NAIZ

Bilbao Basketek Europako lidergoa du helburu Oporton eta Baskoniak Palentzia jasoko du Ligan

Txapelketa ezberdinak jokatuko dituzte bi euskal taldeek astearte honetan. Bilbotarrek FIBA Europe Cupeko jardunaldia Portugalen duten bitartean, gasteiztarrek ACB Liga dute etxean, krisi handi batetik datorren aurkari batekin.

Bilbao Basketek lidertza nahi du FIBA Europe Cupeko K multzoan.
Bilbao Basketek lidertza nahi du FIBA Europe Cupeko K multzoan. (Oskar MATXIN | FOKU)

Txapelketa ezberdinak, baina helburu bera: garaipena lortzea. Hala aterako dira pistara, astearte honetan, Surne Bilbao Basket FIBA Europe Cup txapelketan eta Baskonia ACB Ligan.

Surne Bilbao Basketi dagokionez, aukera bikaina du partida bakarrean bi helburu betetzeko. Bilbotarrek Oporto bisitatuko dute (Dragao Arena, 21.00, ETB4), FIBA Europe Cup txapelketako K Multzoko liderra, eta bertan ACB Ligan jasotako azken porrotetik altxa eta Europan lidergoa eskuratzeko borrokatuko dira.

Ibilbide bikaina daramate Jaume Ponsarnauren jokalariek Europan, zazpi neurketetan beste hainbat garaipen lortu baitituzte. Baina aurkari gogorra izango dute aurrean astearte honetan. Portugaldarrak lehen faseko bigarren sailkaturik txarrena bezala iritsi dira bigarren fase honetara, baina lehenengo jardunaldian ustekabeko garaipena lortu zuten Bulgarian Balkan Botevgraden aurka (63-88), eta horregatik dira liderrak, Bilbao Basketekin batera.

Bulgarian jokatutako partida horretan, nagusi izan ziren Cleveland Melvin (26 puntu, 12 errebote eta 26ko balorazio), Aaron Harrison (16 puntu) edota Tanner Omlid (11 puntu eta 5 errebote). Bide onean aritu ziren ere Charlon Kloof eta Miguel Queiroz (8 puntu eta 9 errebote).

Ez da oso atzera joan behar Oporto eta Bilbao Basketen arteko lehia bat ikusteko. Iragan udaran, denboraldiaurrean, izan zen, Paredes International Cup izeneko txapelketan. Bertan bizkaitarrek eraman zuten garaipena (71-72) Kristian Kullamae (16 puntu) eta oraindik baja izango den un Tryggvi Hlinason (15 puntu) jokalarien lanari esker.

Jaume Ponsarnauren iritziz, «egoera gainditu» behar du bere taldeak larunbatean Breoganen aurka galdu ostean. «Partida garrantzitsua zen eta aukera galdu genuen. Oporto aurkari oso exijentea da, txapelketa honetako onenetarikoa, eta oso ondo egon beharko dugu», adierazi du atarikoan.

Astearte honetan garaipen bat lortuta, final-laurdenetan egoteko «pauso handia» izango litzatekeela onartu du Ponsarnauk. «Sari handia duen partida bat da, baina oraindik asko falta dira eta jardunaldi bakoitzean exijitu behar diogu gure buruari», azpimarratu du.

Nekea, Baskoniaren aurkari handiena?

Baskoniak dinamika ona hartu du eta bihar krisi handi batean murgilduta dagoen Palentzia jasoko du (20.30). Marco Justo entrenatzailea kanporatu ostean, baskoniarren aurkariak oraindik ez du prestatzaile berria nor izango den ezagutzen. Bi talde hauek txapelketa ofizial batean elkarren kontra arituko diren lehenengo aldia izango da.

Dusko Ivanovicen taldeak laugarren partida jokatuko du zortzi egunetan. Hiru garaipen jarraian lortu dituzte –bi Euroligan eta bestea Ligan–, eta Kopan aritzea hauen eskutan dago.

Matt Costellok ezin izango du jokatu, orkatila bihurritua baitu. Hala ere, faktore garrantzitsuagoa nekea izan daiteke. Jokalariek nola errekuperatu duten ikustea berebizikoa izango da.

Aurrean garaipen bakarra duen Palentzia egongo da. Hasiera batean, Alberto Padilla eta Fran Hernandezek hartuko dute taldearen zama bizkarrean entrenatzaile berria ezagutu arte.

Estatistikei dagokienez, Baskoniak 85,2 puntu sartzen ditu batez beste, eta palentziarrek, aldiz, 74,7 puntu. Bakarkako aportazioan, Chima Moneke eta Markus Howard ari dira Baskoniako onenak izaten, eta Palentzian, Anzejs Pasecniks jokalaririk baloraruena da, Vítor Benite puntu gehien sartzen dituena eta 'Chumi' Ortega minutu gehien jokatu dituena.