Lointek Gernika Bizkaiak Flandriako Kangoeroes Mechelenen aurka jokatuko du Eurocup Womeneko lehenengo kanporaketa. Talde gernikarrak Europako lehiaketetan beti jo iuzan duen sabaia hausteko abagune polita dirudi honako honek. Hasteko, aurreko urteetan oso aurkari gaitzak egokitu zaizkiolako –duela bi urte egun Euroligako txapeldunordea den Mersin Çukurova talde turkiarra eta pasa den ekitaldian, berriz, Poloniako Enea Gorzow– eta bestetik, kantxa faktorea ere alde izango duelako.
Final-hamaseirenetako kanporaketa honetako lehenengo dema Flandrian jokatuko dute abenduaren 14an, oraindik zehazteke dagoen ordutegian. Bueltako norgehiagoka, berriz, Malosten jokatuko da, abenduaren 20an, 20.00etatik aurrera.
Kangoeroes Mechelen bigarren izan da E multzo berdinduan, hiru taldek amaitu dute lau garaipen eta bi porroteko balantzearekin –Panathinaikosen aurka galdu zuen etxean 87-91 urriaren 12an eta Besiktasen etxean, Istanbulen, 93-79 galdu zuen azaroaren 22an–. Etxeko ligan, berriz, zazpi partida jokatu ondoren oraindik ez du neurketarik galdu.
«Fase honetara iristea zen gure helburua eta hargatik, pozarren gaude», adierazi du hasteko Lucas Fernandezek, Lointek Gernika Bizkaiako entrenatzaileak. «Hemendik aurrera, badakigu arerioa bat izan edo bestea izan, oso lehiakorra izango dela, eta bistan da Kangoeroes Mechelenek talde oso ona eraiki duela, Belgikako Ligan orain arteko guztia irabazi baitu. Belgikako selekzioan ari diren pare bat jokalari ditu eta oro har, maila fisiko altuko arerioa izango da», gaineratu du.
Jokalariei dagokionez, Emakumeen Endesa Ligan jokatu duten hainbat jokalari daude Arvid Dielsek zuzentzen duen taldean: Laura Resimont, Paula Strautmane o Heleen Nauwelaers, esaterako.
Aipatu hiru jokalariak dira taldeko zutabe nagusiak Elina Aarnisalo finlandiar gaztearekin eta Catherine Reese eta Rae Burrell estatubatuarrekin batera. Belgikarrak jokamolde oso erasokorra dute, bataz beste, 86 puntu sartzen dituztelako. Resimont, Aarnisalo, Reese eta Burrellek batez beste 10 puntu baino gehiago sartzen dituzte eta Strautmane zein Nauwelaers, aldiz, 10 punturen atarian daude.
«Erasoan zein defentsan arerio oso arriskutsua egokitu zaigu, maila fisiko handia baitu Kangoeroes Mechelenek. Ziur gaude, kanpoan zein etxean, gure onena eskatuko digutela aurre egiteko», azaldu du Lucas Fernandezek.