Maite Ubiria

Igandetako lanari buruz Euskal Elkargoak bozkatuko duen ebazpenak kritikak jaso ditu

Euskal Elkargoak igandetako lanari buruzko deliberoa bozkatuko du larunbatean Baionan eginen duen kontseiluan. Atsedena babesten duen legea 1906an onartu zen frantses Estatuan. Legeari ezarritako salbuespenen bidez ahulduz joan da. Ebazpenaren kontra bozkatzeko deia zabaldu dute LABk eta EH Baik.

Baiona erdiguneko saltokiak.
Baiona erdiguneko saltokiak. (Bob EDME)

Langileriaren garaipen sozial garrantzitsutzat jotzen den asteko pausa egunaren legea 1906az geroztik indarrean dago frantses Estatuan.

Izan ere, bereziki saltegi handien presioarengatik, legea ahultzeko hainbat ahalegin izan dira azkeneko hamarkadetan.

Legea bertan behera uzteko saiakerek aurrera ez badute egin ere, arauak aintzat dituen baimen berezien bidez salbuespen egoerak gero eta ohikoagoak bilakatu dira.

Hala, komertzioaren sektoreak urtean bost igandez irekitzeko aukera jasotzen bazuen legeak, 2016an plantan eman zen erreformaren ondorioz urteko hamabi igandetan saltokiek haien ateak ireki ditzaten aukera ezarri zen.

Legeari buruz hainbat xehetasun eman ditu heldu den abenduaren 9an Euskal Elkargoko kontseiluak bozkatuko duen ebazpenari buruz oharra egin duen LAB sindikatuak.

Irekitzeko baimenak

Irekitzeko baimenak direla-eta, legeak jasotzen dituen lehen bost igande horiek auzapezek zehazten dituzte, herriko kontseiluan ematen den bozketa baten ondotik.

Gainerako zazpi egun horiek, ordea, kolektibitateek dute erabakitzen. Hain zuzen, Euskal Elkargoak data gehigarri horien gainean ebazpena bozkatuko du heldu den abenduaren 9an, larunbatarekin.

«Langileen igandeko atsedenaldiari salbuespen-eskaerak ez baimentzea galdegiten diegu hautetsiei premiazkoa delako interes sozial eta ekologikoa interes ekonomikoen aitzinetik pasatzea eta igandeak guztiontzako atseden-egunak izatea», adierazi du LAB sindikatuak bere webgunean plazaratu duen gutun ireki batean.

«Badira diotenak delibero hauek ez dutela zerikusirik igandeko lanaren eztabaidarekin, finean lege batek baimentzen duelako», azaldu du, auziari horri buruz EH Baik.

Izan ere, alderdiak ez duela bat egiten ikusmolde horrekin argitu du.

«Legearen aplikazioa ezberdina izaten ahal da erabiltzen den printzipio politikoaren arabera eta guk igandeko pausa lehenestearen printzipioa defendatzen dugu eta horren araberako erabakiak proposatzen ditugu», adierazi dute ezkerreko abertzaleek.

Pirinio Atlantikoen Prefeturak finkatzen ditu irizpideak jarduera turistiko handia duten eremuetan, eta horrek, EH Bairen ustez, desoreka handia sortzen du.

Hala eta guztiz ere alderdiaren arabera, hori ez da arrazoi nahiko Euskal Elkargoak igandetan dendak irekitzeko baimena emateko.

«Igandetan lan egiteak langileek denbora libre izateko eskubidea urratzen duen neurria dela», oharrarazi du EH Baik.

Izan ere, «pausatzeari, kulturari, aisialdiari edota familiari eskaintzeko aukera desegitea eragiten du zuzenean».

Aipaturiko mugimendu politikoak gaineratu duenez «igandeko pausa denbora libre eta soziala da, era guzietako aktibitateetan baliatzen dena eta finean, gure jendartearen elkarbizitzan sakontzen duena».

Komertzioaren ataka zaila

Komertzioak krisi bat bestearen aldetik pairatu behar duela onartuta ere, igandeko irekiera horiek, norbaiti mesede egitekoan, «saltegi handiak» dituztela onuradun oroitarazi du EH Baik.

Larunbatean bozkatuko duen ebazpena errefusatzen duen alderdiak deuseztatu du igandeko lanak hazkunde ekonomikoa eta lanpostuen sorreraren aldetik lituzkeen abantailak.

Haatik, «langile ainitzen egungo prekarietateak, soldata apalak eta eros ahal urriak lan egitera behartzen ditu aski diru irabazteko hilabetearen hondarrera heltzeko» oharra egin du EH Baik, «igandetan lan egiten dutenek ez dutela gogoz edo haien borondatez egiten, egoera prekarioak beharturik baizik» nabarmenduz.

Aldiz, neurri gabeko kontsumoa sustatzen dutenek babesten duten moldeak larrialdi klimatikoari loturiko lehentasunak alboratzen dituela agerian jarri du.

Igandeko pausa «fermuki babesten duela» berretsita, «ezkerreko abertzaleok Euskal Elkargoaren Kontseiluak abenduaren 9an bozkatuko duen deliberoaren kontra agertzen gara» iragarri du EH Baik.

«Lan eta aberastasunaren banaketa, tokiko komertzioaren eta ekonomiaren garapena, langileen eskubideak, trantsizio ekologikoa eta finean, justizia sozialean oinarritzen den jendarte ereduaren alde egin behar dela» sinetsita hartu du EH Baik, salbuespenak gehituz, igandeko lana araua bilakatzeko arriskua irudikatzen duen ebazpenaren kontra botoa emateko erabakia.