NAIZ

Deslokalizazio kasuetan enpresek diru-laguntza itzultzea adostu du EH Bilduk EAJ eta PSErekin

Deslokalizazioa egiten duten enpresek azken zortzi urteetan jaso dituzten diru-laguntzak itzuli beharko dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Horrela adostu du EH Bilduk EAJ eta PSErekin Diru-Laguntzen Araubidea Erregulatzeko Legea aurrera ateratzeko.

Iker Casanovak defendatu zuen Gasteizko Parlamentuan EH Bilduk deslokalizazioaren kontra aurkezturiko proposamena. Orduan ez zen onartu. Orain, EAJ eta PSErekin adostu dute.
Iker Casanovak defendatu zuen Gasteizko Parlamentuan EH Bilduk deslokalizazioaren kontra aurkezturiko proposamena. Orduan ez zen onartu. Orain, EAJ eta PSErekin adostu dute. (Endika PORTILLO | FOKU)

EH Bildu akordio batera heldu da EAJ eta PSErekin urte amaitu aurretik Diru-Laguntzen Araubidea Erregulatzeko Legea onartzeko eta enpresen deslokalizazioak eragozteko neurriak lege horretan txertatzeko, talde honek jakitera eman duenez. Araban, Bizkaia eta Gipuzkoan izango da indarrean arau hau, Gasteizko Parlamentuak onartu ondoren.

Akordio honen arabera, EH Bilduk proposatu zuen bezala, enpresek azken zortzi urteetan jasotako diru-laguntza publikoak itzuli beharko dituzte deslokalizatzen badira.

Leire Pinedo parlamentariak adierazi duenez, «ezin da onartu enpresa batek, laguntza publikoak jaso eta gero, bere produkzioa beste estatu batera eramatea bere interes partikularra bakarrik kontuan hartuta, bere langileen eskubideak eta enpresa kokatuta dagoen herriaren interesak eta beharrak albo batera utzita; ados gaude enpresei diru-laguntzak ematearekin, baina laguntzak emateaz gain, erantzukizuna eta konpromisoak eskatu behar zaizkie, besteak beste, lurraldearekiko atxikipena».

Martxoan aurkezturiko proposamena

Hori dela eta, azaldu du, EH Bilduk lege proposamen bat aurkeztu zuen duela lau urte deslokalizazio kasuetan enpresak diru-laguntza publikoak itzultzera derrigortzeko. EAJk eta PSEk ez zuten proposamen hura tramitera onartu, baina bai egin zuten pasa den martxoan, formazio abertzaleak berriro aurkeztu zuenean, Ferrovialek bere egoitza fiskala Herbehereetara eramatea erabaki zuenean eta deslokalizazioen fenomenoa agenda politiko eta mediatikoaren erdigunean berriz ere ipini zuenean.

«Politikatik ezin ditugu deslokalizazioak debekatu, baina bai har ditzakegula neurriak mugimendu horiek zailtzeko; hori da EH Bildutik proposatzen genuena eta azkenean lortu duguna», azpimarratu du Pinedok. Hala, EAJrekin eta PSErekin adostuta, deslokalizazioei buruzko atalak kapitulu oso bat hartuko du Diru-Laguntzen Araubidea Erregulatzeko Legean, kasu horietan Administrazioak diru-laguntzak berreskuratu ahal ditzan. «Akordio honekin urrats bat aurrera egiten dugu deslokalizazioak eragozteko, modu horretan, gure ehun industriala eta ekonomikoa babesteko».