NAIZ

Eroskiren Elorrioko biltegiko langileek greba egingo dute abenduaren 11tik 16ra

«Prekarietatearekin amaitzeko» greba egingo dute Elorrioko Eroskiko biltegiko langileek abenduaren 11tik 16ra bitarte. Gutxieneko soldatak kobratzen urteak daramatzatela eta atseden egunetan lan egitera behartuak direla salatu du ELA sindikatuak ohar baten bidez.

Elorrioko Eroskiko biltegiko langileek greba egingo dute datorren astean.
Elorrioko Eroskiko biltegiko langileek greba egingo dute datorren astean. (Monika del Valle | FOKU)

Eroskik Elorrion duen biltegiko langileek greba egingo dute datorren astean, abenduaren 11tik 16ra bitarte, «prekarietatearekin amaitzeko», ELA sindikatuak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez. Bizkaiko elikadura hitzarmena aplikatzea galdegiten dute langileek.

Sindikatuaren arabera, Cecosa Hipermercados S.L. enpresak kudeatzen du Eroskiren Elorrioko biltegia eta 130 pertsona inguru daude lanean bertan. «Gehienak gizon arrazializatuak dira, eta urteak daramatzate gutxieneko soldata kobratzen, txandaka eta jaiegunetan lan egiten, zama handiak manipulatzen eta atseden egunetan lan egitera behartuak dira», salatu du.

Egoera horren aurrean, langileek antolatzea erabaki zuten joan den maiatzean, eta, lehen aldiz, hauteskunde sindikalak egin ziren enpresan (ELAk sei ordezkari eskuratu zituen eta LABek hiru).

Bada, «langileen baldintza latzak aztertzeko enpresarekin hainbat bilera egin ondoren, eta hobekuntzarik lortu ez dela ikusita», langile batzordeak bost greba egun egitea erabaki du, abenduaren 11tik 16ra, «gaur egun biltegian lan egiten duten baldintzak duintzeko helburuarekin».

«Berriz ere, prekarietate horren guztiaren atzean estatalizazioa dago. Enpresa honetan Biltegi Handien hitzarmena aplikatzen da, CCOOk eta UGTk 2023an sinatutako Estatuko hitzarmena, eta EAEko hitzarmenetan jasotako lan baldintzetatik oso urrun daude. Deigarria da bere euskalduntasunaz harro omen dagoenean Eroski enpresan halakoa gertatzea», kritikatu du.

Gauzak horrela, langileen helburuak dira Bizkaiko elikaduraren hitzarmena aplikatzea, laneko osasun eta prebentzioan neurri eraginkorrak izatea, ordaindutako atsedenaldiak eta aldaketa arbitrarioekin eta alde bakarreko malgutasunarekin amaituko duen urteko egutegia.