NAIZ

Binakako txapelketan luxuzko gonbidatu bat: Kazuya Hiraide alpinista japoniarra

Kazuda Hiraide alpinista japoniarra Bilbon da egunotan, Mendi Film jaialdiaren aitzakipean. Euskal Herrian egiten ari den egonaldiaren baitan, Binakako txapelketako partida bat bertatik bertara ikusi nahi izan du, Bizkaia pilotalekuan, Elezkano II.a-Martija eta Jaka-Mariezkurrenaren artekoa.

Kazuya Hiraide alpinista japoniarra eta bere familia, Binakako txapelketako pilota partida ikusten, Bilbon.
Kazuya Hiraide alpinista japoniarra eta bere familia, Binakako txapelketako pilota partida ikusten, Bilbon. (EITB)

Pilotalekuetan ohikoa da zenbait pertsona famatu ikustea, izan artistak, kirolariak, kulturgileak... Larunbatean, Iruñeko Labriten, Carlota Ciganda golflari nafarra egon zen, Peio Etxeberria eta Zabaletaren bigarren garaipena bertatik bertara ikusten, Laso eta Arangurenen aurka.

Bada, igande honetan, Bilboko Bizkaia pilotalekuan luxuzko gonbidatu batek bereganatu ditu fokuak: Kazuya Hiraide alpinista japoniarrak, hain zuzen ere. Euskal Herrian dabil egunotan, Mendi Film jaialdiaren aitzakipean.

‘Rope’ dokumentala (Moe Wada zuzendariarena) aurkeztera etorri da japoniarra, hiru aldiz Urrezko Pioletaren irabazlea. Kenro Nakajima alpinistarekin batera, Tirich Mir eskalatu zuten, oxigeno artifizialik eta euskarri handirik gabe. Inork ez du ibilbide hori lehenago eskalatu. 6 egun eta 6 gaueko borroka gogor bat jasotzen du aipatu luzemetraiak.

Jaialdiaz atseden pixka bat hartzeko, Binakako txapelketako pilota partida ikustera gerturatu da Hiraide, bere familiarekin batera, EITBko kamerek erakutsi duten moduan.

Jabi Baraiazarra Mendi Film festibaleko zuzendariak hitza hartu du ETB1eko kameren aurrean eta azaldu du pilota partidaz disfrutatzen zebilela: «Kazuya alpinista da, baina atletismo mundutik zetorren, eta ikusi du pilota oso kirol klasikoa eta oso herrikoia dela, ikusten dela ze lotura dagoen ikuslego eta kirolaren artean». «Estimatzen dute gure kultura», ziurtatu du Baraiazarrak. 

Euskal Herriarekin lotura estua dauka Hiraidek, ez baita lehen aldia hemen dela. Gainera, euskal marka bat da bere babeslea, Ternua, hain zuzen ere.