Eszenatokiek garrantzia berezia dute Dolores Redondoren literaturan, eta hala da ‘Uholdearen zain’, Danele Sarriugarteren itzulpenez eta Ereinekin argitaratu duen nobelan ere.
Eleberriak Glasgow eta Bilbo ditu kokagune, bi plano eta hamarkada ezberdinetan. Lehena 1968 eta 1969. urteen artean gertatzen da: tarte horretan, Eskozian ezagun egin zen John Biblia serieko hiltzailea, hiru emakume hil zituela egotzita bere arrastoaren atzetik ibili baitzen polizia eskoziarra, baina sekula ez zuten atxilotzerik lortu.
Benetako gertakari horren haritik tiraka josi du Redondok ‘Uholdearen zain’, kontakizuna 80ko hamarkadako Bilbora ekarrita. Hura da bigarren planoa, fikziozkoa, 1983ko uholdeen atarian dagoen Bilbora ihes egingo baitu hiltzaileak eta, bihozkada bati jaramon eginez, bere atzetik abiatuko da Noah Scott Sherrington polizia ikertzaile eskoziarra ere.
Hitz bitan eta bideo baten bidez hartu du hitza aurkezpenean Danele Sarriugarte itzultzaileak. Aurretik ere itzuliak ditu idazle donostiarraren zenbait eleberri eta sobera ezagutzen du haren idazkera. Redondoren eleberria «serieko hiltzaileen perfil psikologikoak sortzeari buruzko liburu bat» dela nabarmendu du eta nobelak Bilboko egoera soziopolitikoaren berri ere ematen duela jarri du balioan. Itzultzerakoan, erronka nagusiak hizkuntzaren aldaerak islarzea, erritmoari eustea eta hiztegi berezitua zaintzea izan direla zehaztu du.
Aurkezpenean egon da baita ere autorea bera. Redondok 1983ko uholdeen gaia eleberri batera aspaldidanik eraman nahi zuela esan du, «nik ere bizi izan nituelako, baina Bilbotik kanpo. Maiz, kontatu nahi ditudanek eta eszenatokiek bat egiten dute», adierazi du, eta Baztango trilogiarekin gertatua jarri du adibide: «Lekuen ehiza moduko bat egitera irten nintzen eta Elizondora iritsi nintzenean ikusi nuen nobela aberastuko zuten hainbat elementu zituela: historia, arkitektura, kondairak eta hizkuntza mantendu diren modua...».
Kasu honetan, Bilbo aurretik ezagutzen zuela aipatu du, baita lehen aldiz zazpi urterekin zapaldu zuenean «Pasai Antxo baino itsusiagoa» iruditu zitzaiola aitortu ere, eta Bibliaren historia ezagutu zuenean bi elementuek, kokalekuak eta istorioak, bat egin zutela aipatu du.
80ko harmadako Bilbok Glasgowekin zituen «antzekotasunak» ere izan ditu hizpide: «Prostituzioa, kaleko bandak, heriona... zeuden Glasgowen, eta lizunari aurre egiteko proiektu arkitektoniko bat ere jarri zuten abian, baina krisialdia iritsi eta eraitsia geratu zen hiria».
Bilboko garaiko egoera soziopolitikoaz ere hitz egin du. «Nobelak ez luke zentzurik zer zegoen kontatuko ez banu. Festaz-festa zebiltzan ‘oin beltzak’ edo hippieak, Ertzaintzaren lehen egun horiek, tentsio politikoa eta uneoro kalean zegoen polizia hori... Nik 14 urte nituenean beldurra sentitzen nuen horiek ikustean, eta hori islatu nahi izan dut. Bazidurien gerrara zihoazela, beldurgarriak ziren», oroitu du.
Bibliaren atzetik dabilen ikertzailea Bilbora iristen denean Ertzaintzarekin elkarlanean hasten dela aurreratu du Redondok, eta Bilbon uholdeak egon zirenean «Ertzaintzak 18 auto eta helikoptero bat soilik» zituela esan du. «Jaioberria zen Ertzaintza, ez zuen gainerako poliziarekin kontakturik, eta niretzat oso polita izan da alderdi honen dokumentazioa egitea, kontatzea Ertzaintzaren hastapenetan gauzak aldatzeko zegoen gogoa, ilusioa eta nola lortzen zuten informazioa aurrera egin ahal izateko», esan du.
80ko harmarkadako polizia eskoziarraz esan du «zakarrak» zirela, «eskuak erraz ihes egiten zien horietakoa», eta Sherringtonek bihozkada bati jarraitzen badio ere batez ere «bere buruari bigarren aukera bat» ematen ari den polizia dela azaldu du. Bihotzeko arazoak ditu, eta «bizitzeko egunik geratzen ez zaionean ohartuko da bizitzaren garrantziaz», esan du.
Amaitu aurretik, hurrengo nobela idazten ari dela iragarri du, «eta nahiko aurreratua dut gainera», jakinarazi du. ‘Uholdearen zain’ eleberria proiektu literario berri horren «hasiera» dela esan du, «baina oraindik ez diot izenik jarri. Espero dut hurrengo eleberria laister egotea amaituta».