Nerea Lauzirika

Hutsunea nerabeen sexu heziketan

Integrala izan behar du sexu heziketak, hezkuntzaren alorreko araudi gehienen, sexologoen, hezitzaileen eta nerabeen arabera. Ados daude horretan eta baita egungoa behar bezalakoa ez dela aitortzean ere. Jakin-minak bultzatuta, hutsunea edonolako informazioz betetzen dute gazteek.

Behar bezalako heziketaren faltan, sare sozialen bidez jasotzen dute nerabeek informazioaren gehiengoa.
Behar bezalako heziketaren faltan, sare sozialen bidez jasotzen dute nerabeek informazioaren gehiengoa. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Gero eta gazteago hasten dira nerabeak sexu heziketarik ezak uzten dien jakin-minez betetako hutsunea pornografiarekin eta eredugarritik gutxi duten antzeko edukiekin betetzen saiatzen. “Dale Una Vuelta” elkarteak egindako ikerketa baten arabera, espainiar Estatuko gazteek batez beste 9 urterekin ikusi dute pornoa lehenengoz. Ordea, Hezkuntzaren arloko araudi gehienek aitortzen dute sexu heziketak hezkuntzako alor guztiak zeharkatu behar dituela, alegia, integratua egon behar dela.

Ez da horrelakorik gertatzen, baina, normalean. Alba Gonzalez sexologo eta pedagogoaren arabera, gehienez urtean lau orduz jasotzen dute sexu heziketa ikasleek eta ohikoena da DBH ikasten duten artean ikasturtean behin tailerrak jasotzea. Gonzalezen arabera, ez da inondik inora ere nahikoa: «Hilean matematika hamasei orduz jasota ere badago gainditzen ez duenik, imajinatu sexualitatean nola gabiltzan urtean ordubete jasota».

Gonzalezek azaldu du tailerrok emateko ezinbestekoa dela sexologoa izatea, hartara ikuspuntu sexologikotik eskaintzeko nerabeek behar duten prestakuntza: «Psikologikoa, soziala eta biologikoa». Argi utzi nahi izan du ez dela erizain batek, adibidez, ordezkatu dezakeen lana, ikuspuntu biomedikoan geratzea litzatekeelako.

Hezitzaileek kontuan hartzen dituzte ikastetxearen beraren zein ikaslegoaren ezaugarriak. Gonzalezen arabera, edukia antzekoa izan badaiteke ere, garrantzitsua da adin tarte bakoitzaren interesen eta ulertzeko gaitasunaren araberako gaiak egokitzea.

Lehen hezkuntzan, batez ere gorputza eta harek nerabezaroan izango dituen aldaketak lantzen dituzte, baita autoestimua ere. DBHko ikasleekin, sexu harremanez aritzen dira, horren inguruan izaten baitute zalantza gehien: «Azaltzen dugu sexu harremanean desira, borondatea eta errespetua egon behar direla, plazerra bilatzeko xedearekin». Sexologoak argi utzi nahi izan du ez dituztela tailerrak ikuspuntu koitozentristatik egiten, ezta erreprodukzioa ardatz hartuta ere.

Funtsean, ikasle talde bakoitzaren berezitasunak haintzat hartuta aldatzen bada ere, gorputzaz, sexu aniztasunaz eta sexu harremanez aritzen dira, «betiere genero ikuspegiarekin». Hala ere, sexologoak aitortu du genero ikuspegia zeharka txertatu behar izaten dutela, «bestela ikasleak aurka jartzen zaizkizu».

Tik tok eta instagram
Gonzalezek azaldutakoa da, funtsean, Uxue Madrazo DBHko 4. mailako ikasleak jaso duen sexu heziketa. Ez zaio nahikoa iruditzen eta uste du, behar bezalako heziketaren faltan, sare sozialen bidez jasotzen dutela nerabeek informazioaren gehiengoa. Jakitun da ez dela behar bezalako informazioa, ez baita profesionalek prestatutakoa, eta gustatuko litzaioke tailerrak sarriago jasotzea.

