Arnaitz Gorriti

Bilbao Basketek garesti ordaindu du Breogan irabazteko aukerekin iristen utzi izana

Beltzezko gizonak 13 puntuko aldeaz aurretik izan dira lehenengo minutuetan, baina 17 baloi galdu dituzte eta Lugoko taldeari partidan mantentzen laga diote. Breoganek azken hamar minutuetan 15-27ko partziala erdietsita eman dio buelta norgehiagokari.

Anderson Sacha Killeya-Jonesen aurrean saskira begira. Hegalekoa zital aritu da azken minutuetan.
Anderson Sacha Killeya-Jonesen aurrean saskira begira. Hegalekoa zital aritu da azken minutuetan. (A. ARRIZABALAGA | ACB PHOTO)

SURNE BILBAO BASKET 68 - RIO BREOGAN 76

Futbolean oso ohikoa da esatea aurkariaren ate aurrean barkatzen duen horrek gero garesti ordaintzen duela. Bada, antzekoa esan dakioke Bilbao Basketek Lugoko Breoganen aurka jokatu duen partidari buruz ere. Bizkaitarrak askoz hobeto hasi dira eta 13 puntuko aldea ere izan dute, baina batetik, 17 baloi galdu ditu Jaume Ponsarnauren taldeak eta bestetik, 32 hirukotik 11 baino ez ditu saskiratu.

Aitzitik, talde galiziarrak behetik gorantz egin du eta beltzezko gizonen ihesaldi saiakerei eusteaz gain, azken laurdenean eztena sartu dio: 15-27ko partziala eta hirukoz josita, partida Lugorantz eraman dute Momirov, Jogela eta Andersonen bitartez –26 saiakeratik 10 hiruko sartu dituzte, erdia azken laurdenean–, eta jaurtiketa libreetan ere finago aritu dira baloiak gehien erretzen zuenean. Ondorioz, Breoganek sailkapeneko zulotik apur bat ateratzea lortu du eta Bilbao Basketek, aldiz, ezin lehiaketako zortzi onenen artera hurbildu.

Aukera pasatzen utzi

Nahiz eta saskiari begira finegi ez dioten ekin bilbotarrek, partida hastapen ezin hobea izan dute. Lugoko taldea Bilbao Basket baino are kamutsago aritu da erasoan eta puntuak, tantaka izan badira ere, 18-7 aurreratu arte iritsi dira Bilbao Basketen zakura, aurreneko zazpi saskiratzeak zazpi jokalari ezberdinek sartu eta gero. zortzigarrenean, Adam Smith izan da, markagailua 20-7 jartzeko.

Bilbao Basketen defentsa zorrotza baino gehiago, zentzuzkoa izan da. Breoganek baloia ongi mugitu ohi du, nahiz eta beti ez diren oso finak saskiari begira. Nolanahi, Rudan eta Fernandez sartuz geroztik saskirako bidea errazago aurkitu dute galiziarrek eta 22-13an laga dute aurreneko laurdena.

Hurrengo hamar minutuak ez dira hain oparoak izan. Lehenengo laurdenean ez bezala, errebotean ez dira horren nagusi izan beltzezko gizonak eta, aldiz, Breoganek Albert Venturaren puntuak aurkitu ditu etxekoen abantaila murrizten hasteko. Horrez gain, Bilbao Basketek are eta fintasun gutxiago erakutsi du erasoan eta, bada, Lugoko taldea gainera etorri zaio 2-9ko partziala lortu eta gero: 24-22.

Xavi Rabasedaren hiruko batek eten du bilbotarren erasoko agorraldi hori, baina Breogan martxa hartuta egon da ordurako eta Sajus eta Momiroven bitartez 27na berdindu du kanpoko taldeak.

Zorionez, galiziarrek ez diote bueltarik eman markagailuari eta Adam Smithen lau puntuko jokaldi baten ostean, berriz ere aldea ireki dute bizkaitarrek asko izan ez bada ere. Are gehiago, Adam Smithi berari ostutako baloi bat bikain baliatu du Breoganek kontraerasoan 34-31 hurbiltzeko, aurreneko 20 minutuak amaitzear direla. Bilbao Basketek abantaila handiagoa lortzeko abagunea galdu dute aurreneko erdi horretan, 10 baloi galdu dituztelako batik bat.

