Andoni Arabaolaza

‘L´Ombre du voyageur’-ekin, Charles Albertek 9a zailtasuneko proposamena egin du boulderrean

Joan den urriaren, oinutsik eskalatzen duen protagonista frantziarrak ohiko estilotik urrundu eta Saleven dagoen artesi luze bat biribildu du. Lau urteko lan eskerga eskatu dio.

Charles Albert, ‘L´Ombre du voyageur’ bidean.
Charles Albert, ‘L´Ombre du voyageur’ bidean. (NAIZ)

Azken urteotan, Charles Albert beti ikusi dugu boulderreko muturreko zailtasunaren lehen lerroan. Espezialista handia dugu, baita «bitxia» ere. Eta hori diogu zailtasun gorenean oinutsik eskalatzen duen kirolari bakarra delako. Bederatzigarren esferarekin hasi da harremana izaten. Proposamen batzuk egin ditu; azkena, joan den urrian.

Lau urteko lanaren ondoren, Saleven dagoen bloke berezi bat sinatu berri du: ‘L´Ombre du voyageur’. Eta harentzat 9a maila proposatu ere. Aipatu dugu bloke berezia dela; izan ere, kobazulo batean dagoen hamar metroko artesi bat jarraitu behar da. Batzuentzat, bloke bat baino bide bat da; soka ez da erabiltzen. Antzeko kasu bat ‘Akira’ (Eaux-Claires) izan zen. Azken hau bide bat bezala hartu zen.

Elie Chevieux suitzar historikoa izan zen duela urte asko koba hori aurkitu zuena; hain zuzen ere, Saleve izeneko mendiaren magal batean. 2006. urtean, berriz, suitzarrak artesi horren berri Morgan Boissenot gazteari eman zion. Baina oso zaila denez, ez zuen xede bezala hartu. Boissenotek, berriz, Alberti komentatu zion Saleven balizko helburu erakargarri bat zuela. Eta azken honek, lehen bisita egin eta gero, jo eta ke jardun du ‘L´Ombre du voyageur’ eskalatu arte.

Lehenik eta behin, artesiaren azken herena zabaldu zuen: ‘Voyageur Face a la Mer de Neige’ (8b). Pixkaka bada ere, buruhausgarria osatzen joan zen, eta, aurreratu dugun bezala, iragan urrian hamar metro horiek erorikorik gabe lotu zituen.

Muturreko proposamena

‘L´Ombre du voyageur’ sinatu bezain laster, eskalatzaile frantziarrak onartu du inoiz egin duen blokerik zailena dela. 9a mailako proposamena egin du; hots, egungo zailtasun gorena. Albertek pare bat «arazo» ditu proposamen hori argitzeko. Edo hobeto esanda, eskalatzaileen kolektiboak. Batetik aipatu dugu zorutik gertu dagoen zeharkaldi luze bat dela. Beste era batera esanda, boulder oso-oso luzea. Eta izaera horretako blokeak behar bezala kalifikatzea ez da batere erraza. Beti izan da eztabaida iturri. ‘Akira’-renaz gain, beste adibide bat jarriko dugu. Orsayn dagoen ‘La Force’ blokea neurtzeko hiru modu daude: 9a mailako bidea, 8c+ zeharkaldikoa eta 8c boulderrekoa. Hitz gutxitan esanda, bloke horiek linbo batean aurkitzen dira.

Horri guztiari beste puntu bat gehitu behar diogu. Frantziarrak oinutsik eskalatzen duela, baita belaun-babesik gabe ere. Bakarra muturreko zailtasunean. Hortaz, oso-oso zaila da parez pare jartzea katu-oinak erabiltzen dituzten beste espezialista handi batzuekin.

Nahiz eta azken horien «neurgailu» bera ezin duen indarrean jarri, Albert ausartu da ‘L´Ombre du voyageur’-en inguruan maila bat aurkeztea: 9a. Horretarako boulderrean dagoen eskala hartu du. Argi du ez dela 9a+, ezta 8c+ ere.