NAIZ

Greba mugagabea abenduaren 20tik aurrera Gipuzkoako bide garbiketa eta hondakinen bilketan

Gipuzkoako bide garbiketa publikoaren eta hondakinen bilketaren sektorean greba iragarri duten abenduaren 20tik aurrera ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek, lan hitzarmenaren negoziazioa «blokeatuta» dagoela eta.

Kale garbitzaile bat.
Kale garbitzaile bat. (ELA)

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek greba mugagabea deitu dute heldu den abenduaren 20tik aurrera Gipuzkoako bide garbiketa publikoaren, zaborren bilketaren, zabortegien, erraustegien, hondartzen garbiketaren, gaikako bilketaren, birziklatze planten eta estolderiaren sektorean. Guztira, 1.500 langile baino gehiagori eragingo die lanuzteak.

ELAk ohar batean jakinarazi duenez, hitzarmen kolektiboa berritzeko negoziazioak, hamaika hilabeteko negoziazioaren ondoren, blokeatuta daude. «Aselip eta Serbitzu SL patronalek beste aukera bat izango dute hurrengo bileran negoziazioa desblokeatzeko, abenduaren 11rako. Bestela, sindikatuek eta plantillek greba egingo dute», ohartarazi du.

Erakunden eta mankomunitateen inplikazioa

Blokeo egoera horren aurrean, sindikatuek udalen eta mankomunitateen inplikazioa eskatu dute, «patronalaren jarrera aldatzeko eragile aktiboak izan daitezen, zerbitzu horien arduradunak baitira», nabarmendu dute.

Alor horietako langileek aldarrikatu dute negoziazio horrek «lan baldintzak duintzea» ekar dezala, «txanda kontratuaren aplikazioa hobetuz, erosteko ahalmena galduko ez dela bermatuz (KPIaren igoera bermatuko duten igoerekin), lanbide kategoriak egokituz, BGAEa aplikatuz eta egungo hitzarmenean beste hobekuntza batzuk eginez».