Iraitz Mateo

«Aurrekoari aurre eginez» berridatzi du Atxagak ‘Bi anai’ eleberri laburra

‘Bi anai’ eleberriaren edizio berritua argitaratu du Bernardo Atxagak Erein argitaletxearekin. 1992an argitaratu zen lehendabiziko alea, 2000. urtean bigarrena, eta ostiral goizean aurkeztu dute azkena; mila aldaketa baino gehiagorekin.

Bernardo Atxagaren ‘Bi anai’ eleberrei laburraren edizio berritua argitaratu dute.
Bernardo Atxagaren ‘Bi anai’ eleberrei laburraren edizio berritua argitaratu dute. (Maialen Andres | FOKU)

Bernardo Atxagarekin ez du edonork gosaltzen, ostiral goiz honetan ordea, kazetariekin batera gosaldu du idazleak, bere lan berrituaz mintzatu eta horren aitzakian zenbait hausnarketa plazaratzeko. ‘Bi anai’ liburuaren edizio berritua argitaratu du Erein argitaletxearekin batera, eta gaur egunera egokitutako mila aldaketa baino gehiago egin dituztela kontatu du. Beste aitorpen bat egiteko ere baliatu du gosaria, Asun Garikano aurkeztu du, azken urteetan berarekin batera berak sinatutako liburuak idazten lagundu dion kidea, editorea.

Azken urteetan behin baino gehiagotan izan du aipagai Atxagak ‘Bi anai’ liburuari amaiera aldatuko liokela, Ingalaterrako hedabide batean irakurritako kritika bat tarteko, luzaroan buruan izan duen ideia izan da. Liburu aurkezpenetan spoilerrik ez egiten ahalegintzen dira idazleak, eta kasu honetan ere, amaiera nola aldatu duen ez du aurreratu asteasuarrak, aldaketaren berri eman besterik ez du egin.

Argitaratu ostean idazleak «itxitzat» ematen du liburua Garikanoren ustez, eta onartu du Atxagarentzat ez dela «batere gogoko lana» izan, burua jada hurrengo liburuan zuelako. «Bumeran» tankera hartu dio idazleak ariketa hau egiteari: «Oso zaila da aurrekoari aurre egitea». Baina aldi berean, pozgarria ere badela kontatu du, berriro ere gizartera zabaltzeko aukera ematen duelako, «baina ni amorratu egiten naiz», konfesatu du irri hartean.

Mila aldaketatik gora

Amaiera posible berri baten nahia, eta euskararen egoeraren aldaketa, horiek izan dira edizio berrirako arrazoi nagusiak. Garikanok kontatu du hizkuntza asko aldatu dela azken berrogehi urteetan, «erabiltzen ziren hitz batzuk bazterrean geratu dira, eta egun ez dira erabiltzen, lexikoa asko aldatu da». Bere ustez hitz horiek bazterrean utzi eta erabiltzen direnak txertatu behar dira. Bat dator Atxaga, «narrazioak transparentea izan behar du, irudimenak ez du inolako trabarik behar»; eta bere ustez, ulertzen ez den hitz bakoitza «nabarmen geratzen da» eta «eten bat» sortzen dio irakurleari kontakizunetik ateraz. Hori gertatzea sahiestu dute lan berrian.

Hizkuntza arautuago egoteak asko lagundu duela aitortu du Garikanok, «lehen askoz mantsoagoa zen dena, jada sekulako lana dago eginda eta klik batekin argitzen dituzu gauza asko». Baina zenbait kontzeptu aldatzeaz gain, narrazioan bertan ere egon direla aldaketak kontatu dute, «argiago azaldu ditugu zenbait kontu, eta erritmo biziagoa eman».

Atalak bereizteko modua ere aldatu dute. Atal batetik bestera narratzailea aldatzen da, eta jatorrizko bertsioan zenbakituak ziren atalak. Orain, aldiz, atal bakoitzak bere izena du, eta zein den narratzailea jasotzen du segidan, «horrek helduleku bat ematen dio irakurleari», argitu dute. Horrela, sugea, urtxintxa edota «tartak eta pastelak ekartzen zituzten neskak» ari diren kontatzen hasieratik jakin dezake irakurleak.

«Berme-puntua», Obaba

Narrazioaren mamia ez da aldatu, ordea, eta Atxagak aitortu du bere «berme-puntua» Obabako mundua dela. Irratirako nobelak idazten ari zela sortu zitzaion lurralde bat asmatzearen beharra, eta Obaba sortu zuen. Ondoren, «haren arnasetik» iritsi zela ‘Bi anai’ kontatu du.

Liburuaren ardatza «psikologiarik ez egotea» dela adierazi du, ez dagoela «lexiko Freudianorik»; eta animalien bidez kontatzen du beraz bi anaien barne-bizitza. «Nire hipotesia da leku ruraletan ez dela egon ez psikologiarik, ez politikarik. Barne bizitza beste elementu batzuen bidez kontatu izan da, mamuen bidez esaterako». Eta zailena ere horixe egin zitzaion, elementu horien bidez kontatzea: «Ahalegin tekniko ikaragarria da bi anaien trama kontatzea kutsu psikologikorik gabe».

Obaba «jasotako estereotipoen aurkako borroka» bat dela defendatu du gaurkoan ere, eta landa eremuari erreferentzia eginez, «bazter batean» dagoen eremua dela salatu du. «Balioen mapa eginez gero bazter batean agertuko zen gure mundua. Hirietako ‘señoritoen’ kontrafigura zen gure jendea». Eta landa eremuko zein hirietako bizilagunak estereotipo bihurtzea deitoratu du.

Editoretzaren garrantzia

Autorea jarri ohi da jo-puntuan literaturan, baina Atxagak kontatu du berarentzat «premiazkoa» zela lankide bat izatea, Obabakoak beste hizkuntzetara itzultzerakoan ekin zioten Garikanok eta Atxagak elkarlanari, duela 30 urte, eta geroztik batera egin dute lan. «Laguntza ez nuen itzulpenetan bakarrik behar, bakarrik ez nintzen iristen nahi nuen lekura euskaraz ere», aitortu du idazleak, eta edizio lanaren garrantzia azpimarratu du: «Irakurle oso trebe eta oso arduratsuaren lana da».

Euskal Herrira beste zenbait herrialdeetara baino beranduago iritsi da «editorearen figura» Garikanoren ustez. «Beste begi batzuk aztertzen» dute idazlearen lana, proposamenak egiten dizkie, heldulekuak eman, baina azken hitza autoreak izaten du. Boteprontoan erantzun dio azken erabakia idazlearenaren esanari Atxagak, «nik azkar ematen dut amore».