Lau egunen bueltan txapelketako bi partida jokatu beharrak –hirugarrena ostiralean jokatuko dute Donostian Artola-Imazen aurka– ez die batere freskotasunik kendu sasoiko diren Elordi-Rezustari eta Binakako txapelketako liderrak dira, emaitzez, eta jokoz, bigarren puntua lehenengoa bezain erraz eskuratuta. Ezkurdia eta Tolosak, ordea, lehen eguneko sendotasuna eta lehiakortasuna bidean galdu dituzte eta, partidan sartzea asko kostata, uste baino lan gutxiago eman diete mallabitarrari eta bergararrari.
Konturatzerako, markagailuan alde handia zutela jarri dira Elordi eta Rezusta, Eibarko osteguneko partidaren jarraipen bat bailitzan. Eraman gabeko pare bat saketik eta Ezkurdiak eta Tolosak goiko koltxoira botatako hiru pilotekin, berehala ireki dute zuloa gorriek eta gero ez dute alde hori kudeatzeko arazo handirik izan.
Izan ere, Astelenan erakutsitako sentsazio onak berretsi ditutzte gaur, bertatik ez oso urrun, mallabitarrak eta bergararrak. Ematen du txapelketak sasoi puntu onean harrapatu dituela biak, fresko daude oso, eta pilota abiadurarekin irten zaie eskutik. Aurrelari txapeldunak uda osoan izan ez duen jokoa harrapatu du berriro, oso gutxi behar du tantoa amaitzeko eta Binakako honetan, gainera, zuloak irekitzen dizkion atzelari bat topatu du Beñat Rezustarengan. Gipuzkoarrak uda polita osatu du eta orain arte jokatutako bi partidetan bizkarra erakutsi die, nabarmen, parean izan dituen atzelariei.
Beste aldean, ordea, atsedenerako denbora gehiago izan duten arren, Azkoitian horren itxura ona utzi zuten Ezkurdia eta Elordik ez diote orduko sendotasunari eusterik izan. Egia da hasieran galdutako pilota batzuk graziarekin galdutakoak izan direla, baina ez dute markagailuan atzetik zirela jokatzen jakin.
Izan dute, 9-5 gerturatu direnean, bolada on bat partidan zehar, baina gehienean euren jokoa topatzeko modurik topatu. Azkoitian bien artean Zabaleta deseroso sentitu arazi bazuten, gaur Rezustak zuzen jokatu ahal izan du partida guztian zehar eta Bergarakoak horrela jokatzen duenean ia ezinezkoa izaten da hari aurre egitea.
Gainera, behar baino pilota gehiago galdu dituzte –txapekin ere ez dute zorte handirik izan– eta garaipenetik oso urrun geratu dira.
Unai Laso bueltan
Baikok gaur arratsaldean baieztatu duenez, egindako azken entrenamenduan sentsazioak onak izan direnez, Unai Lasok asteazken honetan jokatzea erabaki du eta Beotibarren izango da, Arangurenekin batera, Artola eta Imazen aurka jokatzeko. Ekainaren 12an egin zioten Bizkarreta-Gerendiandgoari ebakuntza aldakan eta, denboraldi luze batez kantxetatik at egon ostean, bueltan da 2022ko Buru Buruko txapelduna.
FITXA TEKNIKOA:
Elordi-Rezusta:22
Ezkurdia-Tolosa: 11
Pilotakadak: 351. Iraupena: 47,41 minutu. Markagailua: 7-0, 7-1, 9-1, 9-5, 12-5, 12-6, 14-6, 14-7, 18-7, 18-8, 20-8, 20-9, 21-9, 21-11 eta 22-11. Sakeak: 4 Elordik eta 1 Ezkurdiak. Egindakoak: 8 Elordik, 2 Rezustak, 3 Ezkurdiak eta 1 Tolosak. Galdutakoak: 4 Elordik, 2 Rezustak, 2 Ezkurdiak eta 5 Tolosak. Gorabeherak: Sarrera bikaina, goraino betea, Mallabiko pilotalekuan.