NAIZ

Zaporeak proiektuak egunero 3.000 errefuxiaturi ematen dio jaten Lesbosen

Dagoeneko 3.000 errefuxiaturi ematen dio egunero jaten Zaporeak proiektuak. Taldeko ordezkariek jakinarazi dute, hala ere, zenbait errefuxiatuk ez duela janaririk eskuratzen. Abendurako egitaraua aurkeztu du elkarteak, elkartasunez beterik.

Zaporeak proiektuak abendurako egitaraua prestatu du, Lesboseko errefuxiatuei laguntzen jarraitzeko.
Zaporeak proiektuak abendurako egitaraua prestatu du, Lesboseko errefuxiatuei laguntzen jarraitzeko. (Iñigo Uriz | FOKU)

Astelehen goiz honetan elikagai kontainer bat kargatu du Zaporeak proiektuak eta Lesboserako norabidean abiatu da. Elikagaien kargatzearen eguna baliatu dute orain arteko datuen balantzea egin eta datozen egunetako egitasmoen berri emateko.

Grezian jarraitzen du Zaporeak proiektuak, eta kontatu dute Lesbosen egunero 3.000 errefuxiaturi jaten ematen jarraitzen dutela, 2015az geroztik, «janari duineko» bi milioi anoa baino gehiago prestatu eta banatu dituztela, eta hori egin ahal izateko 1.500 boluntariok baino gehiagok hartu dutela parte.

Duela zenbait hilabete iragarri zuten astero beraien «mugak gainditzen» ari direla sukaldean, Lesboseko sutegiek sukaldatu dezaketenaren gehienezko gaitasunera iritsi direla, baina oraindik errefuxiatuak elikagairik gabe geratzen direla. Hori dela eta, alternatibetan pentsatzen ari direla aurreratu dute, eta abenduan zehar egingo dituzten ekitaldien berri eman dute.

Abendua elkartasunez beteta


Abendu osoan zehar, ibai ondoko pasealekuan dagoen Gabonetako merkatuan Zaporeak proiektuaren produktu guztiak bilduko dituen kaxeta bat izango dute, eta abenduaren 15ean, ostiralean, «elkartasun eguna» ospatuko dute arratsaldeko 18.00etatik 21.00ak bitarte pintxo-potearekin.

Larunbatean, goizean, Garberan, Ogi Berri eta Zabaletarekin batera, ekitaldi solidario bat egingo dutela jakinarazi dute, «gastronomia eta elkartasuna uztartuz». Abenduaren 19an afari solidarioa egingo dute Union Artesana elkartean, 20.00etan, beste zenbait elkarterekin batera. Besteak beste bertan izango dira Jakitea, Cebanc, Eurotoques, Interlan,Mahaia kolektiboa, Hazi..

Eta urtea amaitzeko, abenduaren 21ean, urtero legez Santo Tomasen izango direla, postua Gipuzkoa plazan izango dute.