Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Adimen artifiziala eta euskara, bidegurutzean

Jendartean teknologia berriek eragiten dituzten kezken ispilu da Kabia. Adimen artifiziala eta euskara, eta nerabeei lehen sakelekoa noiz eta nola eman dira mahai gainean jarritako gaietako batzuk.

Ikusgela aurkeztu zuen Leire Palaciosek Kabian gaztez inguraturik.
Ikusgela aurkeztu zuen Leire Palaciosek Kabian gaztez inguraturik. (Gotzon Aranburu | FOKU)

Gazteen artean teknologia berriek, adimen artifizialak bereziki, pizten duen interesaren lekuko da Kabia. Hainbat guraso ere hurbildu dira.

Diana Franco da Kabia gunearen arduraduna. «Jaso ditugun proposamenekin osatu dugu egitaraua. Honek erakusten du gizartean dagoen jakin-min, ardura eta gogoaren ispilu bihurtu da Kabia aurten inoiz baino gehiago. Oso interesgarria da. Ardura dago digitalizazioak gure bizitzan izan behar duen eraginaren inguruan. ‘Eragin eta pentsatu dezagun digitalizazioaren gainean’ da gizartean zabalduta dagoen mezua», adierazi du.

Adimen artifizialak hezkuntzan izan dezakeen aplikazioa du hausnarketagai BadaLab laborategiak. Leire Palacios da kideetako bat. «Ingurune digitalean badabil jendea, baina nola? Horren inguruko zalantza dugu. Gure egitekoa da esperimentatu eta prototipatu dezakegun eszenatokia sortzea».

Ikusgela proiektua da horren adibide. Euskal Wikilarien Kultura Elkartearekin batera garatu dute proiektua. Hainbat gai landuz zortzi bideo egin dituzte. Horietako bat Kabian erakutsi dute.

«Internetek gure bizitzan presentzia handia du. Online/offline bereizketak ez du zentzurik gaur egun. Telefonoa desblokeatzeko zuzenean aurpegia jartzen duzu. Zenbat datu ari zara ematen? Hori big data da. Baina zer da big data? Zertarako erabil daiteke? Horrekin adimen artifiziala elikatzen da. Nola funtzionatzen du adimen artifizialak? Marasma batean sartzen ginen...  Nola azaldu bere garrantzia, kontzeptu batzuk ulertzen ez baditugu? Hori dena lurrera ekarri eta modu sinplean azalduz bideoak egin ditugu», esplikatu  du.

Hezkuntza eta berrikuntza laborategia da BadaLab. Gipuzkoako Aldundiak euskalgintzako eta jendarteko hainbat eragilerekin abian jarritako proiektua da. Errenterian du kokalekua.

Urtebeteko bidea egin dute eta pozik daude gazteen artean izan duten harrerarekin. «Ikaragarria izan da, gelditu gabe gabiltza. Egon nahi duten tokietara doaz eta behar dituzten tokietara doaz. Atea irekitzearekin nahikoa da».

Laborategiko atea jo duten gazteak dira Kabian euren lekukotza eman dutenetariko batzuk; BadaLab-ek udazkenean deitutako bekaren garaileak, besteak. Humanitate Digitalen graduko ikasleak dira. «Gaur egungo hezkuntza ereduak ekintzara bideratzen ditu, etengabeko esperimentazioan ari dira. Proiektuak eta prototipoak sortu eta ondoren funtzionatzen duten ikusten. Eta une oro daukate radarra piztuta hemendik kanpo sortzen diren gaiekiko». 

Adimen artifizialaren inguruko ezjakintasunak eragindako beldurra ere aipatu dute gazteek adimen artifizialaz hitz egitean. «ChatGPT erabiltzea oraindik gaizki ikusten da eta oso aukera ona da», ziurtatu dute. «Garrantzitsua da horri nola aurre egin eta zein posizio hartu. Beldurra deseraikitzen hasi eta ematen diguten boterea gure mesederako erabiltzen jakin behar dugu. Ikasteko», esan dute.

Belaunaldien arteko konexioa beharrezkoa delakoan daude. Eta jakintzaren transmisioa ezin da eten. «Inportantea iruditzen zait daukaten jarrera, konexioak egitekoa eta beldurrari aurre egiteko tresnak badituztenaren kontzientzia. Ez dira beldurraren eraginez geldirik geratzen, ekintzaileak dira eta horretan ari dira», nabarmendu du Palaciosek. Kazetaria izateaz gain, berrikuntza eragilea da. Dozena erdi bat urte daramatza beti euskara eta ingurune digitalaren arloan lanean, «bidegurutze horretan».

Abangoardia

Izan ere, euskarak ze leku dauka adimen artifizialaren esparruan? «Euskara hizkuntza gutxitua da eta horregatik guk dugu hizkuntza teknologietan abangoardia izateko beharra; besteek kopiatu ahal digute. Guk joan behar dugu garatzen, behar hori dugulako».

