Jon Maia Soria

Badaukat, badaukazue

Jon Maia, Durangon sinatzen.
Jon Maia, Durangon sinatzen. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Gogoan daukat Zumaian autoa hartu eta bi aldiz pentsatu gabe Oiartzunera bidea nola hartu nuen, 2022ko ez dakit zein hilabetetan –nire memoriak ez du denbora unitatetan funtzionatzen, irudika eta sentipenka baizik– erakarpen indar batek eramanda bezala, disko berrirako bidea erakutsiko zidan bat-bateko agerpen bat izango ote nuen esperantzarekin edo. Agina gaineko euskal musikaren santutegi horretara, bide baten bila nola jo nuen. Memoria sekuentzial horren beste oroitzapen bat dut nire burua Landetako Mimizan herrian itsaso eta pinudiaren arteko bideetan ibiltzen eta Anna Tijoux entzuten, zertaz ari zen, nola errimatzen zuen, bere mundu ikuskeran murgilduta. Kantu zahar eta berrien arteko play list nahaspila mugikorreko kantu zerrendetan: orain Rosaliaren lau abesti, segidan Benito Lertxundiren bi, hurrena Hofe, gero itsasertzeko bide zatian Oskorriren zahar batzuk, agian segidan Nina Simone, Radio Futura, Pello Ramirezen “Haize oihalak” beti bezala, Jean Mixel Bedaxagar, Battiato, Aute, Residente… itxura batean, inolako koherentziarik gabeko kantutegia. 

Autoan bertsotara bidean Lorcaren ‘Juego y teoría del duende’ hitzaldi magistrala audioliburu gisa entzuten pasatako orduak. Nola deskribatzen duen duendea deritzon magia, artistaren adierazpen misteriotsua, soilik gutxi batzuek dutena, eskoletan ikas ezin daitekeena, ordu pila bat sartuagatik ere lortu ezin duzuna. Duendea, nota beltzen arima, minetik, arriskutik, benetakotasunetik… ezarritako ohiko kalitate parametroetatik, akademiatik edo zuzentasunetik bainoago… eta ohartzerako entzuten noa, entzun gabe. Ohartzen naiz aspaldi ez  naizela ari entzuten bozgorailuetatik datorkidan ezer, Federicok esan dizkidan hitzen gainean hegan joan naizela aspaldi nire gorputzetik at eta nire pentsamenduetan igeri nabilela. Berriz ere atzera eman diot mugikorrean audioliburuari. Nire inspirazio sortzaileak, nire inspirazio lekuak, nire inspirazio betiko erreferentziak eta erreferentzia berriak. Bilaketan nabil liburu-disko berriaren bidean. Lapetan itsasertzean nire pentsamenduan murgilduta pasatako orduak, harriz harri ibilitako marea biziak, Baztango bailara ezkutuetan oihandutako bideak eta bisitatutako bordak, aitatxi-amatxi elebakarrak. Youtubeko elkarrizketak entzuten ditut, Spotify, Filminen dokumentalak... edonolako sortzaileei eginikoak, sorkuntza prozesuei buruzkoak, nola idatzi duten halako liburua, nola sortu zuten pandemia garaian, zer pentsatzen duten egungo hainbat gairi buruz, nolako lan prozesuak izaten dituzten. Irentsi egiten ditut: Lady Gagaren dokumentala, Battiatoren elkarrizketa pila bat, Santiago Auseron, Amy Winehouse, Christina Rosenvingeren autobiografia eta autoanalisia, Marveleko pelikulen making offak, Rosaliaren elkarrizketa tontoenak ere bai, Unai Iturriagaren tirak, Susan Sontagen bizitzaren dokumentala, Camaron, Leonard Cohen, Silvio Rodriguezen dokumental guztiak, Paul Urkijoren aurkezpenak, Kubrickenak, Almodovar, Peter Jacksonek editatutako Disneyko Beatlesen serie dokumental guztia irentsi, Pio Barojari elkarrizketa zahar bat RNEn, Galeanori beste bat, Eider Rodriguezen Instagrameko postak, Rosaliarenak berriz, berarekin zenbait aldiz kantatu ahal izan nuen Zahararenak, Non dabil Fermin?, Asier Etxeandiarenak, Sara Zozaya, Olaia Inziarteren txioak, podcastak dozenaka, Jose Angel Iribarrek hainbat aldiz gomendatu didan Ennio Morriconeri buruzko dokumental zoragarria, alabekin zinemara edo sagardotegietara bidaiak beraien gustuko musika entzuten, ezagutzen eta deskubritzen, euskal olatu berria, zoriontasunari buruzko Harvardeko 80 urteko ikerketa liburua, mugikorrean azken hiru edo lau urteotan idatzitako notak berrirakurtzen ditut, ideien ehizan nabil, arakatzen, bizipenak, ikasitakoak, ikusitakoak, era askotako jatorriko izarren hautsek bat egitean, partikulek bat egitean sortuko den planetaren hastapenetan… ze pena, ez ditut apuntatzen eta ez dut gogoratzen ikusitako, entzundako eta irakurritako laurdenik ere. 