Nola sufritzen jakin

Mesede egin dio, nonbait, Bilbao Basketi aldageletako atsedenak eta Jaume Ponsarnauren agindu sortak, Sacha Killeya-Jones pibotari bereziki, bere eskutik eta Denzel anderssonek ere eskuratu dituen puntuei esker etxeko taldeak berriz ere hanka egiteko ahalegina egin baitu. Nolanahi, Momiroven eskutik Breoganek ere atsedenalditik erne itzuli dela erakutsi du.

Aurrenekio bi laurdenetan baino askoz eraso gehiago bideratu ditu Bilbao Basketek uztaipera eta Killeya-Jonesek bikain baliatu ditu aukeran izan dituen baloi horiek. Alabaina, talde galiziarrak defentsa apur bat estutu du eta baloi pare bat berreskuratu dituelako, ez dio alderik hartzen laga Jaume Ponsarnauren taldeari: 46-39tik 46-43ra aitaren batean, eta etxekoen entrenatzaileak hutsartea eskatu behar.

Batak tira eta besteak eutsi, azken hamar minutuak jokatzeke eta ezin ezer erabaki: 53-49, hirugarren laurdeneko azken bi jokaldietan Breoganek berriz ere Bilbao Basketen ihes egiteko nahiari oztopoa jarri eta gero. Are gehiago Anderson eta Sergi Quintelaren bitartez bisitariek 55na berdindu dutenean.

Baina hurrengo erasoan berriz ere baloia galdu du Bilbao Basketek eta orduan, bai, orduan lehenengo aldiz aurretik jartzea llrtu du Galiziako taldeak, Momirovek hirukoa sartuta, 2-9ko partziala ezarri ostean.

Hirukoak garairik txarrenean

Estuasunak eta larritasunak beste behin beltzezko gizonentzat. Breoganen defentsa asko zorroztu da gainera eta bizkaitarren erasoaldi bakoitza, berriz, kamustu. Denzel Andersson hegal-pibot suediarrari ere falta teknikoa adierazi diote gainera, eta bat batean, 55-60 atzetik bere burua ikustea oso maldan gora egin zaio Bilbao Basketi.

Sajus lituaniarrak 55-61ekoa jarri ostean, 2-12ko partziala, Denzel Andersson berak apurtu du etxekoen puntu gabezia hiruko batekin, Bilbao Arenako zaleen zorionerako; are gehiago poztu dira Sacha Killeya-Jonesek kontraerasoan 60-61ekoa sartu duenean. Halakoren baten, piztu da etxeko taldea ere.

Alabaina, Breoganek irabazteko aukera ez du edonola pasatzen utzi nahi izan eta Jogelak zein Andersonek hirukoz hiruko erantzun dute. Lituaniarrak bi jaurtiketa kateatu ditu eta markagailua 65-71ra luzatu du talde galiziarrak.

Neurketa ezin zuzendu eta okerragoa dena, erabat petraldu zaie etxekoei, Fernandezek Adam Smithi segidan bi txapel jarri eta Andersonen beste hiruko baten neurketa 65-74 jarri duenean 58 segundoren faltan. Adam Smithek ia zortzi metrotik erantzun du, baina behin bakarrik, eta Lugoko Fernandez pibot argentinarrak txapelak jartzen trebea dela erakutsi du. Azkenean, Sergi Quintelak jarri dio errematea neurketari. Bilbao Basketek izan du aldea atera eta bere seigarren garaipena lortzeko aukera, baina 17 baloi galdu ditu eta bizi apur bat eman dio Breogani, eta honek ez du barkatu.

FITXA TEKNIKOA

BILBAO BASKET: Alex Renfroe (2), Adam Smith (12), Xavi Rabaseda (6), Denzel Andersson (12) eta Sacha Killeya-Jones (11) –hasierako bostekoa–, Melwin Pantzar (8), Thijs De Ridder (2), Kristian Kullamae (3), Alex Reyes (6) eta Georgios Tsalmpouris (4).

BREOGAN: Frankamp (7), Sajus (5), Momirov (14), Anderson (12) eta Polite –hasierako bostekoa–, Jogela (9), Ventura (7), Fernandez (6), Sergi Quintela (8), Rudan (6) eta Erik Quintela.

Epaileak: Peruga, Araña eta Baena. Fernandez Lugoko jokalariari, baita Denzel Andersson, etxekoari ere, falta teknikoa adierazi diote. Egotzitakorik gabe.

Partzialak: 22-13, 12-18, 19-18, 15-27.