Binakako Txapelketan hautsi zuen aldaka Unai Lasok eta Binakako Txapelketan, 2024ko edizioan baina, itzuliko da. Jakina zen hori, aurreko egunetan konfirmatu baitzen aurrelari nafarrak Arangurenekin bikote «titularra» osatuko zuela asteazkenean Beotibarren Artola eta Imazen aurka, ligaxkako bigarren jardunaldiari dagokion azken norgehiagokan.
«Gogotsu» dagoela adierazi du Bizkarreta Gerendiango aurrelariak material aukeraketan. Nola ez da ba gogotsu egongo, maiatzaren 12tik partidarik jokatzeke egon eta gero? Lesioa hilabete aurretik izan zuen, apirilaren 2an, Binakako Txapelketako finala Imazekin batera elordi eta Zabaletaren aurka jokatzen ari zela. Markagailua 12-16 aurka zuten Baiko enpresako pilotariek eta tanto nahasi baten ostean, aurrez Imaz bere atzelaria erori zen txoko berean laban egin eta erori zen Unai Laso bera. Imazek galdu zuen tanto hura, zutitzeaz bat bere aurrelaria minez zebilela sumatu ostean.
«Badirudi aldaka aldean edo duela min. Aurrez beste mokorrean hartu zuen min, baina keinu txar berdintsua egin du, nonbait. Molestia handia nabari du, baina espero dugu jarraitzeko moduan izango dela», adierazi zuen Aimar Olaizola pilotari ohi eta egun Baikoko kirol zuzendariak.
Jarraitu zuen, jarraitu, Unai Lasok eta 13-22 galdu zuen Imazekin batera. Handik aurrera kantxara gehiagotan ere atera zen, baina beti minez, mediku azterketen ostean «eskuin aldakako labrumeko haustura» antzeman eta ebakuntza gelatik pasa beharra erabaki zen arte.
Ekainaren 12an pasa zen ebakuntza mahaitik eta operazioa «arazorik gabe» joan omen zen, Mikel Sanchez traumatologo ospetsuaren aginduetara. «Ebakuntza espero bezala joan da, bestelako, arazorik gabe. Labrumean haustura zuen eta lesio txiki bat ere antzeman zaio kartilagoan. Beharrezko errefortzua ezarri zaio eta gauzak ondo, 24 orduren buruan jasoko du ospitaleko senda-agiria. Handik aurrera, ebakuntzako puntuak kendu beharko dizkiote hamar bat egunen buruan eta orduan hasiko da bere errehabilitazio prozesua», adierazi zuen Baikoko sare sozialen bitartez Iñigo Simon sendagileak.
«Zenbat denbora beharko duen beharko duen berriro galtza zuriak janzteko esatea zaila da halakoetan, baina sei bat hilabete inguru beharko dituela kalkulatu liteke gutxi gorabehera», gaineratu zuen Iñigo Simonek berak.
Bada, enpresako sendagileak aurrez eginiko kalkuluak nahi zorrotz bete direla esan behar, asteazkenean jokatzeko moduan egongo baita Unai Laso, azken aldian bere entrenamenduak gimnasioan ez ezik pilotalekuetan ere egin ahal izan dituelako.
Nahia, gogoa, beharra eta errealitatea
«Gogotsu nago lehiatzeko, ea nola ikusten naizen kantxan. Azkenean, horixe da gustatzen zaiguna pilotarioi eta, oro har, kirolarioi, eta tira, gogotsu, bai», azaldu du, labur-labur, Bizkarreta-Gerendiango aurrelariak.
Esan gabe doa partida zaila izango duela berriz ere martxa hartzen hasteko. Azken aldian «gusturago eta konfianza gehiagorekin» dabilela onartu arren, alperrik ez dira sei hilabete pasa, ezta bi aste ere Binakako Txapelketako bikoteen antolaketa modu kritikoan aztertu zituenetik ere.
«Ez ditut bikoteak ulertzen, ez nago ados eta ez dut esaten Arangurenekin jokatzeagatik. Nik uste dut ez dutela txapelketa ondo atondu, nik enpresarekin hitz egin nuen eta aurten atzean laguntza handiagoa behar nuela esan nien, ez nintzelako %100ean irtengo eta ez dute kontuan hartu eta ez nago batere ados», kexatu zen.
Arangurenekin jokatzea ez ei da arazo eta pilota aukeraketan giro ederrean ibili dira bai Laso nola Aranguren, eta baita asteazkenean aurkari izango dituzten Artola eta Imaz ere. Baina Baiko enpresako izar nagusienetako bat izanik –bere garaian enpresa bilbotarrak ostikoka bota bazuen ere, eta bera afizionatuetan jaun eta jabe zen bitartean, Baikoko pilotari gehienek greba egin zuten bai bera eta baita Jon Mariezkurrena ere berriro enpresan onar zitzaten– eta Binakako Txapelketara horren justu iritsi delarik, atzelari jotzaileagoren bat esperoko zuen bizkarzain lanetan, Aranguren baino.
Eta desioaren aurrean errealitatea gailendu ohi denez, hasteko eta bat bere bikoteak debut ezin aldrebesagoa izan zuen: Larrazabalekin bikoa osatuz 22-7 galtzaile atera zen Aizarnazabalen azaroaren 25an Jaka eta Mariezkurrenaren aurka eta ligaxka oraindik oso luzea izango bada ere, berehala komeni zaie, bai aurrelari nafarrari eta baita bere bikoteari ere, jokoan jartzea, bestela martxa hartzerako aukera askorik gabe geratzeko arriskuan izan litezke.
«Nire helburua erritmoa berreskuratu eta maila hartzea da», gaineratu du Unai Lasok, baita «beldurra gainetik kentzea» ere. Bere hitzetan, aurreneko entrenamenduetan «beldurra sentitzen nuen zabalera abiatzen nintzenean, baina pixkanaka beldur hori galtzen ari naiz». Badaki abendua hilabete zaila izango duela, Binakako Txapelketako sei partida jokatu beharko dituelako, baina bere iritziz, «partidak jokatu ahala, beldurra galdu, jokoa hartu eta maila berreskuratzea» izango da bere aurreneko egitekoa, emaitzak ahaztu gabe, noski.
Aurrean Artola eta Imaz izango dituzte. Hauek ere aurreneko jardunaldian ezin izan zuten 22ra iritsi, Peña eta Albisuren aurka 19an geratu baitziren neurketa gogor baten ostean.
«Aurkari gogorrak eta sendoak dira, eta Iñakik –Artolak– konfiantza handia hartu du udan egindako lana eta gero. Zaila izango da, noski, baina borrokatzera aterako gara», adierazi du Bizkarreta-Gerendiaingo pilotariak.