Baina besteek gauzak nola egiten dituzten jakitea, ezagutzea, ikustea pasio eta adikzio bihurtzen zait. Zenbat ikasten dudan. Zenbait pelikularen errodajea ikustera joan izan naizenetan bezala, zuzendarien ondoan jarrita barne mugimendu denak behatuz, filmaren barne egiturak ikusiz. 

Pantailakoak edo liburukoak bezainbat eta askotan askoz gehiago erakartzen nau atzekoak, ikusten ez denak, izozmendiaren urpeko zatiak. Niretzat liburu edo disko baten osaketa planeta baten jaiotzaren antzekoa da, ez dakizu nondik datozen, iraganetik, ametsetatik, asmoetatik, irakurri, entzundakoetatik, bizitakoetatik datozen partikulak, izarren hautsak, elkartzen, fusionatzen hasten dira denen artean masa koherente bat osatu arte, bizitza berri bat duen ente propioa osatu arte.

Ez dut kantu bilduma berri bat egin nahi. Hori egin nuen lehen ‘Kantu bat gara’ proiektuan. Pauso bat harago joan nahi dut eta bigarren lan bati ekiteko justifikazio bat eraiki behar dut. Kontzeptu oso bat behar dut ekin aurretik. Ez dut nahi abeslaria izan, ez herriz herri ibili aurretik esanda ditudan gauzak errepikatzen besterik gabe. Tonto-tonto nire zazpigarren diskoa izango da: Hiru Karidadeko Bentarekin, Hezurbeltzak-ekin bat, ‘Ele Lauaxeta Lorca’ eta azkena, ‘Kantu bat gara’. Guztiek dute bere justifikazioa edo aurrerapausoa nigan, diskurtsoan, estiloan... eta honetan ere ekarpen bat egin nahi dut. Aurretik dakardan diskurtsoari segida bat aurkitu behar diot. Atal berriak. Kantuen aurkezpenetan, kantu eta kantu arteko tarteetan zeresan berriak eragingo dizkidaten kantuak izan behar lirateke balizko bigarren lanean leudekeenak. Niretzat askotan kantuaren aurkezpenak, diskurtsoak kantua bezain garrantzitsuak dira ikuskizunaren arrakastan, egituran eta emaitzan.

Kantu bat gara liburu-diskoa antologia moduko bat izan zen, bilduma eta ospakizun bat. Ez zegoen linea editorial bat. Bai, akaso, denboran bidaia bat, azken 30 urteotako euskal musikagintzan eta gertakarietan zehar. Baina ez diskurtso koherente baten gidoiarekin eginiko kantutegia.

Bigarren lan bat egitekotan, kantu berriak izan behar ziren  nagusi. Eta kantu horiek izango dira niretzat hain garrantzitsuak diren kantuen aurkezpenetako diskurtsoen aitzakia. Eta liburuko ilustrazioak izan behar dira gero zuzenekoetan ikusiko diren proiekzioetako irudiak. Norekin egingo ditut? Estilo aldaketa bat behar dut zuzenekoetarako, lan berriaren nortasuna finkatzeko. Esango diot Baluri? Bai. Dena hasieratik pentsatu behar dut, bere osotasunean. Izan ere, gauza batek bestea ekarriko dit. Niretzat lan hau ezin da izan kantuak egitea soilik. Bizi naizen mundualdiaren ikuskera bat izango da. Nire unibertso imajinarioa, nire iruditeria bilduko duen lan bat. Euskal Herriaren ikuspegia, intimoa eta kolektiboa, pertsonala eta historikoa. Abiapuntu bat behar dut eta uste dut badaukadala. 