«Gazteen egunerokotasunean gai honek nolako garrantzia duen jakin nahi izan dugu. Gabeziak badituzte eta naturaltasunez bizi dute, ohituta daude informazioa bilatzera. Batzuetan ez dute informazio hori euskaraz aurkitzen eta kezka sortzen die horrek». Gazteen artean denetariko iritziak daude; «euskaraz landu nahiko genuke. Baina ez daukagu aukera gehiegi. Halere, daudenak baliatu behako genituzke», azaldu du batek.

«Ez dugu planteatzen euskara erabiltzea. Egia da ingelesera jotzen dugula. Euskara bultzatzeko zerbait egin dezakegu eta hori da erronka», esan du beste batek.

«Esfortzu estra eskatzen digu gure hizkuntzan lortu ahal izateak. Badaude baliabideak, kontua da ikusgarritasuna ematea. Euskaraz zerotik sortzera animatu behar dugu».

Aparteko ahalegina eskatzen du euskaraz aritzeak, beraz. Algoritmoak hegemonikoa den guztira eramaten gaitu. «Bai genero aldetik, bai arrazari dagokionez... Adimen artifizialeko makinan sartzen bazara, hegemonikora eramaten zaitu beti (zuriak, gizonak). Errealitatearen aniztasunetik ari bazara, algoritmoa hackeatu behar duzu, beste input bat emanez», azaldu du Palaciosek.

Elkarlana eraikitzeari eta lan ildo berriak sortzeari irekita daude. «Gure egitekoa euskara eta berrikuntza gurutzatzen den leku horretan dago, euskara etorkizunean, interakzio sistema berrietan, leku guztietan egongo dela, existituko dela bermatzea. Kalitatezko euskara guztiontzat».

Azokak Ikusgela bezalako proiektu bati  lekua egitearen garrantziaz galdetu diogu Palaciosi. «Sozializatzea den guztiak on egiten digu. Gai batzuk zentroan jartzea da, eta batez ere modu parte-hartzaile batean. Batzuetan gaiak gertu ditugu, baina terminologian urrun sentitzen ditugu. Horrelako plazak egokiak dira interaktibotasuna sortzeko. Gazte asko egon dira, interesa sortzen du eta asmatu behar da nola planteatu gaiak», esan du.

Nerabeak eta sakelekoak

Nerabeei lehen mugikorra noiz eman? Hauxe da guraso askoren kezka. Izarkom kooperatibak doako gida prestatu du bidean lagungarri izan dezaten.

«Haurrei mugikorra noiz eman izaten da gurasoen ohiko galdera. Adina baino, agian seme-alaben heldutasuna da kontuan izan behar dena», nabarmendu du Yaiza Arrizabalagak, Izarkomeko kideak. Telmo Lazkano, Miren Ros, Orkatz Goenaga, Leyre Cano eta Rakel Gamito adituek parte hartu dute proiektuan.

«Mugikorrak ez du oparia izan behar, inondik inora. Gu eredu gara eta erakutsi behar diegu tresna dela, zerbaitetarako balioko duena, ez entretenimendurako bakarrik. Erabilpen egokia egiten irakatsi egin behar zaie», esan du ezer baino lehen Arrizabalagak.

«Gure gida bide-orria da, ez dago errezeta magikorik», ohartarazi du. Erabileraren inguruan hausnartu eta deseraiki beharra ikusten du.

Guraso eta seme-alaben arteko hitzarmena adostea da gidak ematen duen gomendioetako bat. «Gida bizirik dagoen dokumentua da. Dena azkar da», esan du. Azokan dohainik banatuko da gida eta astelehenetik aurrera pdf formatuan eskegiko da webgunean.

Ikasleek sorturiko webgune didaktikoa

Webgune didaktikoa sortu du Mondragon Unibertsitateko ikasle talde batek. Arrakala digitala pairatzen dutenei zuzenduta, bereziki. «50 urtetik gorako pertsonak eta bazterkeria sozialean dauden pertsonak izan ohi dira. Horretaz jabetuta, hiru webgune didaktiko bildu dira Arrakalatik izeneko web orrian.

Oso bisuala da eta intuitiboa, erraz mugitzeko. Memoria lokala eta hodeiaren arteko desberdintasuna azaltzen dugu, beste kontu askoren artean –azaldu dute–. Pertsona helduek aplikazioak era seguruan erabiltzen ikas dezaten bilatu dugu, datuak kudeatzea, pribatutasuna zer den ulertzea. Datuen babesa gortina ixtearen metaforarekin azaltzen dugu webgunean; bakoitzak zer erakutsi nahi duen erabakitzen da».

«Pertsona helduek aplikazioak era seguruan erabiltzen ikas dezaten bilatu dugu. Datuak kudeataea, pribatutasuna zer den ulertzea. Datuen babesa kortina ixtearen metaforarekin azaltzen dugu webgunean, bakoitzak zer erakutsi nahi duen erabakitzen da».

Proiektuan luzatu dituzten galderez osatutako erakusketa ere hartu du Kabiak.