Joan den astean Zornotzako hilerrian topatutako hobian egindako desobiratze lanetan 51 gorpuzki aurkitu dituzte, 1936ko gerrako gudari eta milizianoenak. Asteartean jakitera eman zuten 25 bat zirela ordura arte aurkitutakoak, baina seguruenik gehiago aurkituko zituztela, eta horrela izan da. Gogora Institututik DNA lagina aurkeztea eskatu diete Zornotza inguruan desagertu zela uste duten senideren bat dutenei, gorpuen identifikazioa errazte aldera.
Desobiratze lanak hilerriko eremu zehatz batean egin dituzte Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek, dokumentazio historikoaren arabera, bertan gerran hildako pertsonak zeudelako lurperatuta. Esku-hartze hori Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Aranzadirekin duen ‘Gerra Zibileko Desagertuak Bilatzeko’ programaren baitan dago. Identifikazio genetikoa EHUko Biomics laborategiarekin egiten dituzte.
Hobi desberdinak aurkitu zituzten Zornotzako hilerrian. Gudari eta milizianoak ziren denak, jantziei erreparatuta adituek ondoriztatu zutenez, eta gizon gazteak ziren asteartera arte aurkitutakoak, Lourdes Herrasti Aranzadiko antropologoaren arabera. Halaber, bi identifikazio txapa ere aurkitu zituzten.
Zientzia Elkarteko adituen arabera, hipotesi nagusia da Zornotzatik gertu izandako gerra fronteetan hildakoenak direla gorpuzkiak, adibidez Bizkargin, baita Zornotzako ospitale militarrean hildakoak ere.
Identifikazioa
Gogora Institutuak 300 hildakotik gora ditu erregistratuta, ezaugarri hauekin bat datozenak. Hala eta guztiz ere, gorpuak desobiratzean lortutako informazioa dokumentu eta artxibo iturriekin alderatzeak ahalbidetuko du identifikazioa mugatzea eta zuzentzea, biktima horien senide posibleekin harremanetan jarrita. Alderatzeko DNA lagina eman nahi dutenei harremanetan jartzeko deia egin diete, gogora@euskadi.eus helbide elektronikoaren bidez edo 944032845 telefonora deituta.