Abiapuntua harri bat da eta bila noa. Bertso saioa daukat Urdinarben eta lehenago abiatu naiz Zumaiatik umetatik Benitoren kantuengatik eta nire osabarengatik hain hurbil eta hain nire baitan sentitzen dudan Zuberoako lurretara, bailara eta errepide txiki haietara. Ligiko Ezpeldoi inguruan dago harria eta Interneteko argazkietatik ezagutzen dut. Ligira iritsi naiz. Errepide ondoan gazte bat ikusi dut eta galdetu diot euskaraz ea ezagutzen duen Bereterretxeren oroitarria, ea non dagoen. Ez daki euskaraz. Frantsesez galdetu diot, baina ez daki harri horren berri. Ezpeldoi idatzi  dut Google Maps-en eta bidea hartu dut, ziurtasunik gabe. Hemen hil zuten Bereterretxe; hauek ote kantuko bordak? hauek zelaiak... gauez eginiko segada, 1400. urte inguruan… azala harrotu zait nire ohiko autosugestio ariketan. Eta halako goi ordeka batean, bide ertzean, sasi artean, han dago, txikia, higatua, ahaztua… Bereterretxeren oroitarria. Autoa bide bazterrean utzi eta beregana hurbildu naiz. Grabatu egin dut mugikorrarekin nire hurbilketa. Instagramen jarriko dut. Bai, hor hasten da ‘Kantu berri bat gara’. Euskal kantu zaharrenaren oroitarrian. 

Transmisioaren abiapuntua, euskal identitatearen jatorriaren metafora badaukat. ‘Bereterretxeren kantoria’ Ezpeldoiko Zuberoako borda batean duela 600 urte inguru norbaitek idatzitako kantu hori, Spotifyren garairaino bizirik iritsi dena, ahoz aho,bailaraz bailara, belaunaldiz belaunaldi… 600 urte. Gure biziraupenaren sekretua gordetzen duen kantuaren bidaia. 

Baina beste ertza falta zait, diskurtso horren beste muturra, kontrapisua, egungo Euskal Herria, egungo euskal identitatea, kontzertuetan zeresan berria emango didan pieza, ardatza, obra, kantua.

Abuztuko egun batean nire lagun bati esan diot bere herria ezagutu nahi dudala, barrutik, etxeak, auzoak, lekuak, pertsonak... Sestao. Euskal identitate berriak eraikitzen ari diren lekuak eta errealitateak. Industria eremuak, migrazioen helmuga, euskal liburu, kantu eta ipuinetan agertzen ez direnak. Ez eta erreportajeetan, bertsoetan, iragarkietan edo albisteetan ere. Eta agertzen direnean, txarrerako. Sestao. Euskal Herri B. Bereterretxetik, Ezpeldoitik Sestaorainokoa, Euskal Herria B-rainokoa izango da nire liburu diskoa.  Eta tartean maitasuna eta edertasuna, kantu berrien idazketa prozesuak, etengabe aldatzen ditudan letrak, musikari bakoitzarekin harremanak eta lanketak, kolaborazio bakoitzarekin, argitaletxearekin, ilustratzailearekin… gero etorriko dira entseguak, grabaketa egun luzeak… Nire helmuga, euskal identitate berriaren eraikuntzan ekarpen bat. Egungoa baina iragana ahaztu gabe, aniztasunaren aldekoa baina partikularitatea aldarrikatuz. Etorkizunari begira baina esentziari bizkar eman gabe.  Ez gara fosil bat kantu berri bat garelako. Ez gara hil, etengabe bizi garen mundualdiari egokitzen asmatu dugulako. Oraingo kantu guztiak, egungo edozein erritmo edo airetan euskaraz egiten direnak, ‘Bereterretxeren kantoria’-ren seme-alabak dira. Kantu zaharretik datorren etengabeko kantu berri bat gara. Badaukat. Badaukazue.