NAIZ

14 egun bete dituzte harrapatuta Indiako tunel batean 41 langileek

Indiako Armadak ekipamendu berriak bideratu ditu Himalaian eroritako tunelera, dagoeneko 14 egun bertan harrapatuta daramatzaten 41 langile bertatik ateratzeko.

Azaroaren 12an erori zen tunelaren zati bat Himalaian.
Azaroaren 12an erori zen tunelaren zati bat Himalaian. (Arun SANKAR | AFP)

Uttarakhand Himalayako estatuan eraikitzen ari ziren Silkyarako tunelaren zati bat erori zen azaroaren 12an. Erreskate lanak geldotzen dituzten oztopoak gainditzeko ekipamendu berriak bidali ditu bertara Indiako armadak.

Plasma ebakigailu bat da, metalezko habe lodiak eta eraikuntzako ibilgailuak kentzeko gai dena. Horrela, hodi zabal bat zulatzea eta sartzea da helburua, harrapatuta 14 egun bete dituzten 41 langileak atera ahal izateko.

Aurreko erreskate operazioetan, zulaketa makina bat hautsi zen harrapatuta dauden lekutik bederatzi metrora.

Tunelean, gizonek espazio zabal samarra dute, bi kilometro luze eta 8,50 metroko garaiera.

Beste muturrean indusketa lanak ere hasi dituzte, baina lana askoz luzeagoa izango da, 480 metro zeharkatu beharko baitituzte.

Harrapatuta dauden langileek bi aste daramatzate bizirik.  Airea, janaria, ura eta elektrizitatea hodi baten bidez bidaltzen dizkiete. Kamara endoskopiko bati esker, pasa den asteartean, haien familiek ikusi ahal izan zituzten lehen aldiz tunela erori zenetik.

«Moral ona»

Uttarakhandeko ministro nagusia den Pushkar Singh Dhamiren arabera, langileek «moral ona» dute eta telefono zentral bat dute familiekin komunikatzeko.

Asteazkenetik, agintariek behin baino gehiagotan esan dute zorioneko irteera bat espero dutela datozen orduetan.

Gobernuak, ordea,  arazo teknikoak, Himalaiako lur «zaila» , eta eman daitezkeen «ezustekoak» aipatu ditu.

Atzo enegarren zulaketa eten ondoren, Indrajeet Kumarrek, bere anaia Vishwajeet tunelean harrapatuta dagoela kezkatuta, «negar egiteko gogoa» zuela onartu zion 'Times of India' egunkariari eta ez duela ulertzen zergatik behar den hainbestre denbora denbora langileak ateratzeko.

Syed Ata Hasnainek, erreskate lanetako arduradunetako batek eta jeneral ohiak, «pazientzia» eskatu du.

«Oso operazio zaila da», esan die kazetariei. «Mendiei aurre egin behar zaienean ezin da ezer aurreikusi. Egoera honek gerra dirudi», amaitu du.