Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Etorkizuna ‘otaku’ edo mangazaleen esku dago

«Haurrek manga gustuko badute, behintzat zerbait irakurriko dute! Etorkizuneko irakurleak ditugu», zioen Gregorio Murok, Harriet argitaletxeko arduradunak. Izan ere, haurrak izan ziren protagonista atzo, Azokaren bigarren egunean.

Mangaren unibertsoko pertsonaiak, irakurle bila.
Mangaren unibertsoko pertsonaiak, irakurle bila. (Jon URBE | FOKU)

Pozik igaro zuen Azokako ‘mikrokosmosak’ 58. edizio honetako bigarren eguna. Pozik Gerediaga elkartea, pozik argitaletxeak, pozik sortzaileak... bisitari kopurua, asteazkeneko zenbakietara iritsi gabe, egun osoan mantendu zelako. Goiza jendetsuagoa izan zen arratsaldea baino, baina laneguna izanik eta eguraldiak lagundu gabe ere, erakusmahaien arteko kaleetan une batzuetan jende multzo handiak ikusi ziren.

Goizeko 10.30ean, ateak zabaldu orduko, Landakoko sarreran gaztetxo dezente zeuden, ikasleak ziren-eta eguneko protagonista nagusiak. Tradizioz, Azokaren aurreneko egunean izaten da Ikasleen Goiza; aurten eguna aldatu dute, eta gaur, berriz, Gazte Eztandaren txanda iritsiko da.

Transmisioa hauspotzea eta belaunaldi berriek euskal kultura bereganatzea da azken urteotan Gerediaga elkartearen kezka handia, eta helburu horrekin bat egin zuen ‘Fantasia da!’ lelopean burutzen ari den edizioaren egun honetako egitarauak. Durangoko Udalak egun honetarako dispositibo berezia jarri zuen martxan, hainbat ikastetxetatik iristekoak ziren autobusak kudeatzeko. Udalak 70 autobus baino gehiago ailegatzea espero zuen arren, seguruenik gutxiago izan ziren. Zubia denez, ikastetxeak egun desberdinetan banatu dira: batzuk aurreneko egunean etorri ziren eta beste batzuk, gaur. Datu zehatz bat dago, dena den: atzoko egunean zehar antolatutako tailerretan izena eman zuten ikasleen kopurua 400era iristen da. Jatorria: Baiona, Altsasu, Lekeitio, Gautegiz-Arteaga, Iruñea eta Bera. Ikastetxeetako eta aisialdi taldeetako gazteei zuzendutako tailer, hitzaldi eta ikuskizunen egitaraua martxan dago egun osoan zehar.

‘Otaku’-ak, zer dira?

Komikiaren munduari Landakon bertan egokitu zaion erakusmahaien lerrora edo txokora gerturatu eta, han, otakuak nagusi zirela ohartu ginen. Baina, otakuak? Zer da hori? «Otakuak manga komikien zaleak dira; egileei, berriz, mangaka deitzen zaie», argitu zigun Gregorio Murok, Harriet argitaletxeko sortzaileak. Pozik aurkitu genuen Muro, pandemia aurreko Azokaren neurrietara itzuli garela iruditzen zaiolako.

Haurren artean jarraitzaile gehien duen komiki generoa manga da eta, hori dela eta, hamar manga berri ekarri ditu Harrietek Durangora. «Gazteen artean tiradizo handiena duen generoa da, zuzenean horiek hartzera joaten direla ikus dezakezu. Euskal Herrian ez dugu mangaren tradiziorik, dena gaztelaniaz argitaratzen delako. Pentsa, 2022an gaztelaniaz 1.400 manga argitaratu ziren, eta euskaraz, bakarra, guk atera genuena.

Aurten, behintzat, hamar manga ditugu euskaraz, baina euskarazko mangak liburu-dendetan ikusgarritasuna izan dezan, gutxienez 20 bat titulu atera beharko ditugu. Eta guk asmo hori daukagu. Esfortzu handia egin dugu hau lortzeko, argitaletxe txiki bat garelako eta, gainera, ez zaigu erraza egiten mangaren merkatuan sartzea, japoniarra oso berezia delako. Emakume ‘mangakek’ egindako mangak dira hauek, eta zuzenean japonieratik euskarara ekarri ditugu».

Irakurle berriak. (Jon URBE | FOKU)

Atzetik aurrera irakurtzen dira manga hauek; bitxiak eta ikusgarriak dira gero. Eskerrak lehen orrialdean jarraibide orrialde antzeko bat jarri duten! Ian Basurko, 13 urteko lekeitiarrak, ‘Heroinas Game’ izeneko manga bat eskuratu berri zuen. 10 euroan daude salgai; gaztetxoen poltsikoentzako komiki tradizionalak baino egokiagoak dira. Egunotan, gainera, eta Landakon bertan, manga pertsonaiez mozorrotutako bi neskaren eskutik bale bat eskuratzeko aukera dute. Doan jaso daiteke manga bat Harrieten erakusmahaian; hori bai, marrazki bat eskatzen dizute trukean. Eskuetatik kentzen dizkiete tiketak.

