NAIZ

131 herritan martxan da ‘Eskatu Eskaini Euskaraz’ kanpaina ostalaritza eta merkataritzan

Merkataraitza eta ostalaritza euskaraz sustatzeko martxan da ‘Eskatu Eskaini Euskaraz’ kanpaina Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 131 herritan. Helburu bikotza du: erosteko unean herritarrek euskara erabiltzea, eta herriko merkatari eta ostalariei euskaraz erantzutera animatzea.

Astelehen goizean aurkeztu dute ‘Eskatu Eskaini Eusakaraz’ kanpaina
Astelehen goizean aurkeztu dute ‘Eskatu Eskaini Eusakaraz’ kanpaina (Irekia)

Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak laugarren urtez jarraian jarri du martxan ‘Eskatu Eskaini Euskaraz’ kanpaina, merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera sustatu eta erabiltzaileak sentsibilizatzeko asmoz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 131 udalerritan egingo da.

Astelehen honetan Gasteizen egin den aurkezpenean jakinarazi dutenez, kanpainak helburu bikoitza du: herritarrak eta kontsumitzaileak aktibatzea eroste eta kontsumitzeko unean euskara erabiltzera, eta jarduera ekonomikoa herrian duten merkatari eta ostalariak gonbidatzea euskaraz gerturatzen zaion herritarrari euskaraz keinu egitera.

Kanpainaren laugarren edizioa da aurtengoa, aurreko urteetan bezala, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek, Eudelek, UEMAk eta hainbat mankomunitate eta kuadrillak bat egin dute. Orotara, Arabako zazpi herrik, Bizkaiko zortzik eta Gipuzkoako bederatzik egin dute bat ekimenarekin, baita UEMAko 107 udalerrik ere.

Gainera, aurkezpenean azaldu dute aurtengo kanpainak bete-betean egiten duela bat Lakuak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak lankidetzan ekainean martxan jarri zuen ‘Euskaraz Barra-Barra’ marka berriarekin. Uda hasieran sortutako ikur berriak euskaraz hitz egiteko guneak identifikatzea du helburu, herritarrak gune horietan «estres linguistikorik gabe» aritzeko.

Marka ikusgai dagoen establezimenduetan, gutxienez, ulermena bermatuta dago. Horrez gain, euskaraz hitz egiteko gonbidapena ere izan nahi du marka berriak. Horrela, bada, establezimendu askotan bat egingo dute ‘Euskaraz Barra-Barra’ markak eta ‘Eskatu Eskaini Euskaraz’ kanpainak.

Parte-hartzaileen jarrera baikorra

Lakuako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek, Gasteizko Udaleko Euskara zinegotzi Maria Nanclaresek, Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako diputatu Jone Berriozabalek eta Aenkomer eta Gasteiz On merkataritza elkarteetako ordezkariek hartu dute parte Oihaneder Euskararen Etxean egindako agerraldian.

Dobaranek agerraldian azaldu du ‘Eskatu Eskaini Euskaraz’ kanpaina bere ibilbidea egiten ari dela azken lau urteotan udalek kanpainarekiko izan duten «parte-hartze onagatik». Gainera, aurten berrikuntza batekin datorrela esan du, ‘Euskaraz Barra-Barra’ marka izango duten establezimenduetan ere euskara erabiltzeko gonbidapena egitera baitator.

Bestalde, Nanclares erakundeen eta merkataritza elkarteen arteko lankidetzak emandako fruituez aritu da. Bere hitzetan, «hemen gauden erakunde eta elkarte guztiok norabide berean egiten dugu arraun, helburu berarekin: bezeroak eta merkatariak konektatzea, harremanak euskaraz izan ditzaten. Bai ostalaritzako edo merkataritzako negozio batean sartzen diren pertsonek, bai arreta ematen dutenek, hasieratik euskaraz hitz egiteko beldurra galtzea».

Azkenik, Berriozabalek azpimarratu du «bidezkoa» dela sektoreak azken urteotan egindako ahalegina aitortzea. «Araba euskaldunago batean, bertako enpresak gizarteak berak planteatutako aldarrikapenak gogoan hartzen hasi ziren, eskaintzen zituzten produktu eta zerbitzuei euskararen balioa erantsiz», azaldu du.