NAIZ

Bigarren zatian zorrotzago arituta batu dute bigarren puntua Peio Etxeberriak eta Zabaletak

Peio Etxeberriak eta Zabaletak espero baino gehiago sufritu dute Laso eta Arangurenen aurka partidaren lehen erdian. Baikokoek bost tantoko abantaila ere izan dute eta 12-11 irabazten joan dira lehen atsedenaldi luzera. Hortik bueltan, urdinek 9 tanto segidan eginda bideratu dute garaipena.

Peio Etxeberria, pilota bat eramaten, Labrit pilotalekuan.
Peio Etxeberria, pilota bat eramaten, Labrit pilotalekuan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

«Iruditzen zait azken bi partidatan bikote ona osatu dugula, sendoa, eta horrela jarraitu behar dugu», adierazi du Jose Javier Zabaletak, Binakako txapelketako bigarren puntua erreskadan batu ostean. Aipatu bikote sendoa, baina, partidaren bigarren zatian atera zuten Peio Etxeberriak eta Etxarrengo atzelariak, lehen erdian Lasok eta Arangurenek orain arteko bertsiorik onenarekin ezustean hartu baitute Aspeko bikotea.

Markagailuan 0-1 aurreratu dira urdinak, baina segituan hartu dute aurrea gorriek, eta lehen zatiko zenbait unetan agintzen ere izan dira. Peio Etxeberriari kosta egin zaio tantoak bukatzea eta Laso zein Aranguren sasoiko agertu dira. Oso sendo aginagarra, atzean, eta oso fin Laso, zinez lagunkoi, bere atzelariari ere konfiantza helaraziz.

Hain zuzen ere, konfiantza beharrean zeuden gorriak, asteazkenean, Beotibarren, beste porrot bat jaso ostean. Gainera, oso deseroso agertu zen Aranguren, eta egoera horri buelta eman dio Labriten, Zabaleta bezalako atzelari bat aurrean zuela. Ez da kikildu eta sotamanoz erraztasunez aritu da, hutsik egin gabe, Lasoren zaindari.

Markagailuan 5-1 aurreratu dira, Etxeberria eta Zabaleta oraindik ere itzartzeke zeudela. Etxarrengoari kosta egin zaio partidan sartzea eta lehen erdian lau pilota galdu ditu. Etxeberria, bestalde, zenbait tantotan bizkor ibili bada ere, zorroztasun aldetik eskas agertu da eta 7 pilota galdu ditu. Hala, gorriek 10-5eko abantaila ere izan dute, baina alde hori ez da nahikoa izan eraberritutako Labritera hurbildu direnen artean apustuak gorrien alde jartzeko.

Gutxika-gutxika, akidurak bere efektua egin du bikote gorrian –Lasoren bigarren partida zen, sei hilabetez kantxetatik at egon ostean– eta urdinek behetik gora egin dute. 1-5eko partzialarekin, partida estutu dute atsedenaldiaren aurretik, nahiz eta gorrientzat izan zen 12. tantoa.

Urdinen erreakzioa

Aldageletatik bueltan, urdinek bete-betean asmatu dute pilotakada bakoitzean eta kasik bikaintasunez aritu dira. Hain bikain, non 9 tanto jarraian eginda 12-20 jarri diren aurretik, neurketa erabat bideratuta.

Laso eta Aranguren erabat akituta agertu dira, nahiz eta zenbait tanto gogor lehiatzeko gai izan diren. Baikoko aurrelaria saiatu da bere bikoteari atseden ematen, urdinek esfortzu handia eskatu baitiote. Zorroztasunarekin aritu da Peio Etxeberria, egungo Lau eta Erdiko txapeldunordea, eta Zabaletak bere dohain guztiak atera ditu, atzeko koadroetan zein aurrekoetan, Lasok hala exijitu duenean.

Tantoak egiteko parada ere izan du Etxarrengoak. 12-16ko dejada izan da horren eredu, eta 12-19koan, bere bosgarren tantoa egin zuen. «Bigarren zatian lasaitu eta erosoago aritu naiz kantxan», onartu du Jose Javier Zabaletak, ETBko kameren aurrean.

Bitartean, Lasoren hutsegiteak ere nabarmenagoak izan dira, arriskatzeko joera hartu baitu, baina nekeak fintasuna murriztu dio, zenbait pilota txapapera jaurtita.

Etxeberriak ere opari bat egin du, bigarren zatian gorrien lehen tantoa izan dena, baina Lasok beste opari batekin erantzun du(13-21) eta urdinen 22. tantoa ere Bizkarreta-Gerediaingoak txapara botatako pilotaren ondotik iritsi da. Hala, Lasok 8 pilota galduta bukatu du neurketa. Estatistika honek nafarraren jarduna belztu badezake ere, sekulako hobekuntza erakutsi du bere bigarren partidan.

Punturik gabe daude Laso eta Aranguren, eta bigarren puntua batu zuten Peio Etxeberriak eta Zabaletak, puntu garrantzitsua hurrengo asteburuan Elordi-Rezusta liderren aurka konfiantzaz beteta jokatzeko. «Duela bi aste nola hasi ginen ikusita, orain bi punturekin egotea pozik egoteko modukoa da», onartu du Zabaletak.

Fitxa teknikoa:

Laso-Aranguren: 13

P. Etxeberria-Zabaleta: 22

Pilotakadak: 601. Iraupena: 71:02 minutu. Markagailua: 0-1, 2-1, 5-1, 5-2, 6-2, 6-3, 6-4, 6-5, 7-4, 8-4, 9-4, 9-5, 10-5, 11-7, 11-10, 11-11, 12-11, 12-12, 12-13, 12-20, 13-20, 13-21, 13-22. Sakeak: 0 Lasok eta 1 Peio Etxeberriak. Egindakoak: 2 Lasok eta 0 Arangurenek; 6 Peio Etxeberriak eta 5 Zabaletak. Galdutakoak: 48 Lasok eta 3 Arangurenek; 7 Peio Etxeberriak eta 4 Zabaletak. Gorabeherak: Eraberritutako Labriten jokatu zen Binakako txapelketako hirugarren jardunaldia, harmailetan giro ederra zela. Tartean, Carlota Ciganda golf jokalaria ere izan zen.