Ian benetako otaku bat da. Etxean ditu Nanuto sagako 96 ale; gaztelaniaz denak, noski. Mangak zergatik dituen gustuko galdetuta, horra erantzuna: «Gustuko dudalako, eta liburu baten lau atal irakurri orduko, lau manga irakurri ahal izan ditudalako. Askoz errazagoa egiten zait manga bat irakurtzea, marrazkiak super ondo daudelako».

«Gaztetxoek manga irakurtzen badute, behintzat zerbait irakurtzen dute! Etorkizuneko irakurleak hemen daude, hauek geureganatu behar ditugu», gehitu zuen Gregorio Murok.

Etorkizunekoak eta gaur egungo kulturazaleak nahasten dira, modu naturalean, Azokaren unibertsoan. Eta, egia esan, poza ematen du belaunaldi desberdinen nahasketa horrek. Pamielaren erakusmahaian Joseba Sarrionandia bere “Markos Gimenoren Karteletrak” lanaren aleak sinatzen uzten genuen bitartean, ETS, Zetak eta Bulego taldeen ilarek lehian jarraitzen zutela egiaztatu –ETSrena zen luzeena, dena den–, GARAren standean geldialditxoa egin –ezuste atsegina hartu dute salmentak ikustean...– eta gauza berezien bila abiatu ginen.

GARA eta NAIZen standa. (Jon URBE | FOKU)

Ukelele autoktonoa

Azokan bertan haurrei zuzendutako musika produktuen artean bitxikeria eder bat aurkitu genuen, antzinako musika klasikoari lotutakoa, eta aurretik igarotzen ziren guztien jakin-mina piztu zuena. Euskal Barrok Ensemble taldean hamar urteko ibilbidea egin ostean, Enrike Solinisek eta Miren Zeberiok Erlea argitaletxe independentea sortu dute, «militantzia kulturalagatik», esan zutenez. Hiru produkturekin etorri dira Durangora: disko-liburu bat (‘Subh’, Erdi Aroan bahitutako emakume baskoi baten benetako istorioa; Al-Andaluseko erreginaordea izatera iritsi zen), ipuin musikatu bat (‘Euskelelea’) eta, horrekin batera, instrumentu ‘berri’ bat, ‘euskelele’ izenekoa.

Chill Mafia-ko partaide bat ondoko standean ‘euskelelea’ jotzen ari zen bitartean, Solinisek asmakari horren sorreraren ingurukoak argitu zizkigun: «Lekuz leku joan den gitarra antzeko bat da eta Hawaiira iristean ‘ukelele’ izena jarri zioten, baina beste izen bat zuen lehenago: ‘gitarriko’, ‘tabarriko’...». Erleak ‘euskeleleak’ asmatu ditu, eskuz egindako pala itxurako ukeleleak, alegia, artisau eran kolore biziz margotutakoak. Ederrak dira, bitxiak.

«Pertsonalizatuta daude eta onak dira», azaldu zuen. Azokara ekarri zituzten guztiak, hamar bat inguru, ziztu bizian saldu dira, nahiz eta merkeak ez izan (250 eta 300 euro bitartean).

Musika munduan jarraituta, klasikotik kabaretera. Eduardo Gaviña, alegia, Yogurinha Borovaren alter egoa, aktorea, show womana eta kabaretaria da, eta haurrei zuzendutako lanak baino ez ditu egiten azkenaldian. Baga Bigaren erakusmahaian atentzioa ematen du, gorpuzten duen pertsonaia ez baita arrunta. Koloretsua, alaia eta maitagarria da, inondik ere. ‘Amona molona’ diskoarekin etorri da Durangora. Asteazkenean aurkeztu zuen diskoa zuzenean Ahotsenean: «Irekiera egunean bi taldek bete zuten Plateruena, Nogelek eta nik. Erabateko playbackean kantatu nuen, baina energia beteaz», esan zuen pozarren. Kontzertuan pasatu zituen nerbioen ostean, lasaiago hartu zuen atzoko eguna. «Dislexikoa, autonomoa, trabestia eta euskaldun berria naiz, atera kontuak. Nire bizitza ez da erraza», gehitu zuen umorez. ‘Amona molona’ zer dela eta? «Bilboko Alde Zaharrean egun batean ama bat etorri zitzaidan eta haurrak nire kantak eskatzen zizkiola esan zidan, zera esanez, ‘amona molona’-ren kantak nahi zituela. Oso polita iruditu zitzaidan, nik 54 urte ditudalako, eta trabesti bezala zahartzea ere ondo dago, nire simaur guztiekin baina molona izaten jarraitzen dudalako».

Diskoak dakartzan hiru kanta berriren artean ‘Zaintzaren dantza’ dago, egun prestatzen ari den ikuskizun baten izenburua izango dena. Otsailaren 4an aurkeztuko dute Bilbo Alondegian eta, noski, gaztetxoei zuzenduta dago.