NAIZ

Lointek Gernika Bizkaiak Stephanie Watts fitxatu du Grace Bergerren hutsunea bete nahian

Hegaleko estatubatuarrak 26 urte dauzka eta 1,80 metro neurtzen ditu. Azken aldian Australian eta Zeelanda Berrian aritu bada ere, WNBAn ere aritutakoa da eta baita Emakumeen Endesa Ligan ere, iaz Cadi La Seu talde katalanean jokatu baitzuen. Hiruko jaurtitzaile bikaina da eta erreboteetan trebea.

Stephanie Watts, Lointek Gernika Bizkaiaren azken fitxaketa.
Stephanie Watts, Lointek Gernika Bizkaiaren azken fitxaketa. (@LOINTEK GERNIKA)

Hatz bateko hezur bat hautsita Grace Bergerrek Lointek Gernika Bizkaiak laga ostean, arin ibili da talde bizkaitarra eta badu dagoeneko ordezkoa: Stephanie Watts, 26 urte eta 1,80 metroko hegaleko estatubatuarra ekarri du denboraldia amaitu bitartean.

Ipar Carolinako Unibertsitatean ikasi eta ekin zion kirol ibilbideari eta WNBAn ere jokatu zuen 2021ean, Chicago Sky taldearekin. Emakumeen Endesa Ligan ere badu eskarmentua, iaz Cadi La Seu talde katalanaren elastikoa defendatu baitzuen, belauneko lesio larri bati buelta eman ostean. Batez beste 10,9 puntu eta 3,9 errebote lortu zituen eta %39,6 asmatu zuen hirukoetan.

Gernikara etorri aurretik, berriz, Puerto Ricoko Cangrejeras de Santurce, Australiako Sidney Flammes eta Zeelanda Berriko Tomonakawa taldeetan ere aritu izan da Watts. Azken talde honetan Maya Dovson pibotarekin kointziditu zuen. Gogoan izan behar da Dovson ere Lointek Gernika Bizkaiak fitxatu zuela pasa den udan, baina haustura baten erruz oraindik bajan dagoela. Hala, bere ordez Crystal Bradford fitxatu zuen talde gernikarrak.

«Eskolta baino hegalekoa da fitxaketa berri hau», adierazi du Mario Lopez, Lointek Gernika Bizkaia taldeko kirol arduradun eta entrenatzaile ohiak, talde gernikarrak bere webgunean jasotzen dituen adierazpenetan. «Jokalari ezberdina da Grace Bergerrekin gonbaratuz gero, baina maila handikoa, nolanahi. Baloia eskuetan duela ez da Berger bezain trebea, baina urrutiko jaurtiketan eta erreboteetan asko eman diezaguke. Hegaleko postu horretan hankamotz xamar genbiltzan orain arte eta Nikitinaite bai eskolta eta baita hegaleko lanak ere bete beharrean ibili da, eta fitxaketa berri honekin zulo hori estaltzen dugula uste dut», gaineratu du.

Lopezen aburuz, «Emakumeen Liga aurrez ezagutzeak taldera errazago ohitu dadin lagunduko du. Defentsan oso argia da eta errebotea zaintzeko orduan ere trebea da. Unibertsitatean zela izar bat bihurtzeko bidean zegoela zirudien, baina egia da belauneko lesio larri horrek bere garapena neurri baten eten egin zuela. Hala ere, Cadi La Seun egin zuen lana aintzat hartuta, badirudi berriz ere bide onean jarri dela. Ikusi egin behar gure taldean martxa hartzeko zenbat denbora beharko duen, duela pare bat hilabete amaitu zituelako lanak Australian».

Taldea luzatu beharra

Ondo etorriko zaio talde bizkaitarrari taldea luzatzeko aukera, azken neurketetan gertatu denari so eginez gero. Zaragozan hirugarren laurdenera arte tamaian eutsi ziuoin Lucas Fernandezen taldeak, baina nekea pilatu zelarik, azkenean 88-56 galduta, sekulako belarrondokoa jasota amaitu zuten.

Zer esan asteazken honetan Polonian galdutako partidari buruz. Emakumeen Eurocupeko hurrengo kaporaketara sailkatuta egonagatik, arerio ez hain gogor baten aurka jokatzeko abagunea galdu zuten bizkaitarrek Sosnowiec taldearen kantxan 70-69 galdu eta gero. Aurreneko erdia kontrolpean eraman zuen Lointek Gernika Bizkaiak eta hala, atsedenaldira 31-38 aurretik iritsi zen, nahiz eta Crystal Bradford gabe jokatu, azken orduko baja izan baitzen.

Aurreneko erdian lan ona egin arren, defentsako erreboteak harrapatzeko orduan bazuen nahikoa komeria talde bizkaitarrak eta minutuek aurrera egin ahala, neurketa katramilatuz joan zitzaion. Hirugarren laurdena 54-53 atzetik amaitu zuen eta partidaren azkenean irabazteko aukera izan bazuen ere, Sofia Da Silvak azken unean egin zuen jaurtiketa uztaian geratu zen.

Beraz, bistakoa da Lucas Fernandezen talderi ondo etorriko zaiola Stephanie Wattsen mailako beste jokmalari bat eduki ahal izatea. Ikusteko dago, hori bai, domeka eguerdian Maloste kiroldegian Kutxabank Araskiren aurkako euskal derbian jokatzerik izango duen hegaleko estatubatuarrak, eta jokatuta ere, nahiko galduta ibiliko da.

Bestalde, Kutxabank Araskiri ez litzaioke halako aukeraren bat gaizki etorriko. Tamara Seda zalantzan dago belaunean Kanaria handiaren aurka izan zuen bihurrituagatik. Azterketa medikuen arabera lesio larririk ez badu ere, ezin izan zuen pasa den zapatuan IDK Euskotrenen aurkako derbian parte hartu eta gasteiztarrek Mozanbikeko pibotaren uztaipeko sendotasuna faltan bota zuten.

Egia da, era berean, Lointek Gernika Bizkaiaren barruko jokoa ez dela IDK Euskotrenena bezain sendoa –batik bat Bradford kanpotik barrurantz jokatzen zalea delako– eta akaso zentzu horretan igandeko derbia ez da hasiera batean, sailkapenari so eginez gero –hiru garaipen gasteiztarrek, bikoitza Lointek Gernika Bizkaiak–, dirudien bezain desorekatua izango.