«Larunbatean, denok Gascara!», adierazi du partida bezperako agerraldia amaitzeko Azu Muguruzak, IDK Euskotreneko entrenatzaileak. Izan ere, larunbatean 18.00etan Perfumerias Avenida ahaltsuak bisita egingo du Donostiara, eta Salamancako taldea nola ari den ikusita denboraldiaren hasiera luze honetan, ikuskizuna aintzat hartzekoa izango da.
Iaztik hona hainbat aldaketa egin ditu Gaztelako taldeak, baina aldaketa hauek –eta Mariella Fasoula pibot greziarra galdu dutela aintzat hartuta, belauna txikitu baitzuen denboraldia hasi berritan– ez diote kalterik egin. Emakumeen Endesa Ligan orain arte jokatu dituen bederatzi partidak irabazi ditu, tartean Valentzia Basket egungo liga txapeldunari, eta batez beste 20 puntuko aldeaz ari da neurketak aurrera ateratzen. Euroligan, berriz, bere multzoko hirugarren postuan doa, zazpi jardunaldiren ostean lau irabazita, azkena asteon, 65-81 Hungarian, Gyor taldearen etxean.
«Dena dugu irabazteko eta galtzekorik, berriz, ezertxo ere ez», iritzi dio Azu Muguruzak neurketaren bezperan. Hori egia izanda ere, partida aurrera ateratzeko aukerarik balego, hobe luke IDK Euskotrenek berau pasatzen ez uztea. Iaz, esaterako, 83-70 nagusitu zitzaion talde donostiarra artean Roberto Iñiguez de Heredia gasteiztarrak zuzentzen zuen Perfumerias Avenidari, Salamancako taldearen aurka lehenengoz gailentzea lortuz.
«Ilusioz gainezka jokatu beharreko partidak dira hauek, zer galdurik ez daukagulako. Hain talde bikainen aurka ilusio hori nahitaezkoa da neurketa irabazi nahian aurre egiteko. Gutxienez, gauzak ahalik eta zailen jartzen ahaleginduko gara», azpimarratu du Azu Muguruzak.
Pasa den asteburuan Kutxabank Araskiren aurka euskal derbian 58-71 nagusituta, donostiarrak Emakumeen Endesa Ligako seigarren postuan daude, bosgarren doan Lointek Gernika Bizkaiarekin 6-3 balantzearekin berdinduta. Kopan sartzea denez gipuzkoarren helburuetako bat, egia da bide onetik doazela, zortzigarrena den Jairisek baino bi garaipen dituztelako. Hori bai, Perfumerias Avenidaren aurka inor gutxik espero duen garaipena erdietsiz gero, orduan eta egoera aproposagoan legoke Azu Muguruzaren taldea zortzi onenen barruan iltzatuta geratzeko. Are gehiago aurreneko itzulia amaitzeko sei jardunaldi falta direna kontuan izanda.
Xede horri jarraituz, eta jakinean Yurena Diazek oraindik puska baterako baduela, asteon fitxaketa berri bat egin du IDK Euskotrenek: 34 urte eta 1,75 metroko Jori Davis estatubatuarra. Hori eta gehiago beharko du talde donostiarrak gaztelarrak gainditzeko. Nolanahi, egia da ere Perfumerias Avenidak azkeneko liga jardunaldian uste baino gehiago sufritu zuela Cadi La Seu gainditzeko: 65-59 nagusitu ziren, baina 14 puntu, 11 errebote eta 30eko balorazioa lortuta, Sika Kone hegal-pibotak jardunaldiko Jokalari Baliotsuenaren MVP saria eskuratu zuen.
Salamancako taldean, bestalde, Donostian jokatzea zer den ondo dakien Antonia Delaere hegalekoak jokatzen du. Belgikako selekzioarekin pasa den Eurobasketean urrezko dominaren jabe, Delaere klase handiko jokalaria da, tarteka «desagertzen» baldin bada ere. Hala ere, Pepe Vazquezek zuzentzen duen taldeak behar adina errekurtso ditu jokalariren batek kale eginez gero, beste bat azaldu eta neurketa aurrera ateratzeko. Besteak beste, Nicole Hartley jokalari frantsesa, Silvia Dominguez antolatzaile beteranoa, Hondarribia-Irunen eskutik asko hazi zen Laura Gil pibota... Horien guztien aurrean ez du, ez, zer galdu askorik IDK Euskotrenek.