NAIZ

Arkitektura Institutuak eta Arc en Rêve zentroak Etxebizitza Kolektiboaren Saria sortu dute

Euskadiko Arkitektura Institutuak eta Bordeleko Arc en Rêve zentroak Etxebizitza Kolektiboaren Europako Saria sortu dute. Bi urtez behin egingo den lehiaketa izango da eta Europako etxebizitza kolektiboaren arkitekturaren behatoki bihurtu nahi du.

Arkitektura Institutuko eta Arc en Rêve zentroko ordezkariak.
Arkitektura Institutuko eta Arc en Rêve zentroko ordezkariak. (EAI)

Mugak nazioarteko bienalaren barruan aurkeztu dute Euskadiko Arkitektura Institutuak eta Bordeleko Arc en Rêve zentroak elkarlanean sortu berri duten Etxebizitza Kolektiboaren Europako Saria. Azaldu dutenez, saria bi urtez behin egingo den lehiaketa izango da eta Europako etxebizitza kolektiboaren arkitekturaren behatoki bihurtzeko asmoz sortu dute.

«Etxebizitza eskuratzea behin betiko arazo ekonomiko, sozial eta ingurumenekoen bidegurutzea bihurtu da, bai eta estatuen eta botere publikoen eraginkortasun handiago edo txikiagoaren kalitate-adierazle ere. Egoera honetan, etxebizitza kolektiboa aldarrikatu behar da eta, bereziki, ekimen publikoko etxebizitza, kontzientzia soziala eta hiri-oreka sozioekonomikoa eta ingurumenekoa batzen dituen Europako nortasun-ikur gisa», adierazi du aurkezpenean Euskadiko Arkitektura Institutuko zuzendari Jose Angel Medinak.

Deialdi bakoitzeko lau kategoria izango ditu sariak: ‘Obra berriko Ekimen Pribatuko Etxebizitza Kolektiboaren Sustapen Onena’, ‘Obra berriko Ekimen Publikoko Etxebizitza Kolektiboaren Sustapen Onena’, ‘Lehendik dauden eraikinak birgaitzearen edo eraldatzearen ondoriozko Ekimen Pribatuko Etxebizitza Kolektiboaren Sustapen Onena’ eta ‘Lehendik dauden eraikinak birgaitzearen edo eraldatzearen ondoriozko Ekimen Publikoko Etxebizitza Kolektiboaren Sustapen Onena’.

Kategoria bakoitzeko finalistak bi erakunde sustatzaileen egoitzetan, Donostian eta Bordelen, erakutsiko den erakusketa kolektibo baten parte izango dira.

Europako Kontseilua osatzen duten 46 herrialdeetan eraikitako etxebizitzek parte hartu ahal izango dute deialdian. Oinarri osoak urtarrilaren 1ean argitaratuko dira eta hil horren 15ean hasiko dira hautagaitzak onartzen.