurako erregelamendua onartzea, Gobernu Kontseiluko kideak hautatzea, Gobernu Kontseiluak hala proposatuta, unibertsitateko campus berriren bat sortzea, aldatzea edo kentzea, eta bere oinarri estrategikoei buruz erabakitzea.

Unibertsitateko Klaustroa honako hauek osatzen dute: errektorea, bera buru dela; idazkari nagusia, Klaustroko idazkari gisa diharduena; gerentea, eta 240 pertsona, modu honetan banatuta: 135 irakasle eta ikertzaile doktore iraunkorrei dagozkie; 19 irakasle eta ikertzaile iraunkor ez-doktoreei; lau gainerako irakasle eta ikertzaileei; 53 ikasleei; eta 29 teknikari eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileei. Klaustroko 240 kide horiek aldatuko dira orain.