Jai Alai Winter Serieseko seigarren partida jokatu zen atzo, astelehena, Gernikan eta seigarren astelehenez jarraian, pilotalekuko harmailak goraino bete ziren. Kasu honetan, emozio handiko partida ikusi ahal izan zuten bertaratu ziren 2.000 zaletu inguruk. Johan eta Lopez puntuen premian ziren eta balio handiko lau puntu eskuratu zituzten, Laduche-Gorka bi setean mendean hartu ostean. Lau puntistetako hiruk lapurtarrak izanda, Ipar Euskal Herriko zaletu asko gerturatu ziren eta pilotalekutik irtetean, Matalazen kantu ospetsua abestu zuten: «Egiazko euskaldunak, tiranoa arrotzen ohiltzeko...».
Partida erabat aldatu zitekeen bigarren setean, Laduche eta Gorka 13-14 aurretik zirela, Getariko aurrelariak sakean akats bikoitza egin ez balu. Jokoa berdindu zuten Johan-Lopezek eta azken tantoan ez zuten hutsik egin.
Norgehiako hasiera kolore berdekoa izan zen, 0-3ko partzialarekin, baina Johanek lehen tantoan egin eta segituan berdindu zuten partida. Ondoren, Lopezek hartu zuen aginte makila eta 4-3koa jarri zuen. Apurka apurka, horiak distantzia hartzen joan ziren. Lopezek atzean, eta Johanek aurreko koadroetatik, neurketaren erritmoa markatu dute markagailuan tarte nabarmena ireki arte (11-5, 12-7, 15-8).
Lehen set on baten ostean, horiek beren taktikarekin jarraitu dute bigarrenean ere. Ondo ulertu ziren eta piloteoan nagusi izan ziren. Horrek tanto formako fruituak eman zizkieten (3-0, 4-1, 10-5). Berdeak, nolanahi ere, ez ziren kikildu eta pilota bizitzen joan zen heinean, konfiantza hartzen joan ziren. Ikusleek, pilota gehiago ikusteko irrikaz, babesa eman zien eta estutu egin zituzten. Getariko aurrelariak 11-7koan zutitu du jendea: Johanek botatako bi paretetara iritsi zen Ludovic, honen dejada ez zen behar besteko zehatza izan eta Johan korrika iritsi zen, lurretik, pilota hartzeko. Getarikoak txik-txak bota eta Lopezek ere, bere burua lurrera botata, ondo eraman zuen. Azkenean, Laduche airean sartu eta eskuinez pilota apurtu zuen, publiko guztia zutik jarriz.
Berdeek, konfiantza osoz, 13na berdindu zuten seta, Gorkaren tanto handi bati esker. Sorozabal zaharrenak, 22 urtekoak, paretan salto egin zuen eta eskuinkada bikain batekin berdindu zuen partida. Hurrengo tantoa ere Ludovic eta Gorkarentzat izan zen, baina 13-14koan Laducheren akatsa etorri zen. Partida osoan zehar sakea ondo egin ondoren, pasa bikoitza egin zuen. 14-14koan beste aukera bat izan zuen, baina Lopezek pilota moztua eraman, eta horiak nagusitu dira tantoan. Johanek, beheranzko joerarekin, partida itxi zuen, zaleen artean aho zapore ona utziz.
Hurrengo astelehenean, Goikoetxea-Lekerika eta Goitia-Basque bikoteek neurtuko dituzte indarrak. Sarrera guztiak agortuta daude A multzoko bi bikote onenen arteko lehia ikusteko.
‘Levante Jai Alaiko’ 13 haur
Atzo, ia 2.000 parte-hartzaileen artean, ‘Levante Jai Alai’ taldeko 13 haur bertaratu ziren. Bilboko zesta-punta eskola berria da eta bertan, 20 haur inguru daude, Ihart Arakistainen agindupean entseatzen. Sopelaztarra, gainera, II. Elite txapelketako garailea izan zen, Eneritz Lizardirekin batera, Erika Mugartegi eta Arai Lejardi mendean hartu ostean.