NAIZ

Euskal Herriak behar duen «birsortze politikoa» EH Bilduren eskutik etorriko dela dio Urruzunok

Unai Urruzuno EH Bilduko Mahai Politikoko bozeramaileak EAJ «iparrik gabe» eta «barne-krisian murgilduta» dagoela iritzi eta Euskal Herriak behar duen «birsortze politikoa» EH Bilduren eskutik etorriko dela ziurtatu du Ondarroan.

Unai Urruzuno EH Bilduko kidea.
Unai Urruzuno EH Bilduko kidea. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Ondarroan prentsaren aurrean egindako adierazpenetan, EH Bilduko Mahai Politikoko bozeramaile Unai Urruzunok EAJren «krisi sakona» izan du hizpide. Bere hitzetan, Iñigo Urkullu egungo lehendakariaren «erreleboa modu ordenatuan kudeatzeko ezgauza» agertu da EAJ eta «harrigarritzat» jo ditu Andoni Ortuzarrek emandako azalpenak ere: «Ez zen gai izan azaltzeko zergatik baztertu zuten Urkullu eta zergatik egin zuen apustu Sabin Etxeak Pradalesen alde. Hautagaia izendatzeko erretratu-robot zehatz bat diseinatua dutela baino ez zuen esan», ekarri du gogora.

Ortuzarren alderdia «aspalditik iparrik gabe», «ernegatua» eta «barne-krisi sakonean murgilduta» dagoela ere iritzi du, eta krisialdi hori Lakuako Gobernura ere iritsi dela ziurtatu du: «Gobernu agortua da. Ez dugu guk esaten. Hitz horiek Jaurlaritza sostengatzen duen beste hankak erabili ditu, PSEk, Ebeko Andueza idazkari nagusiaren ahotik», esan du. Jarduneko gobernuak «errealitatea ukatzen» eta erantzukizunak «gainerakoen gainean uzten tematuta» jarraitzen duela argudiatu du, «baina begiak itxi arren, elefanteak hor jarraitzen du», ohartarazi du.

Gauzak hala, Euskal Herriak «birsortze politikoa» behar duela iritzi du Urruzunok. «Leihoak ireki behar dira aire berria sartzeko, politika publikoak norabide egokian kokatu behar dira, eta berriro ilusioa piztu behar da herri honetan. Eta horrek guztiak ez ditu funtzionatzen ez duten formulak eta politikak errepikatzen», esan du.

Besteren artean, Osakidetzak bizi duen egoera, Ertzaintzaren «krisia», hezkuntza biziberritzeko beharra, trantsizio energetikoa eta krisi demografikoa izan ditu hizpide, eta afera horien konponbideak proposamen berrietatik etorriko direla ziurtatu du: «Konponbideak ez dira etorriko gauza bera egiten jarraitzen badugu». 

Urruzunoren iritziz, «birsortze politikorako garaia da» eta «hori EH Bilduren ilusiotik eta hazkunde iraunkorretik baino ez da etorriko. Herri honen etorkizuna EH Bildu da. Herri honetan aldaketa eta errejenerazio politikoa EH Bilduren eskutik baino ez da etorriko. Etorkizuna EH Bildu da», berretsi du.