Ordiziak ezin izan du punturik lortu Sevillan eta denboraldiko bosgarren porrota jaso du sei jardunalditan. Zerbait ateratzeko aukera gertu izan dute, baina bigarren zatian ihes egin die aukerak.
Goierriko taldea 10 eta 16 irabazten joan da aldageletara lehen zatian. Alex Saletak txartel gorria ikusi du, eta bat gutxiagorekin aritu diren arren, markagailuan aurretik jarri dira. Lander Mujikak egin du entsegua eta Matias Jabasek hankarekin lortu ditu gainontzeko puntu guztiak.
Bigarren zatian, aldiz, etxekoak nagusi izan dira. Bi entsegu lortu dituzte hamabost minututan eta markagailua irauli dute. Matias Jabasek zigor kolpe bat gauzatu du partida amaieran, baina Cienciasek beste entsegu bat eginez amaitu du norgehiagoka (29-19).
Ordiziak garaipen bakarra eskuratu du liga hasiera honetan ,eta sei jardunaldi jokatu ondoren, Ohorezko Mailako azken postura erori da Pozuelok bere partida irabazi ondoren.
Avironen berdinketa Irlandan eta Biarritzen porrota etxean
Bestalde, Baionako Avironek berdinketa bat lortu zuen larunbatean Irlandan. Champions Cup txapelketaren baitan Munster taldeari egin zioten bisita. Europa mailako kluben arteko lehiaketa nagusia da eta lehen partida izan zen Avironentzat. Munster, berriz, talde indartsuenetako bat da. Horregatik, poztasun handiarekin ospatu zuten azken unean lortutako berdinketa (17-17).
Biarritzek, ostera, galdu egin zuen ostiral iluntzean Agileran jokatutako partida (17-20). Lapurtarren laugarren porrota da jarraian eta jaitsiera postuetatik bi puntutara geratu dira Pro D2 ligan.