Madrazok ikastetxean izaten du tutorearekin hitz egiteko aukera, ikasleek harekin ezinegonak partekatzeko espazioa badaukatelako. Hala ere, nahiago luke tailerrak ematen dituzten profesionalak eskuragarriago izatea, sexologian formakuntza duten neurrian, egokiagoa baiteritzo zalantzak haiekin argitzeari.

Izan ere, Tik Tok eta Instagram bidez entzun eta ikusten dituztenek gutxi dute sexu heziketatik, Gonzalezen arabera: «Desinformatu egiten dute». Ikasleek kontatzen dizkiotenen analisia eginda, sexologoak argi dauka sare sozialek mitoak zabaltzeko balio dutela, gehien bat, eta gerora frustrazioa eragin dezaketen espektatibak sortzen dituztela.

Sexologian formakuntzarik ez duten ‘influencerrek’ sortzen dituzte gazteek informazio iturritzat dituzten ikus entzunezko edukiak. Sexu heziketarik ezaren ondorioz, zaila da adin horretako gazte batentzat fidagarria eta kalitatezkoa dena estereotipo salda orokortutik desberdintzea. «Esan izan didate bost urteko neskato bat haurdun geratu daitekeela, TikToken ikusi dutelako», jarri du Gonzalezek adibide gisa.

«Irakasleok formakuntza behar dugu»
Ziortza Ordorika eta Mireia Uranga Urritxe institutuko Hezikidetza alorreko arduradunak dira, eta jakitun dira, haiek ere, ematen den sexu heziketa ez dela inondik inora ere nahikoa. Gehiago egin beharko luketela aitortu du Ordorikak eta horretarako baliabideak eskatu ditu: «Irakasleok formakuntza behar dugu».

Alba Gonzalezek deritzo beharrezkoa dela ikastetxe bakoitzean sexologo bat egotea, ikastaroak sarriago emateko, besteak beste. Horrez gain, irakasleek ere heziko dituen norbaiten beharra daukate, sexologoak azaldu duenez: «Irakaslegoak ez badu formakuntza jaso, litekeena da, nahi gabe bada ere, sexu heziketa ematen saiatzean genero estereotipoak edota sexualitatearen inguruko mitoak zabaltzea». Bat dator Ordorika, ezinbestekoa iruditzen baitzaio irakaslegoak gaiaren inguruko behar bezalako formakuntza jasotzea, sexu heziketak hezkuntza osotasunean zeharkatu behar badu.

Faltan botatzen duenaren inguruan galdetuta, sexu heziketa integrala izatea azpimarratu du Uxue Madrazok: «Uste dut ondo egongo litzatekeela irakasgai guztietan txertatuta egotea».

Batzutan lagun, besteetan etsai
Familiak inplikatzea interesgarria iruditzen zaio Gonzalezi, nahiz eta nabarmendu duen nork bere pentsatzeko modua izaki, batzuetan oztopo ere izaten direla familiak. «Badaude oso inplikatuta daudenak; badaude berandu inplikatzen direnak eta nerabezarora arte gaia ateratzen ez dutenak; eta badaude entzun ere egin nahi ez dutenak», azaldu du Gonzalezek. Edonola ere, mezu argia bidali nahi izan du: «Sexu heziketarik eza ere nolabaiteko heziketa da, isiltasunak hezten du».

Madrazok, inguruan ikusten duenean oinarrituta, uste du nerabeen gehiengoak ez duela familiartean sexualitateaz hitz egiten: «Etxean ahizpari galdetzeko aukera daukat, ez dut egiten lotsa ematen didalako, baina badakit ahal dudala». Lagun artean, ordea, naturaltasunez hitz egiten dute, nahiz eta argi ikusten duen oraindik ere gaizki ikusita dagoela neskek sexualitateaz hitz egitea: «Mutilek edozein tontokeri esan dezakete».

Emakundek azaroaren 25aren harira abiatu duen pornografiaren aurkako kanpainarekin kritiko agertu da Gonzalez, haren eraginkortasuna zalantzan jarriz: «Nerabe bati metroan horrelako kartel bat ikustea arrotza egiten zaio». «Alarmismora» jo ordez, sexu heziketa indartzeko baliabideen beharra azpimarratu du.